Argazkilaritza. Etika eta sinesgarritasuna

Nondik begiratzen den

Argazkigintza polemikaren iturri izaten da sarri, irudi soilik ez baita existitzen. Argazkiak norbaitek ateratzen ditu, nonbait, eta zerbaitetarako.

Iker Tubia.
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Polemika. Argazkigintzari buruz mintzatzean, ohikoa da hitz hori agertzea. Azkeneko eztabaida Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan piztu da. Bertan, Por los días felices erakusketa (Egun zoriontsuengatik) zabalik egon da igandera arte, Miguel Leacheren argazki bilduma publikoari ezagutarazteko. Irudietan, etxe hutsak, egin gabeko ohatzeak, bildu gabeko kutxak... etxe kaleratzeen ondorioak, alegia. Baina argazkiak ez dira irudi soilak; atzean argazkilari bat behar dute. Leacheren lana ez da argazkiak ateratzea, baina funtsezkoa izan du erakusketako irudiak lortzeko. Prokuradorea da, eta berak sinatzen ditu etxegabetzeak.

Hain zuzen ere, lanaz baliatu da argazkiak egiteko. Familiak etxe haietatik kanporatzeko agindua onartu ondoren, etxeetan sartu, eta hango hutsunea lapurtu du bere kamerarekin. Horrek hautsak harrotu ditu Nafarroan, eta hainbat profesionalek erakusketaren aurkako jarrera azaldu dute. Uharteko zentroak argazkien alde egin du, baita egilearen beraren alde ere. «Egoera baten gordinkeria eta hori jasan duten pertsonen duintasuna agertu nahi dute argazkiek», azaldu dute. «Erakusketa hori ez da oportunismoagatik egin; aukera bat da bide erraza ez hartzeko eta arriskuak onartzeko». Diotenez, koherenteak dira «hartutako arriskuekin»; beren jarrera defendatzeko, esan dute etxe kaleratzeen ondorioak ezinen liratekeela publikoan azaldu beste modu batez.

Xabier Idoate artista eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ez du begi onez ikusi erakusketa. Ez da bertara joan, eta ez du bertaratzeko inolako asmorik. Haren aburuz, argazkigintzaren muina «begirada» da, eta objektiboa, irudiak hartzeko tresna baino ez. Argazkigintza eta polemika eskutik helduta dabiltza askotan, eta arazoak izaten dira argazkilariak errealitate bat islatzen duenean. «Gertatzen dena eta islatzen dena banaturik daudela irudi du», esan du. Baina erakusketarekin pasatutakoa ez du aurretik ikusi; ez du konparatzeko aurreko kasurik ezagutzen. Izan ere, begira ari dena errealitate horren eragilea dela dio, «saldukeriaz gainera». Haren aburuz, begi bistakoa da erakusketa ez dela egokia. «Lehen begiratuan norbaitek ez badu ulertzen erakusketa desegokia dela, ez da gertakari artistikoak interpretatzeko gai».

Zergatik? Hori da kasu horretan egin beharreko galdera, EHUko irakasle Santi Urrutiaren aburuz. Zergatik egin ditu argazki horiek? Polemika pizteko, argazkien egilearen lanbidea funtsezkotzat jo du EHUko irakasleak. Argazkilaria, kazetaria edo artista balitz, berehalako zilegitasuna izanen lukeela uste du, baina Leacheren lana beste bat izanik, kontuz ibili beharra dagoelakoan dago. «Errealitate oso gogorrarekin ari da lanean». Horregatik, polemikaren muinean «asmoa» dago. Errealitate baten aurka egiteko asmoa duela susmatzen bada, jendeak ongi egon daitekeela pentsa lezake, Urrutiak esan duenez. Gainera, zuzenbidearen munduan dabiltzanek kontu handiagoa izan behar dute. «Pertsona horrek justifikazio on bat behar du gizarteak onar dezan. Zein da haren asmoa? Hori da justifikazioa», esan du.

Asmo horrek argazki beraren hainbat interpretazio sor ditzake. Izan ere, argazkien atzean, argazkilaria dago beti, eta egoera jakin bat. «Irudi horiek kazetari batek edo argazki kazetari batek atera izan balitu, uste dut ez litzatekeela horrelako arazorik sortuko», esan du Urrutiak. Berdin pentsatzen du Clemente Bernad argazkilariak, eta uste du bi argazki berdinek esanahi ezberdina izan dezaketela. Argazkiari ematen zaion erabilera«erabakigarria» dela dio, eta horregatik aldatu daiteke argazki beraren esanahia.«Irakurleak argazki bat aurrean duenean ikusten duen lehenbiziko gauza erabilera da, eta ez irudia bera», azaldu du. Hau da, irudi bera egunkari batean edo bestean argitaraturik ez da berdin ikusten.

Bernaden irudikoz, irudiei ez duten balioa ematen saiatu da gizartea, eta ez duten funtzioa betetzera behartu dituzte. «Argazkigintza ez da hizkuntza solidoa, likidoa da, ez da elokuentea. Argazki batek ez du deus kontatzen, baina arazoa da zerbait sendotasunez kontatzea nahi izan dela argazkigintza sortzen den unetik kasik», dio. Horregatik sortzen dira hainbeste polemika irudien inguruan. «Arazo bat da, baina baita indarra ere; argazkiak anbiguoak eta polisemikoak direnez, tartea ematen dute gauza askorako».

Argazkilari iruindarraren aburuz, ikuspuntua da irudi baten oinarria. Bere lana zein besteena aztertzeko tenorean, jarraibide batzuei segitu ohi die. Lehenbizi, autoreak lanarekin duen konpromisoa ezagutzen saiatzen da: pertsonala, profesionala, ekonomikoa... Bernadek dioenez, argazkien atzetik beti dago engaiamendu bat. «Nik egiten dudan argazkigintza dokumentalean, normalean bada nolabaiteko konpromiso bat, lotura bat autorearen eta subjektuen artean; nahiz eta agindutako lan bat izan, bada atxikimendu bat». Bigarrenik, kontuan hartzen du argazkian agertuko den errealitateari zor zaion errespetua. «Argazkilariak hizkuntza oso hauskorra darabil, eta oso zaila da gauzak argazkien bidez kontatzea, baina errespetua zor zaio kontatu behar duzunari, eta horrek ikuspuntu bat zehaztea dakar, halabeharrez». Horregatik dio ikuspuntua«erabakigarria» dela. Azkenik, ezinbestekotzat jo du hainbat deontologia arau onartzea eta ardurak hartzea. «Zure ikuspuntuaren eta lortutako emaitzen ardura zure gain hartu behar duzu».

Hala eta guztiz ere, puntu horiek guztiak beteta, kritikarako tartea beharrezkoa dela uste du Bernadek. Argazkilaria momentu bakoitzean jokatzen duen moduaren araberakoa dela esan du. «Autoreago, argazkilariago edo etikoago gara, inposatzen dizkiguten —eta batzuetan geure buruari inposatzen dizkiogun— hainbat egoeraren arabera». Horregatik dio argazkilariek ez dutela nortasun sendorik, lanaren arabera aldatu daitekeelako.

Plazaratzearen arriskuak

«Errealitate gordinek polemika sortzen dute». Urrutiarenak dira hitz horiek, eta ez dira soilik Leacheren erakusketari aplikagarriak. Normalean, kalapita espazio publikoaren eta pribatuaren arteko jokoak eragin ohi du, harenustez. «Gure gizartean, ontzat ematen da irudi batzuk espazio publikoan agertzea, baina ez edozein irudi, eta espazio pribatuan ikus daitezke espazio publikoan inolaz ere ikus daitezkeen irudiak». Dena den, Uharteko zentroan zabaldutako erakusketan ez dago espazioen arteko talkarik.

Adibide bat jartzekotan, soldadu batek gerra batean egin ditzakeen argazkiak aipatu ditu Urrutiak. Soldaduen lana biolentzia erabiltzea da egoera horretan, baina argazkiak atera ditzakete. Irudi horiekin erakusketa bat antolatuko balitz «izugarrizko polemika» piztuko litzatekeela dio EHUko irakasleak. «Beste gauza bat da argazkiak ateratzen diren edo ez, baina ez da gauza bera jendaurrean agertzea». Dena den, galdera bat sortuko litzaieke ikusleei: «Zertarako egin du?».Urrutiak uste du autoreak justifikazio bat behar duela horri erantzuteko. «Oso ezberdina litzateke argazkiak ateratzea eta bere kideei erakustea esateko 'begira zer gertatzen den hemen', baina pribatuan eta beste helburu batekin».

Gerrako irudien inguruan ere bada eztabaidarik. Etikoa da gudako argazkiak ateratzeko armada batekin batera joatea? Batzuek baietz diote; beste batzuek, ezetz. Horrek aldeetako batekin lerratzea eskatzen du, eta polemika pitz liteke. Bernadek uste du antzeko arazoa dela Leacheren argazkiekin gertatu dena. «Egunero pasatzen da hori, aginduz egindako lan xumeenean ere bai; non zauden jakin behar duzu». Manifestazio baten argazkiak egin behar dituen argazkilariak zein aldetan jarri behar duen erabaki behar du, argazkilari iruindarraren aburuz.

Irudien mundua

Argazkilariek ardura handia dutela uste du Bernadek. Horregatik, kezkaturik dago gaur egun egiten den argazkigintzarekin:«Gehiago kezkatzen gara lehenagotik egindakoaz —funtzionatzen duelako—, gure begien aurrean pasatzen denaz baino». Izan ere, errepikatzen diren patroi edo eredu batzuk erabiltzen dira etengabe, argazkilari iruindarraren aburuz. Bi helburu antzeman ditu horren atzean: «erosotasuna» eta«errentagarritasuna». Ekonomikoki errentagarriagoa izan daitekeelako, eta irakurleak «ongi» interpretatuko dituelako ustea dagoelako. World Press Photo horren paradigma dela azaldu du,«argazkigintzako klixeen festibala» delako. Mendebaldeko kultura kristauan eraginkorrak diren ereduez ari da.

Argazkiek indar handia dute oraindik ere. Hori uste du Urrutiak, eta errealitateari buruzko ikuspegia zabaltzeko erabil daitezkeela esan du. Azaldu duenez, batzuetan beharrezkoak dira hainbat argazki, jendearen kontzientziak pizteko, nahiz eta polemika sortu. «Oraindik pentsatzen dugu irudiak errealitatera gehiago hurbiltzen gaituela testu idatzi batek baino», azaldu du. Horregatik, argazkiek «magia» dutela dio. Mundura zabaltzen diren leihotzat ditu gizarteak, EHUko irakaslearen esanetan, irudia eraikuntza bat izan arren.

Beste mirari bat teknologia berrien garapena izan da. Argazkigintza errotik aldatu du iraultza teknologikoak. Bernadek dio lehen distantzia zegoela argazkien eta jendearen artean, baina, dagoeneko, desagertu egin da tarte hori. «Irudiek blaitu egin gaituzte; gure parte dira dagoeneko. Edonon ditugu: telefonoetan... Ez dago lehengo distantzia hori, denbora eta hausnarketa handiagoa eskatzen zuena».

Eginkizunak oso banaturik zeuden lehen: produktorea, argazkilaria, irakurlea eta zabaltzeko bidea: komunikabidea, erakusketa... Gaur egun, baina, muga horiek oso lausoak dira. Edozein izan liteke produktore, argazkilari, kontsumitzaile edota zabaltzeko bide. Geroz eta erakusketa gehiago zabaltzen dituzte argazkizaleek. Hori ikusirik, kontuz ibiltzeko ohartarazi du Bernadek, eta une oro adi egon beharra azpimarratu du. Lan horretan, lagungarria zaio edozein obra aztertzeko erabiltzen dituen jarraibideak.

«Adi egon behar dugu ikusteko nola saltzen diguten irudi bat, nola azaltzen zaigun eta nork egiten duen. Irudi bat edo bideo bat ikusten dugunean, egin beharreko lehenbiziko gauza zalantzan jartzea da. Ezin dut hasieratik sinetsi, ez baitira sinesgarriak, bat bera ere ez». Begien aurreko irudia ongi aztertu behar dela uste du argazkilari iruindarrak. «Ikus dezagun zer kontatzen ari zaizkigun; nahiz eta museo baten gisako botere gune handi batean erakutsi, ez dut sinetsiko». Lan horretan, hainbat galdera egiten dizkio bere buruari: Nork egin du? Zer kontatu nahi du horrekin? Zergatik erakusten du? Zertarako egin du? Egiteko beharra du? «Iragazki batetik pasatu behar dira gauza horiek guztiak, ate azpitik hanka erakuts dezatela», esan du.

Gerraren adibidera itzuli da, irudiak zalantzan jarri behar direla kontatzean. Ez lirateke gauza bera soldadu batek hartutako irudiak edo freelance batek egindakoak. Irakeko gerran soldaduek Abu Ghraiben ateratako argazkiak aipatu ditu: «Argazkiak ikusteko interesa dut, baina jakin nahi dut torturatzaileek egin dituztela. Horrek eragin nabarmena du. Ez da gauza bera beste batek egiten baditu eta torturatzaileek ezkutatu nahi zutena azaltzen badu».

Ikuspuntua, begirada, zalantza. Irudiz inguraturiko munduan, kontuan hartu beharrekoak dira hirurak. Izan ere, irudia ez da irudi soil. Idoatek argi du hori: «Ez dira argazki soilak existitzen. Irudiekin hitzekin bezala gertatzen da: norbaitek esaten ditu». Argazki guztien atzean, bada argazkilari bat, bada testuinguru bat. Beraz, ez daude bi argazki berdin. Irudia nork lortu duen, zentzua alda daiteke. Objektiboak hartzen duena bezain garrantzitsua da hartzen ez duen hori. Nork eragin dio kliskagailuari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.