Josemi Beltran. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zuzendaria

«Non dago dirua oker gastatua, kulturan ala futbolean?»

Modu askotara ulertzen du zinema. Gozatzeko balio dio, sufritzeko ere bai, eta hausnartzeko. Donostia Kulturako Zinema Unitateko arduradun den heinean, kezka nagusi bat du; «zinemaren eta herritarraren artean harreman aktiboa lantzea».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hiru urte egin ditu Josemi Beltranek(Zarautz, 1972) Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zuzendari gisa. Bihar hasiko dajaialdia, eta azaroaren 1era bitarte iraungo du. 180.000 euro inguruko aurrekontuarekin «formatuari eusteko apustua» egin dutela dio.

Jaialdia hasi baino bi egun lehenago zein kezka dauka buruan Josemi Beltranek?

Nire betiko kezka da hainbeste kontrolatzen ez dudan gairen batek ihes egitea, edo azken orduko akats edo gertaera teknikoren bat gertatzea. Borrokatzen gara horren aurka, halakoak saihesteko,baina beti dago arriskuren bat. Filmak ondo ikustea da nire kezka nagusia.

Gaur egun, beldurrezkoa askorentzat da zinema aretoetara joateko ordaindu beharrekoa, eta fantasiazkoa sarrera bat eskuratu ahal izatea.

Donostia salbuespen edo paradisu moduko bat da areto komertzialetara joaten den jendeari erreparatuz gero. Zinema kultur nortasun bat da Donostian.Hala ere, egun joera da zinema areto komertzialetara joatea baino gehiago ekitaldi edo jaialdi berezietara joatekoa. Uste dut hori gertatzen dela musikan, eta, orain, zineman ere bai. Kezkatzen gaituen gaia da sarreren prezioarena. Gu saiatu gara neurriak hartzen. Iazko prezioei eutsi diegu, BEZaren igoerak ez dezan hainbeste eragin. Zinema izan daiteke garestia, baina daukagun egoeragatik da batez ere.

Garaiotan zinemara joatea luxuzko jarduera dela diotenak badira.

Nire ustez, zinema kultura da, literatura bezala, edo musika edo antzerkia... eta ez du ezer erakutsi beharrik. Kulturarik gabe ezin gara bizi. Herri batek bere nortasuna gordetzeko eta zabaltzeko ezinbestekoa da kultura. Hori Ameriketako Estatu Batuetan oso argi izan dute. Han ez dute kultura ministeriorik, baina euren kultura da munduko indartsuena. Argi izan zuten kultura zela beraien arma indartsuena, eta horrekin ia menderatu dute mundu guztia, euren musikarekin, euren zinemarekin... Horren kontra ere bakoitzak egin behar du, Europako zinema bultzatuz, Euskal Herrikoa. Industria ere bada zinema, eta lanbide bat jende askorentzat, eta hori ezin dugu ahaztu. Uste dut diskurtso fribolo bat dela hori, eta beti etsaiak bilatzen ibiltzea ez dauden lekuan. Zergatik ez da eztabaidan jartzen futbola adibidez? Futbola ezin da ukitu, erlijioaren parekoa da. Non dago dirua oker gastatua, futbolean edo kulturan? Zalantza daukat.

Askorentzat, Donostian hiru zinema jaialdi egotea gehiegizkoa da.

Oso tamaina desberdineko jaialdiak dira. Iraileko Zinemaldia da handiena. Indar handia dauka, eta hari eustea oso garrantzitsua da. Beldurrezko Asteak 24 urte egin ditu aurten, eta Giza Eskubideen Zinema jaialdiak 11 egin ditu. Bi horiek oso formatu ertaineko jaialdiak dira. Ez dugu gastatzen 200.000 euro baino gehiago bakoitzean. Daukaten eragina eta publikoaren oihartzuna, berriz,oso handia da. Beldurrezkoa jendez beteta egoten da, eta Giza Eskubideen jaialdira geroz eta jende gehiago etortzen da. Oso modu arrazionalean kudeatzen ditugu jaialdi horiek, eta jendeak erantzun egiten du. Bai horietan eta bai urte osoan egiten diren beste ekitaldietan ere, dela Nosferatu zikloa, dela Surfilm jaialdia, Dock of the Bay, eta abar...

Badira hiru urte Jose Luis Rebordinosek utzitako lekua hartu zenuela. Beldurraz ari garela, jaialdia bertan behera geratzeko beldurrik bai?

Duela bi urte galdu genuen gure babesle pribatu handiena, Calle 13 telebista katea. Handik hona egin dugun ahalegina izan da jaialdiaren nortasunari eustea, eta, aurrekontu hori izanik, ez murriztea ez egun kopurua ez eta emanaldiak ere. Murrizketak egin ditugu beste ekitaldi paraleloetan. Irudimenaz beste mota bateko ekitaldiak antolatzen saiatu gara, herriko beste hainbat elkarterekin batera, partaidetza sustatzeko asmoz. Nire kezka nagusiada formatu honi eustea. Datorren urtean 25. urtemuga izango da, eta saiatuko gara zerbait berezia egiten. Donostia Kulturak konpromiso sendoa dauka jaialdi honekin, eta eustea da apustua. Agian, denborarekin, egokitu beharko dugu; baina egokitu behar bada, egokituko gara.

Zein litzateke zure fantasia jaialdiari dagokionez?

Formatu aldetik ez nuke asko aldatuko. Agian, gustatuko litzaidake gonbidatu berezi gehiago ekartzea. Eta ekitaldi paralelo gehiago egingo nituzke. Proposamen oso politak jasotzen ditugu, eta tiraderan dauzkagu asko...

Eman dizu denbora berriro beldurrezko generora kateatzeko?

Gazteagoa nintzenean ikusten nuen batez ere, gero utzi egin nion ikusteari. Baina berriro berreskuratu dut, zenbait klasiko-eta ez nituen ezagutzen. Nire hutsa zen, eta, joan naiz eguneratuz. Urtearen erdia gozatu egiten dut beldurrezko eta fantasiazko zinemarekin, eta urtearen beste erdia sufritu egiten dut giza eskubideen gaiak lantzen dituzten filmekin [barrez].

Zinemaren alderdirik bihurriena, errebeldeena jorratzen du beldurrezko eta fantasiazko generoak?

Tira, gaur egun zinema komertzialean ere asko ageri dira generoko zinemaren elementuak, superheroiak, esaterako, baina gu saiatzen gara alderdirik bihurriena jorratzen. Sitgeseko zinema jaialdia ahaidea dugu; asko elikatzen gara handik, baina badugu alderik. Jaialdi hark anbizio artistiko handiagoko filmak biltzen ditu, eta guk halakoaren bat jartzen dugu, baina gure publikoak festa nahi du, mugimendua, zarata eta ondo pasatzeko aukera. Guk hori beti izaten dugu kontuan hautaketa prozesuan. Nik beti esaten dut: rock-and-rolla eta festa, bai, baina ondo egindakoa. Txorakeriak ere serio egin behar dira.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo egitarautik?

Aurtengo jaialdian zortzi estreinaldi ditugu Euskal Herrian, film luzeei dagokienez, eta horietako bat munduko estreinaldia izango da; Gabe Bartalosen Saint Bernard. Besteak beste, Koji Shiraishi japoniarraren Kult aipatuko nuke. Film merke bat da, baina irudimen handiz egindakoa. Ezusteko handia izan zen niretzat, diru gutxirekin lortzen duelako harridura eta beldurra sortzea ikuslearengan. Eta bere alde dibertigarria ere badu.

Oso gutxi dira Euskal Herriko lanak, eta are gutxiago euskaraz eginikoak. Pentsatu duzue, esaterako, lehiaketaren bat antolatzea euskarazko film labur onena saritzeko?

Ez dago Euskal Herriko lan asko, baina batzuk bai, film laburretan; Aritz Morenoren Cólera eta Kepa Sojoren Lobo con Ballesta, adibidez. Batzuetan egin ditugu bat-batean sorturiko film laburren lehiaketak, baina ez dute emaitza onik eman. Hala ere, EuskalHerrian egiten den guztiari erne erreparatzen diogu, eta beti izango dute lekua gure jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.