Non pausatzen den poesia

Artea eta irudia izango dituzte ardatz aurtengo Eako Poesia Egunek, uztailaren 14tik 16ra bitarte. Poesia, musika eta dantza uztartuko ditu programak, eta 46 sortzaile batu

Eako Poesia Egunen antolatzaileek atzo aurkeztu zuten aurtengo programazioa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ahoz gora irakurtzeko idatzi zituen Gabriel Arestik Oskorri gaitz konposizioko bertsolerroak, 1971n; kantaldi-antzerki baterako, zehazki. Gernikaren bonbardaketaz mintzo da poeta. «Erori da, erori da Gernika libre hura, eta egin da/ burjesen habitazio, eta kapitalista zikin guztien eta/ fazista zikin eta exakrable guztien erretiragune./ Helas, helas, Gernika ziudade librea, ziudade maitea, nola hire kondenazioa ordu batez etorri den./ [...]: nola ordu batez/ desolatu dira hain libertate handiak?». Eta, hain justu ere, Arestiren testu horixe berreskuratu dute orain Eako Poesia Egunen antolatzaileek aurtengo ekitaldia abiatzeko. Mikel Martinez aktoreak irakurriko ditu Arestiren hitzak oraingoan, eta hitz horiekin abiatuko da programa. Guztira, 46 sortzaile batuko dituzte uztailaren 14tik 16ra.

Herrijeri Emon Arnasa kultura taldeak antolatzen du egitaraua, eta intimotasuna bilatzen dutela azaldu du Asun Landa elkarteko kideak. «Gu ez gara festibal handi bat, eta, gainera, ez dugu nahi; beste formatu bat da gurea. Herri txikia gara, formatu txikia dugu, eta intimotasun horretan hartu nahi ditugu etortzen direnak eta bertakoak».

Artea eta irudia hartu dituzte aurten ardatz nagusitzat, eta horri egiten dio erreferentzia aurtengo leloak: Marrazkiak azalean azala hitzetan. Landa: «Irudien eta hitzen arteko harremana aztertu nahi genuen».

Erramun Landa artistak egin du jaialdiaren kartela; eta arteari buruzko bi hitzaldi antolatu dituzte programan. Uztailaren 15ean eskainiko du Xabier Gantzarain Dinamo Sorgintza Guneko kideak Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi hitzaldia, eta uztailaren 16an arituko da Ismael Manterola EHUko artearen historiako irakasle eta BERRIA egunkariko arte kritikaria. Artea literaturaren kontra izendatu du bere solasaldia berak.

Horrez gain, presentzia argia izango dute irudigileek ere beste emanaldi askotan.

Ez da Arestirena izango 1936ko gerrari egindako erreferentzia bakarra. Izan ere, 80 urte dira aurten kolpistek Bilbo hartu zutenetik, eta, era berean, 80 urte ere badira Estepan Urkiaga Lauaxeta Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman fusilatu zutenetik. Eta, hain zuzen ere, Ele! Lauaxeta-Lorca ikuskizuna eskainiko duKarabansarai konpainiak uztailaren 16an. Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca poetak ditu oinarri ikuskizunak, eta bost sortzaile batuko ditu oholtzan: Jon Maia bertsolari eta gidoigilea, Ana Salazar aktorea, Gorka Hermosa soinu jotzailea, Jesus Prieto Pitti gitarra jotzailea eta Josu Maroto ilustratzailea. Lauaxeta eta Lorcaren figuren bidez bi kulturaren uztarketa ere taularatuko dute.

Poesia, bestelako jantziz

Poesia da jaialdiaren ardatza, baina horrek ez du esan nahi ikuskizunetan hitza bakarrik erabiliko denik. Landak eman du azalpena: «Poesia dago jaialdiaren oinarrian, baina hainbat gauzarekin jantzita dator».

Ertza konpainiaren Hariak ikuskizuna da horren froga. Harkaitz Canoren testuak eta Asier Zabaleta koreografoaren lana uztartzen ditu emanaldiak. 15ean ikusi ahalko da. Horrez gainera, Errime, Inun eta Anticontinente taldeen kontzertuak ere izango dira. Guztiak ere, hitzei arreta jarri zale diren taldeak.

Galizia tanta bat ere izango du Eak. Joseba Sarrionandiaren poemak galegora itzuli ditu Isaac Xubin hizkuntzalari eta idazleak, eta errezitala egingo du uztailaren 14an: Izenak, sagutxo bat eta itsasontzia. Amaiur B. Blasco poetak ere irakurraldia eskainiko du 15ean. Eta, egun berean, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Alfonsina Estorni poeta argentinarraren testuekin eskainiko du emanaldia, Iñaki Zabaleta eta Txakur Gorria kolektiboko irudigileekin. Ikuskizuna taularatzen duten lehen aldia izango da.

Elena Odriozola ilustratzaileak ere irudi bilakatuak ditu Estorniren poemak liburu batean, eta irudi horietariko bat izango da ikusgai Poesia Egunek iraun bitartean hitzaldien gelan.

Poesiak itxiko du jaialdia. Haur poesia lantzen duten Yolanda Arrieta, Leire Bilbao eta Ana Urkiza idazleek emanaldia eskainiko dute 16ko bazkalondoan, eta Pello Ramirez txelo jotzailea, Sahatsa Ramirez dantzaria eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile eta komikilaria izango dituzte laguntzaile. Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu izendatu dute saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.