Nor bere margolanen gainean paseatzea

Carmelo Ortiz de Elgea margolariaren lau hamarkadako ibilbidea biltzen duen atzera begirakoa antolatu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Artistaren eboluzio eta obsesioak ikus daitezke bertan

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Ez zait errepikapena gustatzen». Umetan akuarela batzuk jaso, eta bere kasa ikasi zuen margotzen; 1960ko hamarkadan, Arabako Orain taldea bultzatu zuen, eta Euskal Herriko artista nabarmenetariko bat da egun, baina naturaren etengabeko aldaketak harrapatzea izan du beti amets Carmelo Ortiz de Elgeak (Gasteiz, 1944), eta horregatik aldatu du bere pintatzeko era. «Sorpresa bilatu dut beti. Ez ideia bat eduki eta hura islatzea, baizik eta margotu ahala sortzen dena harrapatzea. Horregatik egin ditut hainbeste estilo aldaketa. Gauza berriak bilatzeagatik; oihalean sorpresa topatzeagatik». Sortzailearen lau hamarkadako ibilbidea laburbiltzen duen atzera begirakoa eskaini dio orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta neurri handiko 50 pieza hautatu dituzte. Estilo aldaketak gorabehera, handia da paisaiak duen pisua. Javier Viar museoko zuzendariak egin ditu komisario lanak, eta urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik.

Aurrez ere eskainia zion atzera begirako bat museoak: 1984an. Eta Paisaiatik paisaiara deitu zuen ordukoa sortzaileak. Ume zela paisaiak margotzen hasi zen, baina hainbat abangoardiako estilo probatu ostean, krisi sasoi batera heldu zen 80ko hamarkadan. Eta, hain justu ere, fase horren ostean egin zuen atzera begirakoa. Viar komisarioak azaldu duenez, haurtzaroan egindako margolanetan topatu zuen zulotik ateratzeko modua. «Ezkutatuak zituen umetan egindako koadroak aurkitu, eta inpresio handia egin zion abandonatua zuen paisaia harekin topo egiteak». Horregatik itzuli zen paisaiara, eta hortik dator, beraz, 1984ko erakusketari jarritako titulua ere.

«Natura da nire pinturaren motor nagusia», aitortu du orain artistak. «Naturan besteko aberastasunik ez dut beste inon ikusten, eta ezta han besteko ideiarik eta aldaketarik ere. Natura oso bortitza da. Interesatzen zait naturaren aurpegi latz, gordin eta ikaragarri hori. Dramatismo hori. Oso sakonera heltzen zait». Eta sorpresaz hartu ditu, orain ere, museoan zintzilik ikusi dituen lan batzuk. «Urteak neramatzan obra horietariko asko ikusi gabe, eta sorpresa hartu dut, bizirik igarri ditudalako, arnasten».

Aurten egindako lanak ere ikus daitezke erakusketan, eta erdi kronologikoki ordenatu ditu sei atalak Viar komisarioak, baina salbuespen bat egin du. Azkenerako gorde ditu artistaren gaztaroko margolanak, publikoa nahas zezaketelakoan, eta 1968ko lan sorta batekin abiatzen da horregatik ibilbidea: margolariaren sasoirik askeenetariko batekin. 70eko hamarkadako margolan koloretsu eta ia-ia abstraktuak biltzen ditu bigarren aretoak, eta 80ko hamarkadan izandako krisi ostekoak daude hirugarrenean. Negu giroko baso bat ikus daiteke haietariko batean, adibidez; biluzik adarrak, kolore gorrizta eta zurixkak nagusi, eta pintura orban gorriak ageri dituzten koaderno orri batzuk itsatsita bertan, han-hemenka, urratsak balira bezala. Koadroaren titulua: Animalia zauritua. 1980.

Paisaiaz gainera, giza figurak ere pisu berezia du Ortiz de Elgearen lanean, eta bi gai horiek ia bat egiteraino elkartzen dira erakusketako laugarren atalean. Pertsona basoa zeharkatzen koadroan, esaterako. Tonu beltzak dira bertan nagusi, eta gizon bat ikus daiteke koadro erdialdean, oinez bezala, eta hura ere ilun. Gauak berak irentsi ditu pertsona eta basoa, eta nahasita dirudite zuhaitzen adarrek, eta gizonaren beso eta hankek. Batera kasik; basoa apur bat pertsona balitz bezala, eta pertsona apur bat baso.

Margolanean oinez

Uztartze hori du helburu koadroen neurria hautatzerakoan ere. «Funtsezkoa da niretzat tamaina», azaldu du. Bi metrotik gorakoak dira gehienak zabal, eta baita metro bete baino luzeagoak ere. «Naturaren antza izaten saiatzeagatik da. Zuhaitz bat marrazterakoan, adibidez, ez dut ñimiño irudikatu nahi; kasik-kasik bere dimentsio osoan nahi dut, bere handitasunean». Gustuko du oihalaren txoko guztiak pinturaz betetzea, eta, aitortu duenez, inbidia sentitzen zuen gaztetan, adibidez, Madrilgo Prado museoan Herbehereetako pintoreen koadro txikiak ikusterakoan. «Nola lortzen dute hori guztia hain leku txikian sartzea?».

Handi aritzea da berak maite duena, halere. Dioenez, pabiloi handi batean aritzen da lanean, Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta espazio horrek ere bultzatzen du oihal handiak hautatzera. «Han ezin naiz 30 zentimetroko zerbait egiten jarri; pabiloiak behartzen nau gutxienez hiru metro garai eta bost metro zabal diren lanak egitera. Eta handiagoa egingo banu atetik atera ezingo nukeelako, ze bestela... Niretzat plazer hutsa litzateke frontoi baten paretaren neurriko koadro bat egitea».

Erakusketan bada estudio horixe irudikatzen duen koadro bat: 162 x 324 zentimetro. Furgoneta bat, koadroak eta pintura poteak bertan. Eta margolanaren gainazalean pintorearen oinatzak ikusi daitezke. Oinez ibili da Ortiz de Elgea bere koadro gainean. Baietz dio: «Margotutako estudioan sartu banintz bezala da, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.