Nola sortu mundu bat

Zaleen sostenguari esker gauzatu du Kerobia taldeak pintura, musika eta literatura batzen dituen 'Supernova' lanaZuzenekoen kezka ahaztuta sortu dituzte kantak, eta «askatzailea» izan dela diote

Kerobia taldeko kideak Berrizen (Bizkaia), Lorentzo Records estudioan, Supernova diskoko abestiak grabatzen. KEROBIA.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ezagunetik ezezagunerako jauzia egin du Kerobiak taldeak. Musikatik abiatu dira, baina zabaldu egin dute beren sorkuntza esparrua, eta literatura, pintura eta bideogintzara ere jo dute. Xabi Bandini abeslariak azaltzen du zergatia. «Mundu bat sortu nahi dugu, eta mundu horrek behar du musika, irudia eta testua. Eta behar ditugu euskarri horiek guztiak, irudikatu nahi dugun mundua, detaile guztiak dituen mundu bat delako». Anbizio handiko lana izan da, eta, hortik, proiektuaren izenburuaren dimentsio galaktikoa: Supernova. Fabrikan da jadanik, eta aste gutxi barru egingo dute banaketa. Orain urtebete proiektua abiatu zen gune berean egin du BERRIAk hitzordua Xabi Bandinirekin eta Alberto Izaba baxu jotzailearekin, Iruñeko Niza tabernan. Leku bera, jende bera eta gai bera, baina Eguzkiari bira oso bat eman ondoren.

Igartzen zaie nekea, baina baita harrotasuna ere. Txikitik egin dute handirako bidea; zalez zale, pertsonaz pertsona. Crowdfunding-aren bidez batu dute proiektua aurrera eraman ahal izateko behar zuten dirua, eta dendetatik pasatu gabe, zuzenean egingo dute banaketa ere. Bitartekariei izkin egiten saiatu dira. Laguntzaile bat, ale bat; hori izan da tratua. 1.000 aleko edizioa egin dute, eta 100 inguru baino ez dira gelditzen oraindik jaberik gabe. Proiektuaren bultzatzaile bakoitzak gutxienez 29 euroko laguntza jartzea izan da baldintza, eta Supernova bat jasoko dute trukean. Pack osoa: Kerobiaren CDa, Carles Garciak egindako dokumentala, Julen Iztuetaren margolan bat eta Xabi Bandiniren testuz eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioz osatutako liburu bat.

Piezaz pieza eta diziplinaz diziplina landu dute proiektua, baina osotasun asmo batek gidatu du dena. Artistaren lanak azal dezake asmo hori. 5 x 2,5 metroko mural erraldoi bat egin du margolariak, eta mila puskatan zatitu dute gero. Bat, Supernova bultzatzaile bakoitzeko. Hala, bakoitzak bere puska izango duen arren, zerbait handiagoaren parte izango dira denak. «Irudi hori, margolan hori da guztia batzen duena», dio Bandinik.

Dena ala ezer ez

Argi zuten beren asmoa Kerobiakoek. Bazekiten lan luze bat egin nahi zutela, bazekiten crowdfunding-arena frogatu nahi zutela, eta baita diziplina artekotasunean sakondu nahi zutela. Proiektua burutu ahal izango ote zuten, hori zen zalantza. Gutxienez, 750 jarraitzaile lortu behar zituzten horretarako, eta sare sozialak astintzen aritu dira kopuru horretara heldu arte. Izaba: «Guk bagenekien zer egin nahi genuen, eta baita egin nahi genuen hori ezin genuela bakarrik egin ere. Egin genezakeen soilik diskoa, adibidez, baina ez genuen hori nahi. Edo dena ala ezer ez. Ez zegoen erdibiderik».

Urratsez urrats egin dute kanpaina, horregatik. Amuak jarri dizkiete zaleei. 250 bultzatzaile lortzean, esker ona adierazteko bideo bat. 400era heltzean, sekula argitaratu gabeko kanta bat. 500era iristean, diskorako baztertutako kanta bat. Eta, azkenik, 750 sustatzaile biltzean, ospakizun bideo bat. Uda heltzerako lortu zuten helburu hori, eta Berrizen (Bizkaia) eman dute uda osoa, horri esker, Lorentzo Records estudioan. Han egon dira ekainetik irailera arteko asteburu eta festa egun ia guztietan. 12 pista grabatu dituzte guztira. Abestiak, trantsizio gisako piezak eta baita poema bat ere. 45 minutu, orotara.

Banan-banan landu dute pieza bakoitza, Bandinik dioenez. Aske. Abestiak zuzenekoetara nola eraman ditzaketen kezka handirik gabe. Kortserik gabe. «Akordeoiak, kontrabaxuak, klabeak, ukelelea, sintetizadoreak... Kanta bakoitzak ditu bere tresnak, bere konponketak eta bere intentsitatea. Abesti bakoitzak behar zituen bere errekurtsoak, eta guk bilatu egin dizkiogu». Hitzek ere pisu handia izan dute sorkuntza prozesuan. Gainditu egiten dituzte kantak zenbaitetan, eta horregatik CDarekin batera liburu ilustratua kaleratzeko beharra.

«Musikak ez gaitu asetzen»

Zuzenekoekin zer egin. Hori dute orain kezka talde kideek. Ez dute argi nola egingo duten, baina abenduan hasiko dira horri bueltaka. Arazoa ez da txikia. «Zuzenean nola defendituko den pentsatu gabe konposatu dugu diskoa, eta erabaki kontzientea izan da. Erabat libre aritu gara, eta errealitate horri aurre egin behar diogu orain». Ez dute damurik, ordea. Kontrakoa. «Askatzailea izan da», dio Bandinik.

Hasiak dira inguruko lagun gutxi batzuei egin duten lana erakusten. Eta ispilu horrek lagundu du Bandini bere asmoa hitzez azaltzen. Anaiarekin izandako elkarrizketa ekarri du gogora. «Ni ez nintzen ohartua, baina anaiak esan zidana egia zen: guk esan nahi duguna ezin dugu esan bakarrik musikarekin. Horregatik egin ditugu testuak, murala eta DVDa. Musikak ez du asetzen mezu guztia, eta beti bilatu dugu gure lana beste zerbaitekin laguntzea. Ilustrazioekin egin dugu hori orain arte, eta urrunago jo dugu orain. Anaiak esan zidan arte ez nintzen ohartua: musikak ez gaitu asetzen erabat. Musikarekin bakarrik ezin dugu kontatu gure mundua».

Umorez egin dio izkin gero galderari. Nolakoa den mundu hori? Isilune bat, eta hitz bakarra gero. «Borobila». Barreak. Beste isilune bat, eta klabe lauso batzuk aipatu baino ez ondoren. «Amaiera bat da Supernova, eta, beraz, baita hasiera bat ere. Hori egin nahi genuen Kerobiarekin. Supernova batek bere azken fasean eztanda egiten duenean, elementu pisutsuak sortzen ditu. Eta hori ere egin nahi genuen». Argi dago ez duela egindako lan guztia, azalpen oker batekin hondatu nahi.

Errealitatearen zama

Munduak eraiki nahi bai, baina ezin mundu erreala baztertu. Handia da haren zama. «Balio erantsiaren zerga beste bat zenean planteatu genuen proiektua, eta uda partean igo egin zuten. Izorratu egin dizkigute fabrikazio eta banaketa gastuak!». Ez ditu kontuak gehiegi kikildu, halere. Nekatuta daude, bai, baina baita egindakoaz harro ere. Hurbilegi dute amaiera —edo hasiera— orain atzera egiteko, eta erraz aurkitu dute soluzioa, broma artean: «Banaketa gastuei aurre egin ezin badiegu, guk geuk egingo dugu etxez etxe. Zalez zale».

'Supernova' bultzatu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.kerobia.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.