Errazkeriarik ez du nahi Jon Mikel Euba artistak (Zornotza, Bizkaia, 1967). Carreras Mugica galeriako atea irekitzerako jarri dio horregatik lehen ataka bisitariari; ataka intelektuala, nahi bada. Erakusketaren izenburuan bertan: Ohar gehigarriak eta ekibalentziak (Publiko espezializatuarentzako diskurtso expositiboa). Baina ez da hor amaitzen kontua. Ataka fisikoa ere gainditu beharko du gero bisitariak areto nagusirainoko pasabidean. Azienda bereizteko langak diruditen lau burdinazko egitura jarri ditu bertan artistak, eta piezen tituluak azaltzen du haien funtzioa: Bi edo lau hankako animalien hautapenerako instrumentua (3. fase kontruktiboko ekibalentzia). Pertsonak eta zaldiak uzten ditu pasatzen barra bertikalak dituen lehen ateak. Pertsonak bakarrik pasa daitezke bigarrenetik, barra horizontalak dituenetik. Eta azken ateak, barra horizontalak eta barra bertikalak dituztenak, biak batera itxiz gero, akabo: ez pertsona, ez zaldi. Hori bai, Eubaren azken urteetako lana zabal eta sakon erakusten duen bilduma topatuko du areto nagusiraino heltzen denak. Kezka bat dago ataka horien guztien atzean: «Gero eta kontsumitzaileago bilakatzen ari da jendea. Batzuetan, badirudi kexatzen baino ez dakiela, baina ez da gai gogoeta kritikorik sortzeko». Uztailaren 10era arte egongo da zabalik erakusketa. Atakekin, baina zabalik.
Gaur egun, nazioartean oihartzun handiena duten euskal sortzaileetariko bat da Euba, eta azaldu du bere motibazioa: ez du nahi erakusketa ikustera edo erakusketa ulertzera datorren ikuslerik, eta are gutxiago erakusketaz kexatzera datorrenik; erakusketa bizitzera datozenen bila dabil bera. Horregatik atakak. «Ideologikoki pop bat naiz, eta atea gurutzatzen duen edonork esperientzia bat izan dezan gura dut. Ez zait batere gustatzen nonbait sartzeko karnet bat edo liburu hau ala bestea irakurri beharra duzula sentitzea. Tituluak karneta eskatzen duela dirudi, baina sartzen den edonori eskaini gura diot esperientzia bat bizitzeko aukera». Ataka beste amu eskaintzen dizkio horregatik erakusketak bisitariari. Esplikazio itxien inolako baltsamorik gabe, halere. Jean Luc Godard zinemagilearen aipu bat dakar Eubak bere jarrera azaltzeko: «Sagar bat jan egiten duzu, ez ulertu».
Azken urte luzeetan eginiko lanaren nondik norakoa biltzen du erakusketak, eta Carreras Mugicako erakusketaraino eraman duen ibilbidea azaldu du artistak. 2008an, Velazquez pintorearen zaldi gaineko erretratuak hartu zituen oinarri erakusketa baterako, baina, Joseph Beuyes artistak 1969an zaldi zuri bat erabiliz sortutako Titus Andronicus/Iphigenie performancearekin topo egin, eta bere hurrengo lanean berak ere zaldi bat erabiliko zuela erabaki zuen. Ez hori bakarrik. Andy Warholek zuzendutako Velvet Undergrond musika taldearen bideo bat ere erabili nahi zuen partitura bisual modura. Ekibalentzia jolas bat proposatzen zien horretarako Eubak performancean parte hartzen zuten kamerariei, eta jarraibideak ere zehaztu zizkien. Warholen kamera nola, haiek ere hala. «Aldiro hezkuntza moduko bat eskaini behar nien kamera erabiltzaileei, eta, denborarekin, ohartu nintzen kode bat sortu nuela». Eta ibilbide hori guztia da orain erakusketan ikus daitekeena. Han daude Velvet Undergrounden bideotik ateratako irudiak, han Beuyesen performancearen irudiak, eta han Eubaren performancean kamerariek jarraitu beharreko irizpideak azaltzen dituzten testuak ere.
Icebergaren punta
Irudiak, testuak eta eskulturak biltzen ditu erakusketak, eta ematen du bildumak Eubaren azken urteetako lanaren aniztasunaren berri ere. Diziplinen nahasketa, beste artisten lanen oihartzunak, ikuslearen parte hartzea... Eta, halere, bada erakusketa osoa hartzen duen leitmotiv bat. Izan ere, bi marra bertikalek eta bi marra horizontalek banatzen dituzte hormetako irudi guztiak, sei ataletan. Bi barra bertikalek eta bi barra horizontalek osatzen dituzte sarbideko atakak. Eta bi marra bertikal eta bi marra horizontal horiekin osatutako bariazioak ageri dituzte neurri handiko 13 panelek ere, hormetan. Irudi sinple horren bidez eskaini nahi izan dio bere unibertsorako sarbidea bisitariari Eubak. Hori izan da saioa. Ikusleari icebergaren punta erakutsi, eta itsasoak estaltzen duena igartzen uztea.
Beste hitz batzuekin esan du lehen ere. Jateko eskaini nahi die sagarra ikusleei; ez ulertzeko.
Orain 23 urte izan zuen bere azken erakusketa indibiduala Eubak Bilbon, eta pozik dago itzulerarekin. Pozik galeriarekin, eta pozik galerian suertatu zaizkion kideekin ere. Izan ere, Jon Otamendi artistaren La enorme manada (Saldo handia) lana dago hall-ean, eta Azucena Vieites artistaren lanak, berriz, Estudio gunean. Lan bakoitzak bere nortasuna duen arren, elkarrekin oso ongi osatzen direla uste du Eubak. «Mundu guztiak daki ikaragarria dela euskal gastronomiaren maila, bada artearena ere izugarria da. Gora eta gora doa».
Nola azaldu koadro bat zaldi bati
Jon Mikel Euba artistak azken urteetako bere lana biltzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu