Hartzailea galdu dut». 1975eko azaroaren lehena, ordu gutxi batzuk, eta gorpu izango da Pier Paolo Pasolini Ostiako hondartzan, baina hil aurreko azken elkarrizketan horixe du kezka: hartzailea. «Horregatik utzi diot poesia idazteari», dio. «Luzez sinetsi dut nire konfesio eta lekukotzek bazutela hartzaile bat, baina orain ohartu naiz ezetz; lagunekin ez dago poesiaren bidez adierazteko beharrik: existituz adierazten da bat. [...] Poesiak poeta gaixoarekin hitz egiteko gai den gizarte bat behar du. Italian ez dago halako gizarterik». Konstante bat da sorkuntzaren historian hartzailearekiko kezka hori, eta hainbat dira azkenaldian kezka berarekin dabiltzan euskal sortzaileak. Harkaitz Canok azken liburuan: «Irakurleak behar dira, ez idazleak». Ruper Ordorikak Durangon: «Eskaintza handiagoa da eskaria baino». Xabier Montoiak: «Kalitatean irabazi duguna oihartzun sozialean galdu dugu». Maiz azaltzen da galdera: nor dago beste aldean? Unai Elorriaga eta Joxemari Iturralde idazleen, Anari Alberdi eta Joxe Larrañaga musikarien eta Ibon Aranberri artistaren hitzak bildu ditu BERRIAk.
Hiru zertzelada ironikotan deskribatu du egoera Iturraldek: «Orain idazleak badaude (ondo); kritiko literarioak ez daude (baina ez dio inporta); irakurleak ez daude (eta zoritxarrez, asko inporta dio)». Lehen mailako kezka da hartzailearena harentzat. Izan ere, etena igartzen du literaturaren transmisioan, eta idazkera ere moldatu du horregatik. «Irakasle izan naiz luzez, eta egia da asko irakurtzen dela, baina eskolako zirkuituan, irakasleek behartuta. Baina unibertsitatera edo lanera joaten direnean, irakurtzeari utzi egiten diote; eta ez badiote uzten, salto egiten dute gaztelerara». Horregatik estilo aldaketa. «Nire lehen liburuak oso zailak ziren, baina 40 urteren ondoren ikusten duzu belaunaldi gazteek zer irakurtzen duten, edo hobeto esanda, zer ez duten irakurtzen, eta pixka bat hasten zara gauza hauei buruz hausnartzen». Sortzaile orori onartzen dio erabateko askatasuna, baina zabalago hartzen du berak argazkia. «Errespetagarria da, baina ez estrategikoa».
Eta zenbat dira bada euskal irakurleak? Ikerketa zehatzik ez dago. 15.000 eta 20.000 inguru izan daitezkeela kalkulatu zuen orain urte batzuk Harkaitz Zubiri soziologoak, baina datua ez da zehatza. Kontsentsua badago, halere: inoiz baino euskal irakurle gehiago direla ziur. Zergatik? Ba euskal alfabetatzea zabaldu delako. Adibide batez deskribatu du Unai Elorriagak iraganeko basamortua. «Lauaxetak norentzat idatzi zuen ba? Laurentzat!». Igo da irakurle potentzialen kopurua, beraz, baina paretsua da beti portzentajea, Elorriagaren hitzetan. «Gutxi gorabehera normaldu gara, eta halako batean hurbilduko gara beste gizarte batzuetara, eta beste gizarte batzuetan ere argi dago, idazle eta irakurle portzentajea oso txikia da, %20 ingurukoa, eta %20 horren barruan sartzen dira irakurle klase guztiak. Best seller-ak irakurtzen dituztenak eta beste. Literatura guztietan izan dira oso gutxi literatura zehatz baten irakurleak».
Sarearen iraultza
Negarrik ez Elorriagak. Kiroltasunez hartzen du datua, eta Espainiako salmenta datuak aipatzen ditu erreferentziatzat. «Hurbilen ezagutzen dudan kasua hori da, hango argitaletxe handi batean egon naizelako eta inguruko idazleak ezagutzen ditudalako. Idazle onak, saridunak, ezagunak, eta gero zifrak ikusten dituzu eta saltzen dituzte 5.000 edo 6.000 ale Espainia eta Hego Amerika osoan. Eta 12.000 ale salduz gero, pozarren urte osorako. Orduan zer nahi dugu guk, euskaldun guztiek irakurtzea? 700.000 bagara, gure liburua 700.000 horiek irakurtzea? Ba ez». Elorriagaren ustez, gainera, dena ez da zenbat, garrantzitsua da nola ere, eta pozik dago horrekin. «Euskal irakurleen kalitatea altua dela argi ikusten da irakurle klubetan». Hartzaile gutxi akaso, baina hartzaile onak ziur aski.
Lauso dira datuak musikaren munduan ere, baina kontsentsua badago: dena irauli du sareak. Orain bost urte laburtu zuen Xabier Montoia musikariak eraldaketa horren eragina Euskal Herrian. «Kalitatean irabazi duguna oihartzun sozialean galdu dugu, proportzio berean. Esate baterako, Euskal Rock Erradikalaren garaiko talde gehienak oso txarrak iruditzen zitzaizkidan, baina jendea mugiarazteko izugarrizko gaitasuna zuten. Hori dena galdu egin da. Lehen industria bat zegoen, orain ez dago. Disko dendak desagertu dira, diskoetxeak ere bai... tira, diskoetxeen horrek ez nau gehiegi kezkatzen, nik ez dut plantorik joko horregatik. Digitalizazioak, Internetek... panorama zeharo aldatu dute».
Industria ahuldu da, guztiak ados, baina horrekin batera sorkuntza ere demokratizatu da, eta lausotu egin ditu horrek sortzailearen eta hartzailearen arteko mugak. Kexua ere aditu die horregatik inoiz Anari Alberdik musikari kide batzuei. «Zenbaitetan entzun diet sortzaileei edozeinek egiten duela disko bat gaur egun, baina norbait den bakoitza edozein izan da noizbait». Durangoko Azokan Hedoi Etxarte idazleak literatur belaunaldien arteko harremanez esandakoa hartu du gogoan musikariak. Etxarte: «Batzuetan, euskal literaturan ez dute seme-alabek aita hil nahi, baizik eta aitak hil nahi ditu seme-alabak». Eta hark literaturan igarritakoa da Alberdik ere musikan igartzen duena.
Puztuta igartzen du eszena. Puztuta, baina ez musikariz, baizik eta marketinez. «Marketinaren aroa da», dio. «Jendeak fede handiegia dio marketinari, baina jendea ez da hola eta hola manipulatzen. Jendeari ez eman ez dakit zenbat argazki, marketin eta propaganda; eman abesti bat. Horri jarraituko dio edo ez, baina zuk hor ezin duzu eragin. Inork ezin du eragin». Azkenaldiko adibide bat jarri du froga gisa: J P Lohian & Klonen Klana. «J P Lohianek ez du ia promorik egin. Eta bihar bertan kontzertu bat emango balu Kafe Antzokian, jendea kanpoan geratuko litzateke. Hori kantuak bakarrik egin lezake».
Jarrera ekologikoa
Norentzat sortu, beraz. Hartu Akauzazte taldekoen kasua: alde izan dute kritika beti, baina ia 25 urte eta bost diskoko ibilbidea daramate publiko minoritario baten aurrean; frustrazio tantarik txikiena ere ez, ordea, Joxe Larrañagaren ahotsean. «Zenbat? Guk ez diogu garrantzirik ematen horri, gaudenekin gustura egotea da gakoa». Eta ez da posea. Publikoaren ekologismo moduko batez mintzo da. «Egiten duguna guri gustatzea da lehena, eta bigarrena da entzuten gaituztenek gurekin disfrutatzea. Entzuleak gutxi baldin badira, berdin zaigu, eta asko baldin badira... ba... esan behar nuen asko baldin badira hobeto dela, baina ez. Kopuru handiek presioa sortzen diote sortzaileari. Kopuru txikian, harremana zuzenagoa da eta lasaiago bizi zara. Kopuru handiagoetan hedabideak sartzen dira, gehiago azaltzen zara, eta sortzen da presio bat, beharbada zure nortasuna alda dezakeena. Beharbada hasten zara sormenari eta harreman zuzenari baino garrantzi handiagoa ematen beste gauza batzuei».
Ez da soilik sorkuntza. Azkoitiko Matadeixeko kontzertuak antolatzen ere aritzen da Larrañaga, eta aldaketa igarri du han. «Orain 20 urte jendea kontzertuetara joaten zen festara joaten zen moduan. Zer zegoen ikustera. Tabernetan egon beharrean, kontzertua ikustera joaten zen. Gaur egun, interes hori galdu egin da. Orain, kontzertuetara mugitzen den jendea betiko jendea da; argi ikusten dut nik hori Azkoitian. Hori bai, etortzen den betiko jende hori oso jende interesatua da. Guk antolatzen ditugun kontzertu motetan behintzat».
Ekologismo moduko horretaz mintzo da Ibon Aranberri artista ere. Kontua ez baita soilik nor den hartzailea, baizik eta baita hartzaileak zer hartzen duen ere. Prado museoa da orain aitzakia. Izan ere, noizbehinka Velazquezen Meninak koadroa estaltzeko tentazioa izaten zuela aitortu zuen Miguel Zugaza Madrilgo Prado museoko zuzendariak orain hilabete batzuk. Zergatik? Ba, Meninak bakarrik ikustera joaten zirenei koadro gehiago ere badaudela ikusarazteko. Aranberriren hitzak orain: «Turismoaren gizartean modu erritualizatuan sustatzen da esperientzia estetikoa. Erakunde publiko eta industria kulturalak erabiltzaile nortasun batera bideratzen dute herritarra, maila sinbolikora murriztuz artearen konplexutasuna. Kontsumoaren logika horrek desaktibatutako artefaktu kultural gisa barneratuko du keinu artistikoa». Eta hor ekologismoa. «Hortik ateratzeko bidea zein den ez dakit, hasteko, oraingo politika kultural hegemonikoak zalantzan jartzea eta eskala txikiko proiektu eraginkorrak babestea».
Zertarakoa
Argia da Aranberriren diagnosia: «Gizartea hobetzeko misioa jarri dio sozialdemokraziak arteari. Baina aro kapitalistan, merkatuak jan du sorkuntza, bizitzaren gainontzeko alorrak jan dituen bezala, eta artelanak merkantziabilakatu dira». Norentzat aritu baino gehiago, zertarako aritu da haren kezka, beraz. Artearen funtzioa. Artistarena. «Artea praktika bat da, eta neurri horretan, haren jardunak izan dezake dimentsio publiko bat bere barruan. Eta, beraz, bere ahalmena ez legoke hainbeste zirkulazioak edo ustezko hartzailearen esperientzian, praktikak bere horretan duen baldintza eraldatzailean baizik». Hots: gakoa ez direla Pasoliniren poemak edo poemak norentzat ziren, baizik eta Pasoliniren poemak idazteko ekintza bera, eta hura irakurtzekoa.
NOR DAGO BESTE ALDEAN?
Sorkuntza artistikoaren konstanteetariko bat da hartzailearekiko kezka, eta azkenaldian asko dira gai horri buruz mintzo diren euskal sortzaileak. Kezka horri buruz galdetu die BERRIAk Unai Elorriaga eta Joxe Mari Iturralde idazleei, Anari eta Joxe Larrañaga musikariei eta Ibon Aranberri artistari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu