'Noe' estreinatuko du Malandain Biarritz Balletak, Donostian

Bibliako uholde handiaren irudikapen abstraktua eskainiko du Thierry Malandainen lanak. Bi emanaldi egingo dituzte Viktoria Eugenia antzokian: bata larunbatean eta bestea igandean

Thierry Malandain koreografoak sorturiko Noe balletaren irudi bat. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Donostia
2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Noe dantza koreografiaren aurre-estreinaldia egingo du Malandain Biarritz Balletak, datorren asteburuan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bi saiotan aurkeztuko du dantza konpainiak Thierry Malandain koreografoaren azken lana: batean larunabtean eta bestean igandean. Malandainen esanetan, «beste ballet mota bat» gozatzeko aukera izango da: «ballet abstraktuagoa» eta sinbologiaz betea.

Malandainek nabarmendu duenez, Noe ez da kristautasunari lotutako pertsonaia bakarrik, eta lanak ez du ideia kristaurik defendatzeko asmorik. Beste kultura batzuetan ere badira Biblian kontatzen den uholde handiaren antzeko istorioak, eta, beraz, Malaindainen hitzetan, baliteke gizadia Noe bezalako gizon batek salbatu izana. Noe bigarren Adam baten gisan irudikatu du. «Jainkoak gizadia berritzeko bigarren aukera eman zion Noeri. Gaia guztiz bat dator bizi dugun garaiarekin».

Koreografoak Gioacchino Rossini musikagilearen Messa di Gloria aukeratu du istorioa laguntzeko. Malandainek erlijio musika hautatu nahi zuen, baina ohikoa baino «neutroagoa», eta requiemak izan ohi direnak baino laburragoa. Hala, 70 minutuko iraupena izango du ikuskizunak.

Biarritz Balletaren azken lanak elementu sinboliko asko dituela aurreratu du Malandainek. Sinbolo nagusietako bat ura izango da. «Ura indar suntsitzailea izan daiteke, eta bizia sortzeko ezinbesteko elementua ere bada». Era berean, ura elementu eraldatzaile gisa jorratuko du lanak. «Ura gizadia eraldatzeko elementu gisa interesatzen zait. Kristautasunean bautismoarekin lotuta dago. Elizan, teorian, pertsonak ez dira irteten sartzen diren modu berean, eta gauza bera gertatzen da Noeren arkarekin ere. Berrogei eguneko bidai horretan, arkan doazenak aldatu egiten dira. Nik ere ikusleak antzokitik aldatuta irtetea nahi dut».

Agertokiak dekoratu «ederra baina soila» izango du. Koreografoak gustuko du orain ehun urte lan egiten zen moduari eustea. «Teknologiarekin hasi genezakeen ikuskizuna, bideo batekin, gerra eta gatazka irudiekin, bonba atomikoekin... baina modu horretan hastea agerikoegia litzatekeela iruditu zait».

Donostiako aurkezpenaren ostean, Biarritzen izango da Noe-ren hurrengo emanaldia, maiatzaren 3an. Aste bete geroago helduko da, Parisko (Frantzia) Chaillot Antzoki Nazionalera. Hamahiru saio egingo dituzte han, maiatzaren 24a bitartean.

Noe-ren ekoizpenak Ballet T egitasmoaren laguntza jaso du. Ballet T Aquitania-Euskadi euroeskualdeko mugaz gaindiko hitzarmena da, Euskal Herrian koreografia artea sustatzeko helburua duena. Horrez gain, laguntzaile izan dira Donostia 2016, Parisko Chaillot Antzoki Nazionala eta Saint-Etienne Opera.

Donostiako emanaldian, balleta osatzen duten 22 dantzariak parte hartzekoak ziren arren, 18 arituko dira azkenean, dantzari batzuen lesioak direla medio.

Malandain Biarritz Balleteko dantzariek teknika klasikoan oinarritutako formazioa dute, baina Malandainen koreografien bitartez, espresio garaikidea lantzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.