Literatura

'Noir' existentzialista

Pulp literatura deitutakoaren hiru izen nagusietako bat da David Goodis estatubatuarrarena. Lehen arrakastaren ostean, hondoa jo, eta 80ko hamarkadan berreskuratu zuten haren ondarea sorterrian.

David Goodis idazlearen irudi bat.
David Goodis idazlearen irudi bat.
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

James Sallis idazle estatubatuarrak 1993an plazaratu zuen Difficult Lives izenburuko saiakeran Pulp literaturari buruzko nondik norakoak jorratu zituen, besteak beste, poltsikoko genero merke horren sorrera, zeina eleberri beltzarekin lotu zuen zuzenki: «Bere jatorria nobela beltzean izan zuen kontsumo masiboko literaturak benetako gertakariak eragin zituen, milioika hitzeko ozeano handi bat, zeinetan bere argumentu estereotipatuen eta eszena oso erabilien gainetik, lantzean behin, gizartearen benetako izaera altxatzen zen, suge baten buruaren gisara».

Jim Thompson, Chester Himes eta David Goodis itsaso zakar horretan kaskoa azaleratu zuten hiru autore bikain izan ziren zeintzuk, Sallisen arabera, generoa hankaz gora jartzen saiatu ziren, ordea, «formaren mugekin eta beren barruko mugekin topo egin zuten». Beren baitako deabruen artean, nola ez, alkohola zegoen, zurruta eta genero beltza asaldatzeko nahia hirurek erakutsi zituzten ezaugarriak bihurtzeraino.

Hiruren artean, baina, Goodis (1917-1967) da ezezaguna eta gehien bereizten dena, eta, era berean, bere nobelak zeharkatzen dituzten pertsonaia galtzaileengandik gertuen dagoena: «Goodisen pertsonaientzat ez dago ihesbiderik, tranpa saihetsezinak baino ez, buruko presondegi gehiago». Izan ere, generoarekiko jarrera iraultzaile handirik ez zuen agertu Goodisek, bere obren bidez, gehienbat, amets estatubatuarraren alde ilunena erakusten ahalegindu baitzen. «Goodisen obra onenek bakardadeari eta beldurrari buruzko bestelako poetika sortzen dute». Bakartasun hori bere zoritxarreko bizitzari ere atxiki zitzaion. Hala deskribatu zuen Marvin H. Albert idazleak: «A! Goodis, maitasun zoroaren eta tristuraren arteko uztarketa, etsia eta, era berean, lasaia, agonia mantso eta erromantikoa. Gizon bakartia zen, etsi-etsian…».

Sallisek, halaber, autorearen izaera «arrotza» nabarmendu zuen Difficult Lives liburuan, bere nihilismoa eta existentzialismoa tarteko. Agian, horregatik atera zuen Frantziako zinemak, Sallisen hitzetan, «bizi zen historiako kale itsu bitxitik».

Idazle kondenatua

David Goodisen literatur eta bizitza ibilbideak gaurdaino iritsi zaigun autore gaitzetsiaren klixe zorigaiztokoa haizatzen du. Filadelfian jaioa zen, eta laster joan zen New Yorkera publizitatean lan egitera, 21 urte zituela. Bertan hasi zen Pulp generoko aldizkarietan idazten —10.000 hitz idazten omen zituen egunero—, eta irratian kolaboratzen. Arrakasta ere bizi izan zuen Dark Passage (1946), bere bigarren eleberria, tarteko, zeina hurrengo urtean zinema aretoetara eraman zuen Delmer Daves zinemagileak, Humphrey Bogart eta Lauren Bacall aktoreen laguntzaz.

Zine beltzeko klasikotzat jotzen da egun: iheslari baten istorioa kontatzen du, zeinak aurpegiko kirurgia estetikoko ebakuntza bat egingo duen, leporatzen dioten baina egin ez duen krimen baten akusazioari izkin egiteko. Hartara, Hollywoodeko deia jaso zuen, eta gidoilari lanetarako kontratatu zuen Warner Bros konpainia handiak. Sasoi loriatsu horren ondotik, porrotik handienean hondoratu zen Goodis, eta 1950ean, Filadelfiara bueltatzea deliberatu zuen, 33 urte zituela, eta hiriko azpimunduan desagertu zen, literatura beltzak eman duen misteriorik handienetako bat bilakatzeraino. Izan ere, hiri horretan eratu zen Goodisen enigma eta mitoa.

Filadelfian gurasoen etxean bizi zen, anaia eskizofrenikoarekin batera. Urtean bi eleberri idazten zituen, baina hasierako obren kalitatetik urrun zeudenak, literatura merkea plazaratzen zuen Fawcett argitaletxe merkearen bidez zabaltzen baitziren. Hala, etxean ematen zituen egunak giltzapetuta, idazteko makinarekin borrokan, baina gauez, hiriko taberna zulo, putetxe eta karkaba itzaltsuetan murgiltzen zen, eta idazleak, nagusiki, ezagutzen duen horretaz idazten duenez, bere nobelak ilunabarreko izakiz bete ziren; hots, bazterrean bizi diren kreaturez: galtzaileak, desertoreak, urdangak… Hirian alderrai dabiltzan bakartiak, itoaldi urbanoaren biktimak. Hori dela eta, ahots batzuek errealismo zikinarekin lotzen dute Goodisen obra.

Francois Truffaut zinemagilearen Tirez sur le pianiste filmeko irudi bat.
Francois Truffaut zinemagilearen Tirez sur le pianiste filmeko irudi bat.

Garai ilun horietako misterioa, baina, Los Angelesen finkatutako kazetari frantses batek argitu zuen, zeinak Goodis, la vie en noir et blanc biografia idatzi zuen. Frantziarrak lan eskerga egin zuen, eta idazlearen bizitzaren gertaera zehatz asko ekarri zituen bere liburuaren orrietara, tartean, Goodisen bizitza sexualeko detaile likitsak: gutxik ezagutzen zuten Elain emazte ilegorriarekin harreman sadomasokistak omen zituela edo emakume gizen beltzekin obsesionatuta ei zegoela. Idazlearen inguruan hamaika xelebrekeria idatzi dira; esaterako, zigarreten paketeetako zelofanezko zinta gorriak sudur zuloetan sartzen zituela hemorragiak zituenaren plantak egiteko, jatetxeetatik korrikan ateratzeko faktura ordaindu gabe.

Bere bizitzako azken urteetan The Fugitive (1963-1967) telesail ospetsua buruan sartu zitzaion, berak idatzitako Dark Passage nobela plagiatzen omen zuelako. Ondorioz, telebista katea salatu zuen, bai eta auzia irabazi ere, diru gutxi jaso izanagatik ere. Aita 1963an zendu zitzaion, eta ama, hiru urte geroago. Goodis, bestalde, 1967an hil zen, 50 urte zituela, garuneko infartuak jota. Idazlearen heriotzaren bertsio ezberdinak daude: batetik, gauez egiten zituen txangoetako batean bi lapurrek emandako jipoiaren ondorioz hil zela; eta, bestetik, alkoholaren eta bere bizitza nahasiaren ondorioz zendu zela.

Muskerrak eta frantsesak

Frantziarrak estatubatuarrak baino azkarragoak izan ziren nobela beltz eta merkeko autoreak ganorazko idazle osoak zirela antzematerakoan; hau da, Frantzian begi zorrotzagoa izan zuten Pulp idazleen talentu ezkutuari erreparatzerako orduan. Horren isla da Marcel Duhamelek zuzendutako Galimard argitaletxeko Serie Noire bilduma, non, hala nola Horace McCoy, James M. Cain eta, jakina, Goodisen lanak kaleratu zituzten. Goodisen nobelak, gainera, zinemara eraman zituzten Frantziako hainbat zinemagilek, besteak beste, François Truffautek, zeinak Down There (1956) nobelaren bertsio zinematografikoa zuzendu zuen 1960an, Tirez sur le pianiste, Charles Aznavour-ek antzeztua.

Bere herrialdean ere merezi zuen aitortza jaso zuen azkenik idazle estatubatuarrak; hain justu, bere obrak Barry Gifford eleberrigileak zuzendutako nobela beltz klasikoaren gaineko Black Lizard argitaletxeko katalogoan sartu zizkiotenean, 1980ko hamarkadan. Halaber, 2012an, Library Of America-k Goodisen bost eleberri garrantzitsuenak, Dark Passage (1946), Nightfall (1947), The Burglar (1953), The Moon in the Gutter (1953) eta Street of No Return (1954), argitaratu zituen ale bakarrean: David Goodis: Five Noir Novels of the 1940 & 50s, Robert Politok editatua. Goodisek, guztira, 20 nobela inguru argitaratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.