Literatura

Nola idatzi polizia nobelak

Paradoxen printzeak, Gilbert Keith Chestertonek, Brown aita izeneko pertsonaia katoliko eta begi-zorrotza gidatuz, intrigazko 50 lan baino gehiago idatzi zituen. Ziurrenik, haren lanik luzeena eta garatuena da Brown aitaren segida, nahiz eta haren bestelako lan batzuk nabarmendu izan dituzten sarri meritu gisa. Hauekin, giza misterioaren zimurrak haztatu zituen. 'Como escribir cuentos policiales' gidan (Acantilado argitaletxea), istorio haiek idazterakoan ikasitakoa deskribatu zuen, intriga edo bestelako genero ilun batzuetako idazleen lagungarri.

Gilbert Keith Chesterton idazle ingelesa (1874-1936). Z / BERRIA.
Jon Benito.
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
GK Chestertonek utzi zuen pertsonaiarik definituena da Brown aita. Umil itxurakoa, utzia janzkeran eta batere erasokorra ez izateko moduan. Beti aterki handi baten babesean, begia zorrotz, giza izaeraz zuen ezagutza harrigarriagatik eta bere dedukzio eta logikagatik, krimenik izugarri eta odoltsuenak askatzeko abilidadea erakutsi zuen. Sekretua edo misterioa azalpen irrazionalen bidez soilik zehaztu zitekeela uste zuen Chestertonek, eta Brown aitak ere, ezinbestean, bide bera hartzen du, irrazionala, misterioa deszifratzeko bide laburra balitz bezala; baina hura itzulikatuz, hasiera batean irrazional, paradoxiko eta arraroa dirudiena arrazional eta sinple bilakatzen du. Detektibe nobela hobeak idatzi diren arren, ez da guztiz baldarra Chestertonen ahalegina. Dena dela, berak ere ondo ezagutzen zituen bere mugak, eta polizia nobelak idazteko aholkuak ematen dituen saiakera hau idatzi zuenean, argi utzi zuen: «Argi gera bedi artikulu hau idazterakoan erabat jabetzen nintzela polizia ipuinak idaztean porrot egin nuela. Askotan, gainera».

Hutsa konpontzeko, edo umiltasunez abiatzeko, bere jarrera kontzientetik abiatuta honako saiakera hau asmo praktiko eta zientifikoz idatzi zuela dio, eta gizarte ikertzaile batek langabeziaz edota etxebizitza bat lortzeko duen ezintasunaz egingo lukeen bezala saiatu dela polizia generoaren torlojuak askatu eta berriz lotzen. Izatekotan ere, berea (eta berarekin Brown aitarena) saihestu beharreko eredua dela uste du. Hala eta guztiz ere, berak bururatu ez arren, esaten du intrigazko nobelak idaztean badirela jarraitu beharreko irizpideak. Eta ondo egin beharreko bestelako edozein arduratan bezala zergatik ez diren jendarteratzen galdetzen du.

Adibidea ematea

«Bizitzan arrakasta izateko modua, adibidez. Edonolako panfletoak publikatzen dira ikasi ezin diren gauzak irakasteko: berezko izaera izan, lagun asko gorde, poesia edo xarma izatea gomendatzen da. Literaturan eta kazetaritzan ere, irakatsi ezin diren hainbat gauza saiatzen dira irakasten, sarritan. Baina hemen artisautza literarioaren adibide garbi eta sinple bat, sorkuntza bainoago eraikuntza dena, ia bere zientzia guztian irakatsi ahal dena eta baita zenbait zorioneko kasutan ere ikasi... Berandu baino lehen, ikerketa kriminaleko metodoak azalduko dituzten liburuak ez ezik, kriminalak hezteko liburuak ere egongo dira liburutegietan». Horregatik abiatzen da langintza honetan: orain arte ezinezkoa zirudien literatura irakasteak; baina beste zientzia bat balitz bezala hurbilduko bagina bertara edo, are zehatzago, makina baten moduan aztertuko bagenitu haren mekanismoak, posible ote litzateke hau irakastea? Non hasten den narrazioa, zein duen irakurlea harrapatzeko amua, non gordetzen duen misterioa, errudunaren aztarnak, biktimaren izua, justiziaren ezkutuko ideia. Polizia narrazio guztientzat balioko lukeen eskema bat egituratzen saiatzen da Chesterton, hura oinarrizko ezaugarrietara laburtuz.

Lau ezaugarri

Lehena, eta helburu nagusia, misteriozko ipuin bat (baita beste edozein ere) idaztera jartzerakoan, ez da iluntasuna, agerian ez dagoena; argia baizik, denen begien bistara dagoena.

Ipuina irakurleak gertakari misteriozkoa ulertzen duen unerako idazten da, ez aurretiaz gertatzen den guztiarengatik. Krimena edo akatsa hodei baten soslai iluna da, eta trama askatzean argitzen da. Eta polizia ipuin ia guztiak txarrak baldin badira Chestertonen ustez, horregatik da, ideia horretan porrot egiten dutelako: hodeiaren itzalean edo iluntasunean tematzen direlako eta ez argian. Idazle britainiarrak zioenez, intrigazko nobelen egileek uste dute funtsean euren lana irakurlea nahastea dela; horrela, nahastuta dauden artean, berdin baitio irakurleak dezepzionatzea. Baina intriga nobela edo ipuin hauetan garrantzia ez dago ezkutuan dagoen horretan, ezkutatzen den horren garrantzian baizik.Edozein forma artistiko, liburuan dioenez, nahiz eta tribiala izan, (gutxienez) egia baliotsu batean oinarritzen da. Eta horren ezkutaketa da giltza.

Bigarren gakoa da, gida honetan ikus daitekeenez, detektibe ipuinen arima, konplexua izan ordez, sinple eta argia dela. Sekretua, ezkutatzen dena, korapilatsua izan daiteke, baina sinpletu egin behar da. Idazleak misterioa azaltzeko egon behar du, ez misterioaren azalpena azaltzeko, eta, sarri, detektibe literario zenbaiti misterioa baino gehiago korapilatzen zaie irtenbidea: konplexuagoa zaie krimena argiunea baino.

Hirugarren gako gisa, misterioan barreiatuko gaituzten pertsonaiek konfiantzazkoak izan behar dutela esaten du. Alegia, nola detektibeak hala gaizkileak, misterioa ezkutatzen dutenak ezagun, gertuko egin behar zaizkio irakurleari: alegia, hiltzaile eta detektibeaz gainera, beste funtzio bat ere bete behar dute narrazioan. Norbaiten aita edo arreba, lankidea edo herrikidea behar du izan. Afinitate bat pertsonaien artean, baina baita irakurlearekin ere: bestela ez dago sorpresarik, soilik originaltasuna: nola harrituko da irakurlea, ez badago zerbaiten zain? Kontatzearen, narratzearen artea konbentzitzean datzala dio Chestertonek,eta, horrela, idazleak irakurleari gaizkilea krimenaren lekura ez dela gaizkia egiteko asmoz joan sinetsarazi behar dio. Irakurleak ezin dio bigarren zentzurik aurkitu.

Detektibe nobela joko bat da azkenean: irakurlea ez da gaizkilearen aurka ari justiziazko ideia dibino batean oinarrituta, egilearen aurka baizik. Eta, beraz, istorio oro, idazlearen ideiatik abiatu eta irakurleak gogoratzen ez duen edo arretarik jarri ez dion eguneroko xehetasun batekin hasten da: hor dago ideia, hor dago iruzurra, tranpa, misterioa. Zer daki idazleak irakurleak ez dakiena? Nola ezkutatu du? Nola esan dio ezkutuan daukala eta nola agerrarazi dio? Hara hor Chesterton argitzen saiatzen dena, Como escribir cuentos policiales liburuan, Brown aita gidatuz idatzi zituen ipuinen autokritika eginez, eta egungo nobela beltzen idazleen lagungarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.