Literatura

Nobela bat amaren begi berdeei

Miseria eta krudeltasuna erretratatzeko abilezia da Tatiana Tibuleac idazleari gehien aitortu zaizkion bertuteetako bat. 2016ko 'Vara în care mama a avut ochii verzi' nobela du idaztankera horren froga nagusia. Bereziki garratza da.

Tatiana Tibuleac idazle moldaviarra, 2022an Galizian. XOAN REY / EFE
Tatiana Tibuleac idazle moldaviarra, 2022an Galizian. XOAN REY / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko martxoaren 30a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

«Inoiz baino gehiago gorrotatzen nuen goiz hartan, amak hogeita hemeretzi urte bete zituen. Txikia eta gizena zen, ergela eta itsusia. Inoiz existitu den amarik inutilena zen. Nik leihotik begiratzen nion, eskale piura horrekin eskolako atariaren ondoan itxaroten zidan bitartean. Gustura hilko nuen halako batean [...]. Sufritzen utzi nion kasik ordubetez; ikusi nuen hasieran haserre antzean zegoela, gora eta behera mugitzen zela hesiaren luze-zabalean. Gero, gelditu egin zen, negarretan hasteko puntuan, injustiziaren baten biktima direnek egiten duten bezala». Aleksyren testigantza mikatzaren hasierako puska da hori. Margolaria da ofizioz, eta, psikiatrak hala gomendatuta, haurtzaroko oroitzak freskatzen ari da orain; akorduan duen garai hartan amak zeukan adinera ailegatzear den honetan. Semearen hitzok hau uzten dute agerian: amarenganako higuina izan daitekeela hura hilda egotea desiratzerainokoa.

Gorrotozko ele horiek zabaltzen dute Tatiana Tibuleac idazle moldaviarraren (Chisinau, 1978) lehenbiziko nobela: Vara în care mama a avut ochii verzi. 2016an eman zuen argitara, errumanieraz idatzia da jatorrian, eta, gaur-gaurkoz euskaraz leitu ezin bada ere, tituluaren itzulpena honelakoxea izan liteke: Nire amak begiak berde izan zituen uda. 

Eleberriaren pasarte gehienetan nagusitzen den gogortasunaren kontrastean, kasik engainagarria eman lezake izenburuan amaren begi berdeei egiten zaien aipamenak. Edertasunaren azpimarra horrek. Izan ere, batik bat nobelaren hasieran, protagonistak xehe esplikatzen du baita ama nola hilko lukeen ere. Zehatzago, Aleksyk detaile eta guzti azaltzen du, adibidez, haurra zela gustura sartu izanen lukeela ama arropa garbigailu batean, «izarak irakiteko programa martxan jarrita», edo giltzapetuko zukeela izozkailuan, «birrintzeko». Ez dira hitz samurrak.

Eta Tibuleacek ederki daki hori, ezinbestean. Badaki liburuaren hasierako kapituluetan orri pasaka ariko denak beharbada amorrazio eta oinaze kontzentrazio kasik itogarria aurkituko duela haietan. Horregatik, inoiz, «eusteko» ere gomendatu die balizko irakurleei. «Zera esanen nieke: kapaz badira liburuaren lehenbiziko 50 orrialdeak irakurtzeko, seguruenera bukatuko dutela eleberria», ohartarazi zuen 2019ko udazkenean Bilbon, Ja Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak gonbidatuta hirian izan zenekoan. Paradoxikoki, tonu jostalariz bota zuen hura Tibuleacek, sarkasmo puntu batekin. Eta, akaso, hari hizketan adituz baizik ezin liteke ulertu nolatan den miseriari buruzko nobela bat umoreari eskainitako festibal batean.

«Aurrez ere erabakia nuen idazketa prozesuan hitzei libre utziko niela ateratzen, gogorrak izanagatik. Ez nuen neurritsu aritu nahi. Uste dut biolentziaz edo maitasunaz ari zarenean ez duzula zeure burua mugatu behar»

TATIANA TIBULEACIdazlea

Eleberria idazten nola hasi zen gogora ekarrita, inkontzientzia bidelagun izan zuela esplikatu du sarri Tibuleacek. «Pasarteak gogorrak dira, baina idazten ari nintzenean ni ez nintzen horretaz ohartzen». Izatez, haren arabera, liburua jendaurrean eta ahots gora irakurri zuen estreinako aldira arte ez zion erreparatua lanaren bortizkeriari; behintzat, ez guztiz. «Eta egun hartan nire ama aretoan zegoen, pentsa», zehaztu zuen umoretsu Bilbon emandako hitzaldian. Dena dela, aitortu zuen orduan ere ez zuela sentitu batere damurik. «Aurrez ere erabakia nuen idazketa prozesuan hitzei libre utziko niela ateratzen, gogorrak izanagatik. Iragazkirik gabe ariko nintzela; ez nuen neurritsu aritu nahi. Uste dut biolentziaz edo maitasunaz ari zarenean ez duzula zeure burua mugatu behar».

Maitasuna; hori ere badu nobelak, paradoxikoki. Bi senideen arteko adiskidetzea gertatzen baita, leunki, eta poetikotasun eta sentiberatasun handia erakutsiaz kontatzen du hori Tibuleacek. Baina, orduan ere, narrazioak ez du galtzen gordintasuna, eta samurtasuna lerro arteetan sumatzen da beste inon baino gehiago. Hala eta guztiz, badira salbuespen bakan batzuk: amaren begi berdeei buruzkoak.

Nobela osatzen duten 77 kapituluen artetik, haietako hamar propio begioi daude eskainita. Kasik parentesi gisara funtzionatzen dute: maitasun aitortzak dira, funtsean, motz-motzak. Adibidez: «Nire amaren begiak zentzugabeak ziren». Edo: «Nire amaren begiak esmeraldazko urpekari bateko leihoak ziren». Miseriak hartutako kontakizunaren erdian, argi izpiak dira.

Kontatzeko bideak

Idazlea ez ezik, itzultzailea eta kazetaria ere bada Tibuleac. Itzulpengintzan, errumanieraren eta moldaviarraren arteko zubi lanean aritzen da, zehazki. Eta, preseski, kazetaritzaren esparruan emandako pausoei esker egin zen ezagun 30 urte atzera, errumanierazko Flux egunkarian Povești adevărate (Benetako istorioak) zutabea plazaratzeari ekin zionean hasi baitzen haren izena zabaltzen, 1995ean. 1999tik aitzinera, ProTV telebista kateko albistegietan berriemaile aritu zen, eta aldi horretan ere bereziki gelditu zen agerian gai sozialek eragiten dioten lilura.

Azkenerako, Tibuleacek 2014an erakutsi zuen hitzak josteko zeukan trebeziak literaturan ere bazuela kabidarik; zehatzago, balio zuela fikziozko istorioak kontatzeko. Fabule Moderne (Alegia modernoak) izeneko liburua eman zuen urte hartan, aldez aurretik eta tantaka Facebooken plazaratutako zenbait narraziotatik abiatuta idatzitako ipuin bilduma bat. Batik bat, migrazioari buruz mintzo da haietan. Gainera, 2018an bere bigarren nobela eman zuen argitara: Grădina de sticlă (Beirazko lorategia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.