Euskal Idazleen Elkarteko kidea

Joxemari Karrere: «Nolabaiteko kontrarreforma bat gertatzen ari da, eta horren aurrean elkartu beharra daukagu»

Hamar urteko etenaren ostean, berreskuratu egingo dituzte Galeusca topaketak. Maiatzaren 29an egingo dute aurtengoa, Palman. Zubiak berreskuratzeko beharra dagoela esan du Karrerek.

Joxemari Karrere. BERRIA
Joxemari Karrere. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 1a
05:30
Entzun

Haizea kontra dutelako sentitu dute indarrak batzeko beharra. «Kontrarreforma bat» aipatu du Joxemari Karrere Zabala ipuin kontalari, aktore eta Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1963), eta, dioenez, hain justu horrek bultzatuta berreskuratu dituzte Galeusca topaketak, hamar urteko etenaren ostean. Katalanezko Idazleen Elkarteak, Galizierazko Idazleen Elkarteak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen dituzte, eta hiru literaturen arteko zubiak indartzea da asmoa. Egun beteko programa antolatu dute horretarako, maiatzaren 29an, Palman (Balearrak), eta itzulpengintza izango dute ardatz.

Zergatik utzi zitzaion topaketak egiteari?

Zirkunstantzia asko izan dira. Goraldiak eta beheraldiak izaten dira halakoetan, eta Galeusca nahiko lo geratu zen momentu batean.

Eta zerk bultzatu zaituzte proiektuari berrekitera?

[Espainiako] Estatuan egin da idazleen elkarteen arteko konferentzia bat, idazleen eskubideak eta bestelakoak lantzeko. Eta han ikusi genuen aukera ona zela Galeuscari berrekiteko, zeren eta halako gauzetan, artistaren estatutua eta bestelakoak lantzen direnean, gure hizkuntzak eta gure kulturak bigarren mailan geratzen dira beti. Horretaz gainera, bai euskararen, bai katalanaren eta bai galizieraren aurkako eraso judizialak ere izaten ari dira. Beharbada ez dira literaturaren aurkako zuzeneko erasoak, baina bai hizkuntzaren aurkakoak, eta, horregatik, erabaki genuen berriro elkartzea, eta gure literatura nazionalak, kulturak eta hizkuntzak elkarlanean jartzea. Estatuan proposatzen diren aldaketetan ahots bakarra lortzea da beste helburua, gu ere kontuan har gaitzaten, adibidez, artisten estatutuari edo eskubide digitalei buruzko eztabaidetan. Gure errealitatea eta ditugun baliabideak kontuan hartu behar direlako aldaketa prozesu horietan guztietan.

«Estatuan proposatzen diren aldaketetan ahots bakarra lortzea da beste helburua, gu ere kontuan har gaitzaten, adibidez, artisten estatutuari edo eskubide digitalei buruzko eztabaidetan»

Atzeraldi baten beldurra edo mehatxua dago topaketen atzean, beraz?

Nolabaiteko kontrarreforma bat gertatzen ari da. Urrats batzuk egin dira azken 40 urteotan, eta orain kontraeraso bat dago. Egon diren azken epaietan ikusten da hori Euskal Herrian, eta Valentzian ere atzeraldi bat ikusten da, eta Mallorcan. Bideak ixten ari dira berriz, eta gure hizkuntzak bigarren mailan uzten dituzte. Hori da Eduardo Galeanok esaten zuena: halako estatu handiek dituztela literatura eta kultura, eta guk daukagula folklorea, eta horren aurrean elkartu beharra daukagu.

Manifestu bat irakurriz hasiko dituzue maiatzaren 29ko topaketak. Zer dio testu horrek?

Justu aurten betetzen dira 40 urte idazleen hiru elkarteok antolatutako lehen Galeusca egin zela, 1984an. Pobleteko manifestua deitu zena sinatu zen orduan, eta pentsatu genuen aukera ona zela halako manifestu bat sortzea, eguneratua eta egungo egoerari begirakoa, Galeuscaren berpiztea eta indartzearen zergatiak azalduz.

Itzulpengintza izango da topaketen ardatza.

Itzulpengintza funtsezkoa da gure literaturentzat: kanpoko literatura gurean ezagutzeko, bai eta gurea kanpoan ezagutarazteko ere.

Muga administratiboak gainditzeko modu bat ere badela aipatu duzue topaketen deialdian.

Galeusca gure arteko ezagutza sustatzeko esparru bat ere bada. Askotan ez dugu ia ezagutzen katalanek edo galegoek zer egiten duten, eta haiek ere ez guk zer egiten dugun. Gaztelaniaren bitartez ezagutzen ditugu hango autoreak, baina ez dakigu nola dagoen gaur egun Kataluniako literatura, eta zer arazo administratibo edo fiskal dituzten, adibidez. Nahiz eta, azkenean, guztiok dauzkagun arazo antzekoak.

«Madrilek jarraitzen du gune erreferentziala izaten, edo Parisek, baina ez Santiagok, ez Bartzelonak ere. Koherenteak izan behar dugu aldarrikatzen dugunarekin. Ez gara periferia; zentraltasuna gu gara»

Nola dago hiru literaturen arteko harremana egun? Zubiak ahuldu al ditu hamar urteko etenaldiak?

Hori izan da Galeusca berreskuratzeko beste arrazoietako bat. Hainbat lekutan egin ziren topaketak, eta hainbat gai landu genituen. Hitzaldiak izaten ziren, eta irakurketak, baina batez ere topaketa izaten ziren, eta idazleak ezagutzen genituen horri esker, gazteak zein zaharragoak. Elkar ezagutzen genuen horri esker, eta harremanetarako bidea ematen zuen horrek. Baina hori pixka bat galdu egin da. Interesgarria da idazle gazteek literatura horietan ere erreferentziak izatea. 2020an, esaterako, Mariasun Landa idazlea izendatu zuten Idazle Galego Unibertsala, baina ez du oihartzun handirik izan, pandemia ere tartean zegoelako, besteak beste, baina horrek kezka pizten du. Madrilen sari bat ematen badute, hori bai, ateratzen baita leku guztietan. Madrilek jarraitzen baitu gune erreferentziala izaten, edo Parisek, baina ez Santiagok, ez Bartzelonak ere. Koherenteak izan behar dugu aldarrikatzen dugunarekin. Ez gara periferia; zentraltasuna gu gara.

Maiatzaren 29an, palman (Balearrak)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.