«Nobela petoaz» besteko literatura bat

Azken urteetako joerari segituta, eleberri laburra eta narrazioa izan dira 2024an nagusi euskarazko narratiban. Komikien «uzta oparoa» nabarmendu dute kritikariek, eta antzerkian, poesian eta saiakeran ere topatu dituzte lan azpimarragarriak.

Pello Lizarraldek 'Lanbroa' eleberria argitaratu du aurten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pello Lizarraldek 'Lanbroa' eleberria argitaratu du aurten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itziar ugarte irizar
2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

«Urteak utzi ditu kalitate oneko hamar bat lan, eta ez da gutxi». «Narratiban lan esanguratsuak izan dira aurten, eta zaila da bat aukeratzea». «Nabarmendu diren pare bat izenburu kenduta, aurten ipuin liburuek eta batez ere nobelek guztiz asebete ez nauten irudipena izan dut». Hurrenez hurren, Asier Urkizak, Irati Majuelok eta Nagore Fernandezek —BERRIAn helduen literaturan diharduten hiru kritikariek— 2024. urtearen literatur uztari begira egindako apunteak dira. Jatorriz euskaraz argitaratutakoa eta euskarara ekarritakoa kontuan hartuta, nobela izan da beste urte batez nagusi literatur generoei dagokienez. Baina, aurreko urteetako joerari eutsita hemen ere, nobela laburra —eta harekin batera ipuingintza— gailendu da narratiban . «Nobela mardulik, nobela petorik» ez, beraz, Urkizak azpimarratu duenez. Beste generoen artetik, poesian antzeman dute beherakada kritikariek, eta komikian, berriz, aipatzeko moduko hazkundea. Horien erakusgarri dira, bada, urteko uztatik nabarmendu dituzten argitalpenak.

Datuei erreparatu die lehendabizi Fernandezek. Aztertu dituen iturrien arabera, ondorioztatu du 2024an aurreko urtean baino liburu gehiago argitaratu direla —2023an 122, eta 2024an 158 inguru—, baina zehaztu du kopuruak ez direla berdin igo literatur genero denetan. Ipuin liburuak, nobelak eta saiakera lanak antzeratsu mantendu dira, baina aipatu du poesia liburuei dagokienez «beherakada nabarmena» izan dela: «2023an baino %5 gutxiago argitaratu dira». Antzerki lanak eta batik bat komikiak ugaritu dira gehien: «2023an baino %3 antzerki gehiago sortu dira, eta %7 komiki gehiago».

Narratibaren arloan, askotariko proposamenak egon izana txalotu du Majuelok. «Batez ere, Susaren zigilupean argitaratu dira genero honetako lan azpimarragarrienak», esan duenez, eta hizpidera ekarri ditu jadanik ibilbide bat egina duten idazleak —Uxue Alberdi (Hetero), Unai Elorriaga (Francesco Pasqualeren bosgarren arima) eta Beñat Sarasola (Coca-Cola bat zurekin)—; Miren Amuriza (Pleibak), bigarren liburuarekin «ibilbidea egonkortzera jo duena», eta Iñigo Astiz, zeinak narratiba lan bat argitaratu duen estreinakoz (Monogamoak). «Proposamen oso desberdinak eta interesgarriak denak, idazketan arreta eta mimoa jarri dutenak irakurleari lan literario sendoak eskaintzeko». 

Iñigo Astiz
Iñigo Astizen Monogamoak ipuin liburua nabarmendu dute BERRIAko kritikariek urteko lanen artean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

2024ko liburu nabarmenak

Nagore Fernandez
  • Fun Home. Alison Bedchel (itzulpena: Danele Sarriugarte, Txalaparta).
  • Monogamoak. Iñigo Astiz (Susa).
  • Lanbroa. Pello Lizarralde (Erein).

Irati Majuelo

  • Rifqa. Mohammed el-Kurd (itzulpena: Eider Beobide Urkizar, Katakrak).
  • Lurrez estali. Ximun Fuchsk, Axut konpainia (Susa, Ehaze).
  • Mo. Behi euskaldun baten memoriak. Juan Suarez, Pello Varela (Pamiela).

Asier Urkiza

  • Lanbroa. Pello Lizarralde (Erein)
  • Pleibak. Miren Amuriza (Susa).
  • Monogamoak. Iñigo Astiz (Susa).

Narratiba arlokoak izan dira Urkizak 2024an nabarmendutako hiru izenburuak ere: Astizen ipuin liburutik zera aupatu du, askotariko tonu, giro eta gaiak dituzten narrazioetan tonua «ipuin bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko egindako lana»; Amurizaren nobela «garai oso baten lekuko» dela azpimarratu du: «Lan handia egin du hizkuntzarekin, baita narrazioari lehenengo pertsona soilik erabilita eusten ere. Une oro bizitasuna eta kontatutakoaren esanindarra mantenduz, gainera»; eta Pello Lizarralderen Lanbroa lanetik, azkenik, txalotu du idazleak «denboraren astuntasuna eta ihesaren larrialdia» nola transmititzen dituen, ohiko kontamoldeari eutsita.

MIREN AMURIZA - 'PLEIBAK'
Miren Amurizak bere bigarren eleberria plazaratu du 2024an, Pleibak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hiru horiei ez ezik, narratibako beste hiru libururi ere egin nahi izan die azpimarra: Sarasolaren Coca-cola bat zurekin —«Beharbada nobelaren molde ohikora gehien hurbiltzen diren lanetako bat —pertsonaien eraikuntzan, denboraren garrantzian…—, zatikatua ere izanagatik»—; Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra (Elkar) —«Indar espresibo handiko eta eszena girotze ederreko lana, bi emakumeren patu gurutzatuaren berri ematen duena»—; eta Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima, zeinari ipuingintzaren «eragin nabarmena» antzematen dion —«Elorriagak idazkeraren tonuan egindako lan aipagarria, giroen sorkuntzan erakutsitako abilezia eta kontakizuna inguratzen duen ametsezko airea nabarmenduko nituzke»—.

Fernandezek ere aipatu du «neurri txikiari» eutsi diotela aurten nobelek —«gehienek ez dituzte 200 orrialde baino gehiago, eta, are, horietatik asko nouvelle moduan etiketatu daitezke»—, eta bat etorri da beste kritikariekin Lizarralderen eta Elorriagaren lanak nabarmentzekoak direla. Ipuin liburuei dagokienez, orobat, Astizena nabarmendu du, bai eta Itziar Otegiren Ezer ez dago utzi nuen lekuan (Elkar) eta Nerea Loiolaren Zebrak eta bideak ere (Erein).

Berbelitz, Rifqa

Itzulpena alde batera utzita, saiakera izan da euskaraz gehien ekoitzi den generoa 2024an. Majueloren ustetan, urteak ale interesgarriak ekarri ditu alor horretan: «Idazle berriak heldu dira, hala nola Uma Ulazia eta Martin Arbeo, pentsamenduaren ardatza Euskal Herrian kokatuta, inguratzen gaituzten prozesu politikoei buruz gogoetatzeko bidea zabaldu dutenak. Halaber, aspaldiko izenak itzuli dira, tartean Joseba Zulaika». Irudipena du, gainera, «saiakera estilo akademikotik» urrundu eta «beste genero batzuekin hibridatzen duten lanak» ere nabarmendu direla: Andu Lertxundiren Berbelitzen hiztegia (Alberdania), Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta (Susa) eta Annie Ernauxen Idazketa labana bat da (Katakrak), esaterako. Horien artetik, hain justu, Lertxundirena «derrigor aipatu beharrekotzat» jo du Urkizak ere: «Ez bakarrik itzulpengintzaz: literaturaz, esandakoez eta esan gabekoez dihardu Lertxundik, bere prosa ederra lagun».

Urteko lanik gustukoenen zerrendarako, Majuelok soilik hautatu du poema liburu bat aurten: Mohammed el-Kurd egile palestinarraren Rifqa (Katakrak), Eider Beobide Urkizarrek itzulia. «2024a Palestinako genozidioak markatu du, eta gure literaturan ere izan du eraginik», gogoratu du kritikariak. «Horien artetik Rifqa nabarmenduko nuke, gaur-gaurko begirada batetik mintzatzen baita min historikoez, eta saminari hizkuntza bat topatzeko ezintasunaz ohartarazi».

Urteko poesia uztatik, halaber, Gotzon Barandiaranen Galbahea (Susa), Leire Vargasen Bihotz-museo bat (Elkar), Iosune  Goñiren Ahizpa beltza (Balea Zuria) eta Maddi Sarasuaren Biharraren hegietan (Maiatz) berreskuratu ditu Fernandezek; Urkizak, bestalde, Angel Erroren Itzulpena-Traducción (Nafarroako Gobernua), Itxaro Bordaren Itzalen tektonika (Susa) eta Oihana Jakaren Itsaso amniotikoa (Elkar).

Bedchel, Roig

2023tik hona uzta oparoago bilakatu arren, oraindik ere antzerkia eta komikia dira urtean ale gutxien uzten dituzten generoak euskal letretan. Lehenengoari dagokionez, Ehazeren eta Susa argitaletxearen Ganbila bildumaren «hauspotze lana» goraipatu du Fernandezek, eta, hain justu, bilduma horren barruan plazaratutako liburu bat nabarmendu du aurten Majuelok: Axut konpainiaren Lurrez estali. «Antzezlan konplexu eta osoa idatzi du Ximun Fuschsek. Euskal antzerkiari arreta handiagoa jartzeko oroitarazpen on bat». Elkarrek argitaratutako Ai, gure juaneteak obra azpimarratu du Fernandezek, Patxo Telleriarena.

Komiki lan bana ere aukeratu dute gustukoenen zerrendarako bai Fernandezek eta bai Majuelok, eta bat datoz aurtengoa «uzta oparoa» izan dela. Fernandez: «Komikiaren protagonismoa ez da kuantitatiboa bakarrik izan. Aurten argitaletxeen agendetan leku nabarmena izan du; etxe askok egin dute apustu komikiaren alde». Aritz Ibarraren Aldaxka pozoituak (Nabarralde), Mo. Behi euskaldun baten memoriak (Pamiela), eta Fun Home (Txalaparta) jarri ditu adibide gisa —hirugarren lana Alison Bechdelek idatzia da, 2006koa, eta  euskarara iritsi berri da, Danele Sarriugarteren itzulpenean—. Erantsi du, gainera, «gai gatazkatsuak» tratatzeko hautatutako adierazpideetako bat izan dela genero ilustratua, eta horren barruan sartu ditu, besteak beste, Iban Zalduaren eta Julen Ribasen Botere handi batek (Ikastolen Elkartea), «euskal gatazka lehen lerrora dakarrena»; Paco Roca eta Rodrigo Terresaren Ahanzturaren leizea (Astiberri), Bego Montoriok itzulia eta frankismoko biktimen desobiratzeaz diharduena; eta Tupust kolektiboaren Gu argitalpena, «heteroarauaren kontra» egiten duena.

Alison Bechdel
Alison Bechdel komigilearen Fun Home kaleratu du Txalapartak. TERESA SUAREZ / EFE

Komikiarekin batera, nobela izan da gehien itzuli den generoa —antzerkia eta narrazioa izan dira, aldiz, gutxien itzuli direnak—, eta hiru titulu azpimarratu ditu adar horretan Urkizak: Montserrat Roigen Gerezi-denbora (Consonni), Amaia Apalauzak itzulia —«Frankismo osteko Bartzelonan girotutako eleberri petoa, familia baten bilakaera erakusten duena»—; Annie Ernauxen Neska baten memoria (Igela), Aiora Jakak itzulia —«18 urte zitueneko uda bat gogoratzeko nahia abiapuntu duen ariketa literario bikaina, zorrotza eta zintzoa»—; eta Boris Pahorren Nekropolia (Alberdania), Santi Leonek itzulia —«Nobela gogorra, oroimen mingarriaren auziaz diharduena eta mamuekin solasean jartzen duena»—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.