«Denborak nor bere lekuan jartzen du».
Esaera inozoa da. Beti iruditu zait seko inozoa.
Ez da denbora, geu jartzen gara marraztu diguten tokian... ondo arduratzen dira hori erakusten. Denborak, asko jota, murriztu egiten du marren arteko hutsunea, minutuz minutu.
Bitxiena da azkenerako mugak ere ez dituzula ikusten, sinetsita zaudela haietara heltzean buelta borondatez hartzen duzula; espazioa horixe dela irensten duzu, murtxikatu gabe: zedarritu dizuten zoko horixe.
Gainera, barkatuko didazu, baina intentzio txarra honetan ere nabari da: ez da mugimendu goxo, malguak onartzen dizkizun lekua... ez. Laukia da eta zuzena; ukituz gero odolustuko zarela ohartarazteko bezain zorrotza.
«Denborak nor bere lekuan jartzen du».
Ez dut esaldi zuriagorik, gezurtiagorik ezagutzen.
Nor bere lekuan jartzen badu... aurrez erabakita zegoen seinale.
Nork, baina?
«Denborak nor bere lekuan harrapatzen du».
Hala behar luke esaldiak. Baina ez da hain biribila. Ez da distiratsua. Zaila da zoko lauki honetatik biribil mintzatzea.
Etsigarriena? Ohartzea ikara gutxiago ematen digula leku zulatzailean eroso etzateak, besterik imajinatzen denbora emateak baino.
MIRA
Nor bere lekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu