Nola denak bekatariak garen

Gaizkiari buruzko gogoeta egin du Atx Teatroak '7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak' antzezlan berrian, zazpi bekatu kapitalak ardatz hartuta. Azpeitian estreinatuko dute pieza, azaroaren 2an

Aiora Sedano, Estibaliz Villa eta Miriam K. Martxante aktoreak 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak antzezlanaren entseguan. ATX TEATROA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Alferkeria: txarra. Bekaizkeria, are okerragoa. Harrokeria: kaltegarria. Haserrekeria da laugarren bekatu kapitala. Eta lizunkeria, bosgarrena. Jalekeria eta lukurreria. Bekatuak denak. «Gizakiaren kontrola bermatzeko sortu ziren bekatuak, eta ez pertsona hobeak egiteko». Txatalak balira bezala, zazpi bekatu kapitalak hartu, eta pertsona bakarrean josi dituzte Iñaki Ziarrusta antzerkigileak eta Atx Teatroko kideek. «Piztia bat sortu dugu, gizaki gupidagabe bat». Umorez, gaiztakeriei buruz gogoeta egin du Atx Teatroak7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak antzezlan berrian. «Bekatu egitea edo gaiztoa izatea bizitzeko beharrezkoa dela atzemango du ikusleak». Satira bat dela dio Ziarrustak, «punk-komedia bat». Igandean egingo dute aurrestreinaldia, Donostiako Larratxo kulturgunean, eta estreinaldia, berriz, azaroaren 2an izango da, Azpeitiko Soreasu antzokian (Gipuzkoa), 36. Euskal Antzerki Topaketen barruan.

200 urte igaro dira Mary Shelley idazleak Frankenstein pertsonaia ospetsua sortu zuenetik. Hainbat pertsonaren gorputz atalak batuta sortutako fikziozko pertsonaia bat da Frankenstein, eta ideia beretik jo dute Atx Teatroko kideek beren munstroa sortzeko. «Gizakiaren eraikuntza bat dago Shelleyren obran, zatika eraikitzen baitu munstroa». Gorputz atalekin ez, zazpi bekatu kapitalak josita sortu dute Atx Teatrokoek beren pertsonaia: gupidagabea eta gaitz zein bekatu guztien eramailea. Hortik obraren izena. «Guk bizirik irauteko bekatuak zein garrantzitsuak diren erakutsiko dugu antzezlanean». Miriam K. Martxante, Aiora Sedano eta Estibaliz Villa aktoreak izango dira oholtza gainean.

«Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Saihestu ezina da?». Gaiztakeriei buruzko gogoetak ditu antzezlanak oinarrian. «Non dago gure sena? Galdu ote dugu gizakiaren berezko sena?». Gizakia mugatuta bizi dela dio Ziarrustak, eta berezko senak ia desagertuak dituela. Muga hori irudikatzeko, hiru plano bereizi dituzte ikuskizunean: bekatuen antzezpena, horien aurkako iraultza, eta fikzioaren eta errealitatearen arteko irudikapena. «Zazpi bekatu kapitalak irudikatuko dituzte aktoreek, era dibertigarri eta zentzugabean». Hiru emakumek kontatuko dute istorioa. «Horra bekatu originalaren erantzuleak». Genero ikuspegiak obrari egiten dion ekarpena azpimarratu du Ziarrustak.

Debekuekin nazkatuta dauden hiru agureren azaletik irudikatuko dute iraultza. «Elizak marraztu ditu bekatuak, eta gizartea kontrolatzeko tresna bat baino ez dira. Beldurraren bitartez, arauak sortzen dituzte, kexarik egin ez dezagun». Bekatuak gizartearen senaren parte direla azaleratuko dute. «Erakutsiko dugu bizirik irauteko gaiztoak edo bekatariak izan behar dugula momentu batean edo bestean». Ohi bezala, ikusleak zirikatuko dituzte emanaldian.

Antzezlana fikzioa dela ekarriko dute gogora hirugarren planoan. «Hainbatetan, agerian jarriko dugu antzezten ari garela, esandako guztiari garrantzia kentzeko». Entxufe batekin jolastuko dute horretarako: entxufea sartzean bukatuko da antzerkia, eta, kentzean, berriz hasi. «Gai mamitsuei buruz hitz egiten dugun arren, antzerkian gaudela eta jolasa dela erakutsiko dugu etengabe. Finean, komedia bat da ikuskizuna, ganberrada bat. Gure buruaz era sano batean eta inolako konplexurik gabe barre egiteko medioa besterik ez da antzerkia». Argi dio Ziarrustak: ikusleak momentu atsegin bat izatea da ikuskizunaren helburu behinena.

Elkarlanean sortutako obra

Ezohiko bide batetik sortu dute pieza berria. Orain arteko antzezlanetan, aldez aurretik zehaztutako gidoi baten jiran egin du lan Atx Teatroak, baina denen artean ondu dute testua oraingoan. «Hasierako ideia bat bagenuen, baina, gerora, aktoreekin aritu gara inprobisazioan». Joan-etorriko lanean aritu dira azken hilabeteetan. «Aktoreei ez diegu testu itxi bat eman, buruz ikasi eta interpreta dezaten. Egoera bat eman diegu, eta guztion artean erabaki dugu egoera horren gainean zer egin». Beraz, elkarlanean ondutako antzezlan bat da igandean oholtzaratuko dutena.

Abian jarri ahala sortu dute gidoia, baina hasierako ideia, hazia, aldez aurretik zuen buruan Ziarrustak. «Niretzat, terapeutikoa da antzerkia». Haserretik sortzen duela aitortu du, irri artean. «Lagun artean aipatzen diren gauzak eramaten ditut antzerkira. Kasu honetan, kontrolaren gaiarekin nenbilen bueltaka: arauen eta debekuen bidez kontrolatuta nola gauzkaten nuen buruan. Pentsa: gaur egun, Internet eta sakelakorik ez izatea ere bekatua da». Barrez aitortu du antzezlanean ez zaizkiola sartu bururatu zaizkion bekatu guztiak. «Elizak zehaztutakoa zazpi bekatu kapitalak lantzea erabaki nuen, gauza asko ditudalako Elizari esateko ere».

Kritika eta hausnarketa kutsuko obrak ondu ohi ditu Atx Teatroak. Genero indarkeria eta boterearen faltsukeria landu zituzten, besteak beste, Tomiris, Fakiu eta Arren ganbara eta emeen sotoa aurreko hiru piezetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.