La Basu rap abeslariak euskara hutsezko lehen diskoa kaleratu zuen iaz: Ni naiz izotz erregina, eta aurten salmahaia hartzera «ausartu» dela dio. Autoekoizpenean aritzen da, eta hala aritzen da Imanol Ubeda ere, Don Inorrez proiektuarekin: «Aurreko urtean eta aurten ere Musika Zuzenean-eko jendeari esker lortu dugu lekutxo bat egitea gure diskoari, bestela ezinezkoa litzateke». Azokaren ingurumarian ari dira bi musikariak egunotan.
Nola heldu zineten hona aurrenekoz?
IMANOL UBEDA: Deabruak Teilatuetan taldearekin hasi berritan izango zen; lehen diskoarekin, 1995ean. Ez dut uste aurretik etorri nintzenik.
LA BASU: Ni ere ez, ez gurasoekin, ez ikastetxearekin, ez nintzen etorri aurretik. Lehen aldia duela bost urte-edo izango zen, ez gehiago.
Zerrenda eginda zatozte, ala ikusi ahala aukeratzen duzue?
I.U.: Ikusi ahala. Baditut gauza batzuk buruan, baina zerrendarik ez. Are, oraindik ez dut erosi erosi nahi nuena; beste gauza batzuk erosi ditut.
L.B.: Nik ere ez dut zerrenda egiten. Baina urtero pentsatzen dituzu bi edo hiru gauza, eta joaten zara etxera zazpi edo zortzirekin.
Zuek kulturgileak zarete. Zuen ingurukoak etortzen al dira Durangora?
L.B.: Rapa egiten dut... [barrez]. Orduan, ez. Egia da azken urteetan euskal rapa indartzen ari dela. Beti arraroak izan gara euskal musikan, eta jarraitzen dugu izaten. Baina horretarako gaude hemen, erreferenteak sortunahian.
I.U.: Bai, gure inguruan beti egon da etortzeko joera.
Hemen bizi izan duzuen une kurioso bat.
L.B.: Gaur goizean, etorri da gazte bat eta esan dit: «Aizu, rapeatu ahal didazu, kontzertu bat eman hemen zuzenean?». Gero Ahotsenean jotzen genuela esan diot, eta kontzertuan ikusi dut.
I.U.: Duela lauzpabost urte egon ginen Oier Guillan ta ni Nola belztu behar zuria DVDarekin. Esan ziguten sinatzera etortzeko, etorri ginen, eta ez genuen bat bera sinatu. Baina ondo pasatu genuen.
Baina bat azokari.
L.B.: Nik amodio-gorrotoa diot azokari. Autogestioa egiten dut, eta ez da erraza hemen egotea. Uste dut kontzertu gehiago behar direla; talde asko aukerarik gabe geratzen dira.
I.U.: Bai. Iruditzen zait XX. mendeko mekanismoak daudela indarrean; standen alokairua, adibidez. Autogestioan bazaude eta ez badaukazu salmentarako gaitasun handia, aukera gehiago duzu galerak egiteko irabaziak baino. Iruditzen zait ez dela egokitu garai berrietara, eta diskogintzan gauzak asko aldatu dira.
Bi hitzetan, zertan egin dugu aurrera kultur komunitate gisa?
L.B.: Nire munduan, rapean, azokan egotea pentsaezina zen duela hogei urte. Hemen rocka, punka, euskal musika bai, baina rapa ez. Niretzat abaniko hori zabaltzea oso garrantzitsua da, eta alde horretatik egin da pauso bat.
I.U.: Nik rockean ere ikusten dut egon dela zabalkunde bat. Bada beste kontu bat: hiru belaunaldi gaude kantuan, eta uste dut normalizazio ezaugarri bat dela. Esan nahi du denboran sendotu den eszena bat dagoela, eta horri esker eduki ditzakegu 18 urteko kantariak eta 80 urteko kantariak.
Eta zertan goaz atzera, edo zertan gaude trabatuta?
L.B.: Teknologiak oso azkar doaz aurrera, eta diskoak saltzea ez da erraza orain. Niri beti galdetzen didate: «Euskal musika zer da, euskaraz egiten dena?». Niretzat, bai. Gero, nire lehen diskoa gaztelaniaz dago, eta abesti bat dago euskaraz; hemen egoteko, eduki behar duzu %33 euskaraz, eta ez digute uzten saltzen. Baina gero badaude liburuak osorik erdaraz. Nor zaren, egin ahal dira gauzak edo ez.
L.B.: Iruditzen zait noiz edo noiz aurre egin beharko diogula prekaritateari. Hemen enpresa pribatuen iragarkiak daude, dirua dago, baina Ahotsenera etor daiteke talde bat Mauletik eta ez diote dietarako ere ematen. Instituzioei zuzendutako kritika bat da. Duindu ditzagun baldintzak.
Aurtengo uztako bina ale?
I.U.: Ba eskuetan ditudanak: Berri Txarrak-en liburua eta Maddi Zubeldiaren diskoa.
L.B.: Nik Zea Maysen berria, eta, gero, pasadaz ikusi dudan Euskal Herriko emakume langileen inguruko lan bat. Kalakan-en diskoa ere urtero hartzen dut.
Durangoko 54. Azoka. Azokako beteranoak. La Basu eta Imanol Ubeda. Musikariak
«Noiz edo noiz egin beharko diogu aurre prekaritateari»
Garrantzitsutzat dute euren lanak azokan erakustea, baina autogestioan arituta leku bat izatea zaila dela diote, eta musika industrian izandako aldaketetara egokitzea pentsatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu