Hauteskundeak ditugu gaur EHUn, eta pozgarria da hautatu ahal izatea. Bozkatu ahal izan dudan guztietan hautagai bakarra izan denez, ez da benetako kanpaina seriorik egon; aurrekoarekin jarraitzeko joera nagusitu da, eta irakasleon artean ere pasibotasunez hartu izan da abagunea. Aurten, Joxerra Bengoetxearen aurrerapausoak Eva Ferreiraren taldea programa definitzera behartu du, egoera animatuz: debateak ikusi ditugu, proposamenak egon dira, hala nola iritzi bilketa.
Eguna aprobetxatuko dut, irabazten duenak irabazten duela ere, EHUn artearekin lotuta egiteko geratzen zaigun kontu bat azpimarratzeko. Bizkaia Aretoa eraiki zutenean, batzuk pozez pentsatu genuen eraikinaren parte bat EHUren erakusketa areto finkoa bilakatuko zela, programazio artikulatuarekin. Lekua ezin hobea da: Guggenheim eta Arte Ederretako museoen artean, artezaleak ezin hurbilago.
Baina tamalez, errealitatea bestelakoa izan da. Pribatizazioaren eraginez, eraikina hainbat eginkizunerako erabiltzen da, askotan alokatuta. Ez du programazio propiorik: patchwork modura, hainbat lekutatik datozen proposamenak ahokatzen ditu egutegian, koherentzia eta testuinguruarekiko harremana kontuan izan gabe. Probetxurik handiena ateratzeko, gainera, erakusketa gehienak astebetez egoten dira bakarrik irekita; interesa dugun askori ere pasatu egiten zaizkigu, egunerokotasunean murgilduta.
Egoera tristeagoa da oraindik EHUk baduelako Arte Ederren fakultate bat, non artistak ikerketa taldetan dauden eta euren ikerketen emaitza liratekeen proposamenak luza ditzaketen; baditu komisario lanetan ibiltzen garen arte historialariak eta artistak ere bai. Eta badu bilduma bat: urteetan ikasleei erosi zaizkien piezek edota sariak jaso dituztenek osatzen dute, eta publikoarentzat erabat ezezaguna da. Artistez eta komisarioez gain, EHUn badira historialariak, antropologoak, zinemagileak, filologoak, zientzialariak eta beste aditu asko, arte adituekin elkarrizketan erakusketa proiektu hibrido ederrak ondu ditzaketenak.
Bizkaia Aretoko gela bat EHUko erakusketa areto iraunkor bihurtzea apustu ekonomikoa izango litzateke, bai: hura kudeatzeko eta programatzeko norbait liberatu edo postu berri bat sortu beharko litzateke; erakusketek beraiek aurrekontua beharko lukete, batez ere produkzio berriak sustatuko badituzte; eta bilduma propioak edozein kasutan zaintza hobeagoa behar du, aretorik gabe ere. Baina inbertsio horrek lotura berria ezarriko luke EHU eta hiriaren artean, eta artearen eta kulturaren onerako egiten den lan handia eta ona agerian utziko luke. Kultura zientifikoko katedra bat badugu jada; agian bada ordua arteei gela propio bat emateko.
Eta Olentzerori eskutitz honetako azken eskakizuna: ez dadila Txillida edo Oteiza aretoa deitu, arren.