Nolako bizitza, halako heriotza

Ohiko arrakasta lortu du 'Belako zaldüna' pastoralaren lehen agerraldiak Maule-Lextarren, 4.000 ikusle bereganatuta. Datorren igandean izanen da bigarren emanaldia, agorrilaren 5ean

Belako zaldüna pastoralaren lehen agerraldian hartutako irudia, herenegun, Maule-Lextarren. Heldu den igandean izanen da bigarren emanaldia. BOB EDME.
Maule-Lextarre
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Pastoral baten historiako ikasbideak edo ondorioztatzeak adierazten dituen azken peredikuaren emaileen konturat, asmatu egin zuen Jean-Fabien Lexardoi errejentak bi emaile talde aukeratuz, hots, agerraldi banako bat. Izan ere, Maule-Lextarren igandean gertatu zen: Belako zaldüna pastoraleko lehen agerraldian azken peredikua eman behar zuten gizonezko bi abeslari horietatik bata, Mixel Iturria, bozik gabe geratu zen, hozbero baten ondorioz, antza. Aktorearen ezintasun hori antzeman zuten pastoralaren gozatzera iritsitako 4.000 ikusliarrek, hirugarren eta laugarren jelkaldietan De Monty markesaren jokoa egitean bertset bana eman behar izan zituelarik. Kosta izan zitzaion, baina pastoral bateko ikusliarrekin guztiz ohikoa denez, txalo zaparradarekin eskertu zizkioten bere ahaleginak.

Gauzak horrela, datorren igandeko —agorrilaren 5a— bigarren agerraldian jardutekoa zen Maia Etxart, Maite Davant eta Fabienne Borda neska hirukoteak zuen azken peredikua eman, pastoralaren lehen agerraldi oso arrakastatsuari amaiera emanda. Ezen jendea trumilka iritsi zen Maule-Lextarreko errugbi zelaian paratutako antzeztokira, nahiz eta saihetseko bi harmailetatik batean jarleku batzuk hutsik geratu ziren. Hortaz, aldi honetan behintzat, inor ez zen sartu ezinean geratu, 2004an leku berean eman zuten Antso Handia pastoralean gertatu zen bezala. Lehen agerraldi honetarako eguraldia ere oso egokia gertatu zen, euri barik, baita eguzki kiskalgarririk gabe ere. Eguraldi hodeitsua egin zuen, sargoriak uda mineko ikuskizun honi behingoz huts egin ziolarik. Horrela, bai ikusleak bai arizaleak gustura egon ziren. Aktoreei dagokienez, ez zuen batere ematen urduri zeudenik, oso lasai eta alaitsu ikusten ahal baitziren saihetseko bi harmailetatik baten atzealdean. Batzuk kalakan edo txisteetan, beste zonbait saio zatiak errepikatzen, makilen airean itzulikatzea esaterako, asko han eta hor ibilki. Errejentak ere lasai asko zirudien, pastoralari hasiera eman baino hamar minutu aitzinago telebista batek egin zion elkarrizketari erantzuten ari zelarik. Entradako martxa airerat zabaldu baino hiru ordu laurden aurretik ere aktoreak entzun ziren Agur Maule eta mauletarrak abestiaren gogotik kantatzen. Arizaleengandik, beraz, artegatasunik batere ez zitekeen sumatu, eta hori nabaritu egin zen pastoralaren denbora osoan, akats ohargarririk batere gabe eman baitzen burutik buru. Ezbeharrik egotekotan, halako bati doi-doia ihes egin zioten laugarren jelkaldian oholtza saihetsetik antzezlekura sartu ziren türkek, edo bederen haien lerroko lehenak... pertika baten puntako kamerarekin ozta-ozta talka egitea saihestu zuelarik.

Ahogorrikeriei ihardukiz

Belako zaldüna pastoraleko 120 arizaleen bertset adierazteak, taula-joko antzezteak, dantza emateak eta kantu egiteak hutsegiterik gabe tartekatu ziren, eta, askotan, txalo zaparrada handiz eskertuak izan ziren. Hala gertatu zen bosgarren jelkaldiko Poloniako dantza bat eman zutelarik, baita 19. jelkaldiko ezteietako balletarekin eta 22. eta azken jelkaldian Belako zaldünaren heriotza kantuaren ondoren eman zen agur eta ohore dantzarekin ere. Eta nolabait poztekoa da —hiltze baten antzeztea aipatzearren hitza ez bada egokia ere!— pastoral bateko sujet edo pertsonaia nagusia aldi honetan bederen hila dirudien norbait bezala oholtzatik atera izana, andeen gainean etzanda, eta Agur Maule eta mauletarrak kantuaren hitzetan. Izan ere, azken urteotako pastoraletan gertatu izan da, nahiz eta hiltzat emana zen historian, sujeta tauladatik kanpo joan izana tente-potente! Alta, hil egiten den heroia hildako gisa oholtzatik irtetea pastoral baten funtsezko arauetatik bat da, eta ez litzaioke horri muzin egin behar...

Txalo zaparrada eta aupada ugariz sariztatu zuten, beraz, Belako zaldüna pastoralaren lehen agerraldi hau. Türk andereen jelkaldiak, aitzitik, ziztu eta garrasika hartu zituzten ikusleek, egia erran gorri hauek egundoko ahogorrikeriak bota baitzituzten Euskal Herriaren, euskaldunen eta euskararen aurka. Bitxikeria bat, haatik, bertset garratz horien kontrako ihardukitzeak, gehienbat, oholtzaren pare-pareko harmailetatik zetozen, ia batere ez saihetsetako jarguneetatik, hauetan ikusliarrak nahikoa motel egon baitziren. Badira horrelako misterioak pastoraletan...

Misteriorik, ordea, ez litzateke egon behar datorren igandeko bigarren agerraldiak izango duen arrakastarekin, askotan gertatzen baita —pastorala gustukoa izanaren kasuan are gehiago— lehen agerraldia ikusi duten ugari bigarrenean ere azaltzea. Eta agorrilaren 5 honetan, beraz, espero izatekoa da Mixel Iturriak boza berreskuratua izatea, Cedric Zamalbiderekin batera azken peredikua emateko.

Antxerak, Pagolarentzat

Pastorala eman den oholtza gainean moneiñak eta aitzina pika dantzak emateko ohorearen erosteari antxerak (enkanteak) deitzen zaio. Bertara lehiatzen dira dantza eskolak dauzkaten Zuberoako herriak. Aldi honetan, zazpi herri lehiatu dira nor baino nor gehiago, eta, azkenean, Pagola herriak ditu enkanteak bereganatu, 1.700 euroren truke. Zuberotarren artean behintzat, inor ez da harrituta geratu, halako sasi-arau batek nahi baitu lehen agerraldiko antxerak irabaz ditzan hurrengo urtean pastorala emango duen herriak. Hain zuzen, Oxkaxeko lepoaren altzoko herritarrek Dominique Garat lapurtarraz Pagolako seme Frantxoa Casetek idatzitako pastorala behar lukete eman 2019an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.