Nola begiratu, zer irudikatu

Komikietan emakumeak irudikatzeko erak eta andreek ondutako lanak genero ikuspegitik aztertzen ditu 'Begiradak komikietan' erakusketak. Donostiako Komikigunean hamaika adibide daude ikusgai

Begirada misoginoaren adibide ugari ageri dira erakusketan. GORKA RUBIO / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Emakume bat biluzik, soina atzerantz etzanda, erdi belauniko. Gizon batek menpean du haren gorputza, eta beso batez bularraldea zulatzen dio. Eta, hala ere, plazera marraztu du irudigileak andrearen aurpegian. Nola begiratzen dio munduari komikigile horrek? Nola emakumeari? Nolako iruditeria eraikitzen du bere lanetan? Komikietan islatzen diren begiradak genero ikuspegitik aztertu eta teorizatu ditu Josune Muñoz Skolastika elkarteko kideak, eta dozenaka adibideren bidez azaldu ditu, Begiradak komikietan: emakumeen komikiak eta komiki feministak erakusketan. Donostiako Komikigunean ekainaren 16ra bitarte bisitatu ahalko da.

Askotariko materialak biltzen ditu erakusketak: jatorrizko hainbat lan daude hormetan zintzilik, eta, hiru bitrinatan, dozenaka album eta komiki ale ikusgai. Horiekin batera, hainbat panel daude; begirada ezberdinei buruzko azalpenak eta adibideak jasotzen dira horietan. Hain zuzen, begiradak hartu ditu oinarri Muñozek erakusketa antolatzeko. «Mundua jasotzeko, ulertzeko, eta gero kontatzeko eta irudikatzeko moduak dira begiradak. Ez dago begirada neutrorik; begirada bakoitzaren azpian ideologia bat dago, eta haren arabera sortzen dira irudiak, edukiak eta mezuak».

Komisarioaren arabera, komikigintzan begirada sexista izan da «ohikoa». Hari eskainitako panelarekin hasten da proposatutako ibilbidea. «Gure gizarteak sexistak dira, eta, beraz, halakoak izango dira gure gizartea kontatzen diguten komikiak ere». Ohikoa izanik, neutrotzat, normaltzat hartzen dena da, eta ezaugarri jakin batzuk dituzte begirada horretatik sortutako emakumeen irudiek: «Emakumeak infantilizatu, erotizatu eta sentimentalizatu egiten dira, eta haien bizitzak batez ere emozionalak dira; maitasun erromantikoa da proposatzen den ia bakarra». Ikuspegi horretatik ondutako komikietan, andreak objektuak izan ohi direla dio Muñozek, «salbu eta neskentzako materialetan, non subjektuak diren, baina bigarren mailakoak betiere». Adibide bat jarri du: garai bateko mutikoentzako Chicos komikiaren neskatoentzako kidea Mis chicas zen. Halako dozenaka adibide biltzen ditu panel horrek.

Alboko panelean, begirada misoginoa aztertzen da. «Aurrekotik hona hainbat muga zeharkatzen dira, urrunago doa», dio komisarioak. Begirada horretatik sortutako lanetan, «andreak gizakiak ere ez dira, deshumanizatu egiten dira; gorputz biluzi batzuk baino ez dira. Begirada sexistan erotika handia badago, hemen proposatzen den irudia pornografia da». Iruditeria horretan, andrazkoek ez dute testuingururik, ez sentimendurik; animalia gisa agertzen dira sarri. «Begirada honetatik, emakumeen aurkako indarkeria itzela isurtzen da. Normalizatu egiten da, baita eragiten zaien kaltea justifikatu ere: emozio gabeak direnez, ez dute sufritzen, eta sufritzen dutenean, gozatu egiten dute, gainera».

Zirrara handia eragiten duten irudiak ageri dira panelean. Estetikoki ederrak dira batzuk, emakume bat uretan murgilduta eta aurpegia hostoz erdi estalita ageri dena, kasurako. Hain justu, kontraesanaz ohartarazi du Muñozek: «Oso ongi ikasi dugu irudia ederra bada mezua ezin dela itsusia izan, eta edertasunarekin geratu gara soilik». Adibide argia da aipatutakoa: «Oso irudi ederra da, oso ondo egina, erabat orekatua... Baina urrats bat atzera egin, eta jabetzen zara andrazko hori sexualizatuta dagoela; hilik dagoela; eta lepo eta besoen neurriari begiratuta, anorexikoa dela. Baina hain da irudi estetikoki orekatua eta erakargarria, ez garela jabetzen hor dagoen andreenganako indarkeriaren mezua jasotzen dugula, behin eta berriro».

Ospe handiko egileenak dira batzuk; Manara marrazkigilea da horietako bat, eta haren lanak «luxuzko produktu gisa» saldu izan dira. «Maisutzat jotako egileak dira, ukiezinak direla dirudi, baina Manararen iruditeria oso misoginoa da, adibidez». Maiz halako irudiak inkontzienteki sortzen direla uste du, eta gogoetaren beharra nabarmentzen du. Badira begirada horretatik emakumeek eginiko lanak ere; bi euskal emakumek ondutakoak ageri dira horren lekuko. «Begirada misoginoaren atzean, ez da zertan gizonengan soilik pentsatu, ez eta andre baten lumatik eduki feministarik itxaron ere».

Begirada feminista

Horiek ikusita, «nola ez zen sortuko horri aurre egiteko materialik?», galdetzen du Muñozek. Begirada feministari buruzko azalpenak eta adibideak jasotzen ditu hurrengo panelak, eta komiki feministen ingurukoak hurrengoek. Horien azpian, bi bitrinatan, Muñozek bildutako dozenaka album eta komiki ale daude: AEBetatik ekarritakoak dira gehienak lehenean, 1970eko eta 1980ko hamarkadetakoak, baina badira Kanada, Alemania eta Frantziakoak ere, kasurako; bigarrenean, Espainian sortutakoak bildu ditu.

Hain zuzen, AEBetan 70eko urteetan sortu zen komiki feminista. Komiki undergroundaren eztanda izan zen urte haietan. Gizonak ziren egile gehienak, «baina emakumeak ere hasieratik egon ziren hor, eta bazuten begirada feminista bat». Komiki haiek, «edukien batere kontrolik gabekoak izanik, ohikoak baino askoz ere misoginoagoak» zirela jabetu ziren, eta haien komikiak sortzen hasi ziren. Trina Robbins jotzen da mugimenduaren sortzailetzat, baina beste hainbat ere aritu ziren harekin batera; Wimmen's Comix aldizkaria da horren lekuko.

Ezaugarri jakinak ditu begirada horrek, Muñozen esanetan: umorea eta kritika baliatzen ditu salaketarako. Gaien aldetik ere ekarri zuen berritasunik: «Begirada ez da bakarrik zelan begiratzen den, baizik eta zeri begiratzen zaion. Eta emakumeen komiki hauetan lantzen ziren gizonen lanetan sekula agertzen ez ziren gaiak: abortua, amatasuna, hilerokoa... Gainera, andreen idealizazio eta erotizazioaren aurka agertu ziren. Begirada misoginoak deshumanizatzen baditu, honek humanizatu egiten ditu, emakumeen kezkak eta gaiak agerraraziz».

Europara ere heldu ziren halakoak, Frantziara zehazki —AhNana aldizkaria da adibide nagusia, «intzestuaren gai tabua salatzeagatik» gobernuak 78an itxi zuena—. Espainiara, ordea, luzaz geroago iritsi ziren, 90eko urteetan. Egon zen bestelako komiki feminista bat, hala ere, «baina bereziki feminismoaren munduan kontsumitzekoa zen, teoria feministak ezagutarazteko, adibidez».

«Maistren» begiradak

Egile jakin batzuen begiradak ere nabarmentzen dira erakusketan, begirada propioak. Adibide gisa, hiru emakumek ondutako komiki laginak daude, «maistren lanak» Muñozentzat: Alison Bechdelen Fun Home (2006), Claire Bretecherren Les Mères (1982) eta Marjane Satrapiren Persepolis (2000), andreen komikigintzan «mugarri» dena azken hori. Egile bakoitzaren mundua dago horietan. «Hau beste komiki bat da, XXI. mendekoa, berria, aberatsa, nortasun handikoa, oso ederra, eta edozein gai jorratzen duena».

Euskal komikiari eskainitako txokoan ere badira maistren lanak. «Guk denetarik eduki dugu: Ignacia Zabalo, gerra aurreko irudigile aitzindaria; Asun Balzola, nazioartean izena duena eta begirada sexista apurtzera etorri zena; Gentz del Valle, Arte Ederretatik pasatu eta kutsu hori ekarriko zuen belaunaldiaren aitzindaria; Amparo Akarregi...» Komiki egitasmo bat egon den aldiro, «emakume handi bat hor egon da beti», Muñozen esanetan: Agere, Kili-Kili, Xirrixta, Ipurbeltz, Habekomik... Euskal emakumeen orain arteko komiki antologia bakarraren ale bat ere badago ikusgai: Aizan izenburupean Napartheid-ek kaleratutakoa. Aldameneko horman, panel txikiago bana eskaini zaizkie Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpiazu Axpi-ren lanei.

Nola dago egun euskal emakumeen komikigintza? «Pil-pilean!», dio Muñozek, ziur. «Orain helduko zaigu gure urrezko garaia, asko itxaron barik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.