Nola kanta, hala idatzi

50eko hamarkadan kokatu du Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak bere lehen eleberria: 'Esan eta egin'

Alex Sardui musikaria bere lehen liburua eskuan duela: Esan eta egin. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Abestu bezala idazten duela dio Alex Sarduik (1966, Gernika). «Ez dut lastorik sartu nahi». Exkixu taldean aritua, Gatibu taldeko abeslari eta hitzen egile, musikaria da Sardui. Aspaldian buruan istorio bat zerabilen, ordea, eta bere lehen eleberria idatzi du orain: Esan eta egin. 50eko hamarkadan kokatutako lagunarteko istorio bat kontatzen du liburuak. Sarduiren kasuan, batera doaz idazlea eta musikaria. Eta argi utzi nahi izan dute lotura hori hasieratik. Gatiburen azken diskoaren azaleko kolore bera du liburuaren azalak ere, eta Gatiburen diskoak kaleratu dituen Baga Biga diskoetxeak kaleratu du eleberria. Konplizitatea bilatu dutela dio Sarduik. Erraz irakurtzeko liburu bat idatzi nahi izan duela ere bai. Zuzena, lastorik gabea, parafernaliarik gabea. «Hiztegia hartu beharrik gabe irakurtzekoa».

Liburuan ez da kontakizuna Euskal Herrian kokatzen denik zehazten. Asmatuak dira eleberrian ageri diren leku, herri eta pertsona izen guztiak, baina, halere, Euskal Herria da bertan ageri dena. Hori dio Ritxi Aizpuru Baga Bigako buruak: «Euskal sena argi dago». Sagardotegi giroa da eleberriak kontatzen duena, eta lau lagunen istorioa du ardatz. Herriko pertsona nagusi batek lurrak eta baserriak utzita, elkarrekin sagardotegi bat eraikitzeko lanetan hasten da laukotea. Eta haien arteko harremana da eleberriaren abiapuntua.

Mendeku eta lagun arteko fideltasun istorio bat da funtsean liburua. Detaile gehiegi aurreratu gabe, eta zehaztasun gehiegi argitu gabe, hala deskribatu du Sarduik. «Bizitza normala da lagun horiena, baina eurei putakeria bat egiten diete, putakeria horri aurre egiten diote. Eta hori da istorioa. Putakeria zein den esaten badut, ordea, akabo istorioa». Egilearen hitzetan, irakurlea «erraz» sartuko da pertsonaien larruan liburuak dituen 25 kapituluetan.

Kantuen hitzak idaztera ohituta, hori izan da Sarduiren lantegi nagusia. Hala, pertsonaien gora- beherak kontatzen dituzten 25 kapituluetan, propio sortutako abesti eta poema sorta bat ere sartu ditu.

Aizpururen hitzetan, erraz irakurtzen da liburua, eta 14 urtetik gorako edozein pertsonak irakur dezake. «Bere konpromisoa ez da euskal literaturari izen hanpatua ematea. Ez dago bete lanik. Istorio bat kontatzen du, eta istorio hori da zirraragarria». Nobelako azken kolpea ere azpimarratu du. «Liburu honetan dago Alexen [Sarduiren] nortasuna, haren nortasun filosofikoa, egunerokotasunean bizitzeko duen modua».

«Erdi literaturaren» falta

Sardui ados dago Aizpuruk esandakoekin. Istorioa kontatu nahi zuen berak, idazle izateko asmo handiagorik gabe, eta horixe egin du: istorioa kontatu. «Euskal literaturan halako liburuak falta dira. Falta dira, edo behintzat, ez daude ugari». Aletu du gero iritzia: «Goi literaturarako joera larregi dago Euskal Herrian. Euskaltzaindiko pertsona bati entzuna diot liburua irakurri eta hiztegia begiratu beharrean aritzen dela. Hori oso arraroa da. Erdi literatura apurtxo baten falta sumatzen dut. Egon badago, baina zabaldu egin behar da».

50eko eta 60ko hamarkadan hasi ziren sagardotegiak indar apur bat hartzen, eta horregatik hautatu du garai hori bere eleberrirako egileak. Eta azaldu du lekuen izenak asmatzeko arrazoia ere. «Garai hartako Euskal Herria da eleberrikoa, bai, baina ez nuen kale batean zentratu nahi, herri batean edo eliza batean».

Aterik ez du itxi Sarduik. «Liburua irakurri zuenean, Ritxik [Aizpuruk] esan zidan bazuela pelikula baten itxura. Agian egin zitekeela pelikula bat liburu hau abiapuntu hartuta, eta..., tira, ba zergatik ez? [Barreak]. Hori ikaragarria litzateke, ezta?». Liburu gehiagorik idatziko lukeen galdetuta, musikan izandako esperientzia deskribatuz eman du erantzuna. «Lehen diskoa atera genuenean, asmo handirik gabe atera genuen, eta han hasi zen gure ibilbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.