Puntua jaurti die Hasier Arraiz politikari ohi eta idazleak aldamenean dituen bi solaskideei: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari eta Goizalde Landabaso idazle eta kazetariari. «Nire asmoa da gaur egun sortzen den kultura aldarrikatzea». Zergatia azaldu du segidan. «Uste dut badagoela euskal idazleen belaunaldi indartsu bat, 1970eko hamarkadan jaiotakoa, literatura garaikidea lantzen ari dena. Baina irudipena dut ainguratuta geratu garela iraganaren nostalgian, eta ez digula gaur egungoa kokatzen uzten». Hilaren 6an aurkeztu zuen Arraizek Maitasun keinu bat besterik ez (Erein) liburua. Politika eta kultura aztertu ditu saiakeran, eta nazio kontakizunaren eraikuntzan kulturak izan dezakeen eraginari buruzko gogoetak bildu ditu. Gaiari buruz hausnartzeko solasaldi sorta antolatu du Arraizek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan. Bilboko Kafe Antzokian izan zuten hitzordua atzo.
Landabasok berehala heldu dio Arraizek jaurtitako ideiari. «Ni ez naiz belaunaldi zalea. Euskal literaturan denak gaude nahastuta, uste dut ezin dugula belaunaldi garaikide hori 1970eko hamarkadara mugatu». Martin Bidaur eta Miren Amuriza idazleak aipatu ditu, tartean. «Beraiekin hitz egiten baduzu, nabaritzen da tradizio kultural antzekoa jaso dugula». Literatura landu du Arraizek liburuan, eta faltak igarri ditu hor Landabasok. «Poesia ez duzu aipatu, adibidez, baina, niretzat, poesia zein narratiba, denak dira sorkuntza, eta hor badaude hainbat idazle oso indartsuak direnak». Castillo Suarez eta Bidaur aipatu ditu tartean. Artista plastikoak aintzat hartu beharra ere azpimarratu du Zupiriak.
«Uste dut ez garela nostalgian bizi, baizik eta nahi eta ezinean: sorkuntzan, kontsumoan zein politikagintzan nabari dut hori». azaldu du sailburuak. «Helburuak jartzen dizkiogu geure buruari, eta, bete ez direla ikustean, berehala hasten gara gure kontra egiten. Ez dugunari begiratzen diogu; hau da, ez duguna bihurtzen da garenaren ispilu, eta ez sortu duguna. Frustrazioa ez da bidaialagun ona». Dimentsioaren aldagaia ere mahaigaineratu du. «Ez dakit kontziente garen gure dimentsioaz. Zilegi da dena nahi izatea, baina ez dakit posiblea den. Horrek ez garamatza nostalgiara, ezintasunera baizik».
Globalizazioaz jardutean, ezjakintasuna aipatu du Landabasok. Binorabidetan jaurti ditu galderak. «Sarritan aipatzen da hiru milioi biztanle garela, eta milioi bat euskal hiztun ditugula. Zenbatek irakurtzen dute euskal literatura? 150.000 lagunek? Oso gutxi da kopuru hori». Nazioartera begiratu du gero. «Akaso gure neurriko kulturekin alderatu behar dugu geure burua. Zenbatek irakurri du hemendik Danimarkako idazle baten liburu bat? Esloveniakoa? Kexatzen gara munduak ez gaituelako ezagutzen, baina guk ere zer ezagutzen dugu mundutik?».
Nazio kontakizun berrirantz
Nazio kontakizun berri baten beharra azpimarratu du Arraizek argitaratu berri duen liburuan, eta ertz horri ere heldu dio solasaldian. «Iraganean ez, etorkizunean kokatutako nazio kontakizuna eraiki behar dugula uste dut. Nolakoak garen baino gehiago, nolakoak izan nahi dugun adieraziko duena, eta ez dena proiektu politiko zehatz batean kokatuko». Galdera egin die segidan. «Eraiki daiteke guztiok eroso egoteko moduko nazio kontakizun bat?».
Arraizek dioenez, Espainia eta Frantziako gobernuen menpe ezinezkoa da halakorik egitea. «Ez digute nahikoa tresnarik ematen gauzatzeko. Nik nazio kontakizuna independentziari lotzen diot horregatik». Europako Batasunera egin du jauzi Zupiriak. «Nik uste dut geure burua Europan koka dezakegula, ez dakit zein neurritan eta zein formatutan, baina akaso Europak ematen digu aukera bat norbait izateko. Egin behar duguna zera da: sinistea eta konbentzitzea gu kapazak garela».
Literaturak bide horretan zein funtzio izan lezakeen azaltzeko, Ramon Saizarbitoriaren hitzak bere egin ditu Arraizek. «Saizarbitoriak zioen literaturak ez dituela gertaerak kontatu behar, horretarako historia dagoelako, baina konta lezakeela gertaerek zer-nolako bizipenak utzi dituzten». Landabasok argi du egiteko hori ezin dela sortzaileen bizkar geratu. «Kultura, adierazpide gisa, erresistentzian dago, nahikoa du bizirik irautearekin eta bere eguneroko jarduera horrekin. Euskal sortzailearen egoera oso prekarioa da, eta nahikoa du idaztearekin; ezin diogu eskatu memoriaren babesle izan dadin».
Nondik kontatu euskal nazioa
Kulturgintzaz eta politikagintzaz gogoetatu du Hasier Arraiz politikari ohiak 'Maitasun keinu bat besterik ez' saiakeran, eta, gaiari buruz hausnartzeko, idazleak eta politikariak bildu ditu hainbat hitzalditan. Bingen Zupiriarekin eta Goizalde Landabasorekin aritu zen, atzo, Bilboko Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu