Udaberrian abiatuko da Donostiako Tabakaleran Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa proiektua, hitzaldi, mintegi eta musika bidez ere osatuko dena. Eta, hilabete gutxiren faltan, haren atariko modura, Hizketaldi Handia: Non dago Lekeitio? bi eguneko jardunaldia antolatu dute bertan. Mikel Laboaren Lekeitioak obra esperimentala izango dute abiapuntu, eta bereziki aztertuko dituzte Lekeitioetan gauzatzen diren materia ugarien eta jatorri askotarikoen arteko loturak: musika eta herri kultura, abangoardia literario zein artistikoetatik eratorritako piezak eta ahozkotasuna, hizkuntzen eta hizkeren arteko gurutzatzeak, muntaketaren eta itzulpenaren erabilera, eta beste. Gai horietara guztietara hurbilpen bat egitea da asmoa, gaur arratsaldez eta bihar egun osoz egingo diren saioetan.
Lantalde berezia osatu du Tabakalerak jardunaldiak prestatzeko. Itxaro Borda idazleari, Maialen Lujanbio bertsolariari eta Xabier Erkizia musikari eta soinu-artistari egin zieten proposamena, eta haien eskutik helduko da aurtengo Hizketaldi Handia-ren egitaraua. Parte hartu nahi duen ororentzat irekia izango da, eta sarrera, doakoa; hala ere, aurretik sarrera eskuratu beharra dago Tabakalerako webgunean. Saio guztiak online ere ikusi ahal izango dira.
Hitzetatik harago
Bordak, Lujanbiok eta Erkiziak egingo dute bi eguneko jardunaldien sarrera, gaur, 18:00etan hasita. Euren gogoetak partekatuko dituzte, eta, Lawrence Abu Hamdan soinu artistak proposatuta, Walled Unwalled (2018) filma proiektatuko dute ondoren. Lehen eguna ixteko, Frederic Jouanlongek ahotsa eta bolumena jarriko dizkio Hugo Ballen Karawane dada testuari.
Bihar, berriz, hiru lan mahai izango dira goizetik iluntzera, bata bestearen segidan —eguerdian atsedenaldi bat eginda—. Bordak, Lujanbiok eta Erkiziak gidatuko dute horietako bakoitza. Bordarena izango da lehena (11:00-13:00), Hitz ezin/ Hitz egin izenburupean; Beñat Axiari musikaria, Antonio Casado idazle eta irakaslea, Juan Garzia itzultzailea eta Juan Gorostidi musika ikerlaria izango ditu lagun.
Arratsaldeko lehen saioa (15:30-18:00) zuzentzeaz arduratuko da Lujanbio; David Toop (A Disconnected Voice: voices with and without bodies), Karine Etxeberri (Uraren kantuak), Ivan de la Nuez (Desde un lugar en la retaguardia) eta Bernardo Atxaga (Sehaska kanta bat Etiopian) bilduko ditu mahaira.
Eta, amaitzeko, Belarriaren amilizuak saioa gidatuko du Erkiziak (18:30-21:00). Raul Cantizano, Hannah Silva, Alessandro Bosetti, Ainara Santamaria eta Ramon Lazkano izango ditu gonbidatu, eta komunikazio gaitasunaz, zentzumen primitiboez, inkomunikazioaz eta zarataz ariko dira. Galdera bat luzatu dute, amu gisa, prentsa oharrean: «Azken finean, ez al da zarata gure kultur tradizio luzeena?».
'Non dago Lekeitio?' saio bikoitza egingo dute gaur eta bihar Tabakaleran
Mikel Laboaren 'Lekeitioak' oinarri hartuta, hitzaldi, proiekzio, kontzertu, performance eta mahai inguruak izango dira Donostiako zentroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu