Nirvanatik harago

Nevermind Triok jazzeko inprobisazio giroan ondutako bigarren diskoa kaleratu du: 'Be'

Aritz Luzuriaga eta Hasier Oleaga taldekideak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Izena Nirvanaren disko arrakastatsuari lapurtu zioten, eta lehenengo diskoaren oinarria ere Nevermind historiko hark finkatu zuen. Nevermind People (2010), izen bereko taldearen lehenengo diskoa, rara avis bat bezala iritsi zen, grunge-aren talderik ospetsuenaren jazz kutsuko bertsioekin. Jorge Abadias (gitarra eta ahotsa), Aritz Luzuriaga (kontrabaxua eta ahotsa) eta Hasier Oleaga (bateria eta ahotsa) zeuden proiektu haren atzean, eta Ainara Ortega batu zitzaien diskorako. Orain, urtebete pasatu denean, hirukote gisa, izena egokituta —orain Nevermind Trio da—, eta Kurt Cobainen taldearen arrastorik ez duen disko berri batekin itzuli dira: Be (Gaztelupeko Hotsak).

Musika inprobisatuaren alorrean lan egitera ohituak daude Abadias, Luzuriaga eta Oleaga. Hirurak jazz munduan aritu dira, baina ez diete bizkarra ematen bestelako estiloei ere, eta taldearen izaerak berak eraman du hirukotea bigarren disko honetara.«Musika inprobisatua egiten dugunez, kantutegi jakin batekin aritzean berehala nekatzeko arriskua sortzen da», dio Luzuriagak. Hori dela eta, lehenengo diskoa kaleratu ondorengo kontzertuetan, Nirvanaren bertsioez gain, beste batzuk ere jotzen hasi ziren, baita beraiek idatzitako kantuak ere: «Ez zuten zerikusirik Nirvanarekin, baina pixkanaka bigarren kantutegi bat osatu genuen, eta azkenean, Nirvanarenak ez genituen jotzen».

Taldearen lehenengo diskoak Nirvanaren kantuen bertsioak biltzen zituen (Smells Like Teen Spirit, In Bloom, Come As You Are...), eta Be-k, aldiz, taldekideek beraiek eginiko konposizioetan du oinarria. Abadiasek egin ditu pieza gehienak, baina badira Oleagak idatzitako pare bat (Azkenenengo waltz-a eta El reclamo del amo), baita bi moldaketa ere: Modest Mussorgskiren Erakustoki bateko koadroak-en egokitzapena (The Oxcart-Bydlo), eta Giovani Battista Pergolesiren Stabt Mater. Lehenengoa XIX.mendean idatzitako pieza eta bestea XVIII. mendekoa. «Klasiko mundukoak» alegia, Oleagaren hitzetan.

Lehenengo diskoa rock disko batean oinarrituta zegoen. Bigarrenak musika klasikotik edaten du uneren batean. Eta, hala ere, Be diskoa Nevermind People baino gehiago gerturatzen da rock sonoritatera, taldekideen iritziz. Luzuriagak berak kontrabaxua jotzen zuen aurreneko diskoan, eta oraingoan baxu elektrikoari heldu dio. Talde eta pertsona berberak direla gogoratu du Oleagak, eta ondorioz, zerikusi estua dutela bi diskoek. «Soinu bertsua dute. Lan berrian, baina, suma daiteke rocketik gertuago dagoen soinua kantu batzuetan, estiloez hitz egiteak daukan arriskuarekin».

Diskoa otsailean grabatu zuten, arratsalde bakar batean, salbu Alejandro Mingot gitarristak parte hartu duen bi kantuak (El reclamo del amo eta Stabat Mater). Eta diskoa kaleratu dutenerako ari dira prestatzen hurrengo lan diskografiko bat izan daitekeena ere. Kantu berriak ari dira probatzen zuzenean, eta oinarrizko hirukoteari Julen Izarra saxofoi jotzailea gehitu zaio. «Saxoak asko definitzen du talde baten soinua», Oleagak dioenez. «Baina Nevermind izaten segitzen dugu. Agian, proiektu berria Be baino akustikoagoa da, jazzetik hurbilagoa».

Etiketak soberan

Jazz etiketaren pean lan egiten dute Oleagak, Luzuriagak eta Abadiasek, nahiz eta izendapen horrek ez duen Nevermind Trioren soinu paleta zehazki definitzen, baxu jotzaileak dioenez. «Garbi dago jazz musika ikasi dugula, eta musika inprobisatua egiten denean jazz etiketa jarri ohi zaiola. Baina berez musika inprobisatua da. Wynton Marsalisi galdetuz gero, esango du gurea ez dela jazza inondik ere».

Oleagak aitortu duenez, «etengabeko mugimenduan» daude. «Krisi garaiak izanik, diskoak atzeratu egiten dira, eta gure egunerokotasuna diskogintzaren erritmoaren aurretik doa». Horrek eragina du egiten duten musikan ere, hamaika proiektutan aritzen direnez, rockera edo popera irekita baitaude: «Ez dugu ahalegin berezirik egin behar aldatzen ibiltzeko».

Oleagak garbi du segituko dutela musika egiten, krisi garaietan gizarteak «inoiz baino gehiago» behar duelako kultura. «Eta kulturan murrizketak badaude, akabo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.