Milan Kundera

Nobelaren sakontasun menderaezina

Kunderak nobelak idatzi zituen batez ere, eta gogoeta ugari eskaini zizkion genero horren balioari. Haren lanik ezagunena 'Izatearen arintasun jasanezina' da. Parisen hil da, Txekiatik alde egin eta ia 50 urtera.

EFE.
Andoni Imaz
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Milan Kundera «nobelagilea» izan zen «idazlea» baino gehiago, haren hitzetan, nobelaren artearen balio estetikoa goratu baitzuen bere lanetan. Saiakera landu zuen arren —hain justu, nobelari buruzko Le rideau (Oihala) da ezagunena—, nobelan nabarmendu zen: Izatearen arintasun jasanezina da haren lanik ezagunena (1984). Astearte gauean hil zen Kundera, Parisen, 94 urte zituela.

1929. urtean jaio zen, Brno hirian, orduko Txekoslovakian—Txekiako hiri nagusietan bigarrena da egun—, eta Frantzian bizi zen 1975az geroztik, erbestera jo zuenetik.

Musika ikasi zuen haurra zela, eta, urteekin, literaturan murgildu zen erabat. Literatura irakatsi zuen Pragako Musika eta Arte Dramatikoen Akademian 1952. urtetik. Alderdi Komunistako kide egin zen 1948an; 1950ean kanporatu zuten, eta 1956an berriro onartu. Militantea izan zen 1970era arte.

1968ko Pragako Udaberrian parte hartu zuenez, Sobietar Batasunaren erantzunak, Txekoslovakiako erreformei aurre egiteko inbasioak, zuzenean eragin zion Kunderari —Milos Formani, Pavel Kohouti eta beste askori bezalaxe—: haren literatura debekatu zuten, eta alderditik behin betiko kanporatu.

Handitasuna, umorez

1967an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Zert (Broma). Estalinismoaren garaiko txekiar batzuen bizitza kontatu zuen, ironiaz. Hizkuntza askotara itzuli zuten, eta arrakasta handia ekarri zion. Zivot je jinde bigarren lanarekin (Bizitza beste nonbait dago, 1972) Frantzian saritu zuten. Hara jo zuen, Vera Hrabankova emaztearekin, Txekoslovakiako Gobernuak atzerrira joateko baimena eman zionean, 1975ean. 1979an kendu zioten sorterriko herritartasuna, eta 1981ean eman Frantziakoa —Txekiak herritartasuna eman zion berriro 2019an—.

Valcik na rozloucenou (Agurra, 1973) eta Kniha smíchu a zapomnení (Barrearen eta ahaztearen liburua, 1979) idatzi zituen gero, eta haren lanik ezagunena atzetik: Izatearen arintasun jasanezina. Pragako Udaberriaren garaian girotuta dago, eta gizon baten zalantza existentzialak erakusten ditu, eguneroko bizitzako eszenen eta gogoeta transzendentalen artean. 2009an, Karlos Cid Abasoloren euskarazko itzulpena kaleratu zuten Elkar eta Alberdania argitaletxeek, Literatura Unibertsala bilduman.

Nesmrtelnost eleberriaren (Hilezkortasuna, 1988) ondoren argitaratutakoak frantsesez idatzi zituen Kunderak: La lenteur (Geldotasuna, 1995), L'identité (Identitatea, 1998), L'ignorance (Ezjakintasuna, 2000) eta, azkena, La fête de l'insignifiance (Hutsalkeriaren jaia, 2014).

Cid Abasolok 1968ko Amodio barregarriak ipuin liburua euskaratu zuen (Erein, 1993), baita Ni, jainko nahigabetua eta Anuntziatzailea narrazioak ere, Armiarma.eus webgunerako (2016). Beatriz Zabalondok eta Jose Luis Aranguren Txiliku-k itzuli zuten 1981eko Jacques eta Nagusia antzezlana, eta Susak argitaratu zuen, 1991n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.