Ilunpetatik atera da Ane Segurola (Irun, Gipuzkoa, 1996); ez alferrik, Saguxar du izen artistikoa. Etxeko logelan aritu da lanean denbora luzez, eta emaitza izan da Sei mila urte diskoa, bere eskuz ondua, grabatua eta plazaratua. Iazko diskorik nabarmenenetakoa, berritzaileenetakoa, nahiz eta ilunpe samarrean igaro den orain artean. Ari da argia ikusten dream-pop eta ambient doinuak dakartzan lana, ordea. Bihar Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du diskoa, 21:30ean, Verde Pratoren aurretik. Martxoaren 29an, berriz, Donostiako Dabadaban ariko da, Joe Crepusculo eta Marcelo Crimininalen aurretik, aretoaren 11. urteurren festan.
Goiz argitsua da, eta Hendaiako Lanetik Egina Musika Eskolan lortu berri duen entsegu lekuan hartu gaitu Segurolak, bere trasteez inguraturik, leun eta abegikor.
Hendaiako musika eskolan gaude; gaur arte ez duzu izan entseatzeko lekurik ere. Hemendik aurrera hau izango duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Niretzat oso garrantzitsua da entsegutoki bat aurkitzea. Eta asko kostatu zait. Irunen, behintzat, ez dut topatu. Azkenean, orain aurkitu dut, Hendaian, Lanetik Egina Musika Eskolan, eta oso pozik nago. Orain artean nire etxean entseatzen nuen. Eta etxean ezin da ondo entseatu. Beti baxu entseatu behar duzu, kaskoak jarrita. Hasi nintzenean kontzertuak egiten, konturatu nintzen gauza guztiak ezberdinak direla, altuan kantatzea eta hori dena, eta nik ez dut horretan inolako eskarmenturik. Beraz, toki baten bila nenbilen, indartsu entseatzeko.
Irun beti izan da musika mugimendu dezentekoa izan duena, Mosku auzoan eta inguruan, 80ko hamarkadatik aurrera, Kortatu, Negu Gorriak, Lisabo eta abarrak. Zu beste belaunaldi batekoa zara. Urrun gelditzen zaizu hori guztia?
Bai, zerbait iritsi zait, nire musika beste rollo batekoa izanagatik. Nik neuk ere izan nuen fase bat Kortatu eta Negu Gorriak eta hori guztia asko entzuten nuela. Eta Moskun asko ibili izan naiz. Egia da gero kanpora joan nintzela ikastera, Bartzelonara, eta pixka bat deskonektatu nuen Irungo girotik. Beste interes batzuk piztu zitzaizkidan, eta beste giro batzuetan mugitu izan naiz. Baina, bai, azkenean, Irunen bizi izan naiz beti, eta horrelako eraginak ere jaso ditut.
Zure musikak gauarekin konplizitate handiagoa dauka egunarekin baino?
Bai, agian bai. Eta ez dut hori pentsatu orain artean, baina izan daiteke. Jende askok esan dit, adibidez, nire musika oso egokia dela gauean entzuteko, oso lasaia delako. Musika egiten dudanean, nire prozesua izaten da irudimenean ikusten ditudan gauzak soinuen bitartez errepresentatzen saiatzea. Orduan, nik uste dut neure buruan ikusten ditudan irudi asko gauez ikusten ditudala.
Sehaska kantu kantu garaikideak izan daitezke...
[Irribarrez] Bai, jende askok esaten dit hori. Eta dream-popa hori ere bada. Bai, hori ere egia da. Nik neure buruan imajinatzen ditudan gauzak eta eszenatokiak gau girokoak dira. Niri asko gustatzen zait fantasia; adibidez, zientzia fikzioa. Eta horrelako paisaiak, ametsetan ikusten dituzunak bezalakoak, paisaia onirikoak. Nire musika oso lotuta dago ametsekin, halako irudiekin, bai.
«Nik neure buruan imajinatzen ditudan eszenatokiak gau girokoak dira. Nire musika oso lotuta dago ametsekin, halako irudiekin»
Zergatik ez zenien etxekoei esan disko bat egin eta grabatu zenuela zeure kabuz eta etxean?
Ez etxean eta ez etxetik kanpo ere ez nuen kontatu, lotsa ematen zidalako; niretzat jada pauso handia zen musika plataformetara igotzea eta Instagram kontuan berri ematea. Inori ez nion esan disko bat egiten ari nintzela; Marta Carmonari baino ez nion esan [azala egin zuen artistari]. Niretzat, sortutako musika oso pertsonala zen, eta nahiko isilkorra naiz; horregatik, kanpoko mundura eramatea poliki-poliki eta promo askorik gabe, hori egin dudan prozesu bat da. Kostatu egin zait, eta kostatzen zait oraindik mundura irekitzea.
Diskoa Agerkunde bat instrumentalarekin edo intro modukoarekin hasten da. Eta zurea ere misteriozko agerkunde moduko bat izan da. Zuretzat, musika misterioa ere bada?
Bai, musikak niretzat misterioarekin lotura oso indartsua du. Musikak, era batean edo bestean, erantzunak eman ez dakit, baina ukitzen ditu igual beste lengoaia edo pentsamendu batzuek ukitu ezin dituzten gauza batzuk. Akaso ezin ditugu ondo ulertu, baina abesti bat entzuten duzunean, ulertzen duzu. Eta ez dakigu ondo zer den. Baina misterioarekin lotuta dator, ezta?

Dena egin duzu zeure kabuz eta bakarka; gainera zer, eta dream-popa eta euskaraz, eta ambienta ere bai. Nondik erreferenteak?
Nire erreferenteak asko dira. Gehien entzuten dudan musika beste hizkuntzetan entzuten dut, ingelesez batez ere. Denetarik entzuten dut, noski. Baina asko gustatzen zaizkit niri dream-popa, ambienta, elektronikoa eta horrelakoak. Eta asko gustatzen zait, adibidez, dream-poparen arloan Cocteau Twins. Eta baita ildo horretako popa ere... Beti aipatzen dut erreferentzia handi gisa Enya, adibidez. Enya izan da erreferente handiena zentzu askotan, baita horrelako soinuetan ere. Niri asko gustatzen zait reverb-a, bai instrumentuetan eta baita ahotsean ere. Hark sortzen duen giro etereo hori imitatzen saiatu naiz. Niretzat reverb-a da gauzarik garrantzitsuena. Ez dut neure burua irudikatzen reverb pilo bat jarri gabe. Eta hori lehen aipatu dugun ametsen munduarekin lotuta ikusten dut. Hasi nintzen nire musika egiten, eta hasieran nik egin nuen guztia instrumentala zen. Geroago ausartu nintzen abestera.
Eta euskaraz.
Abesteko orduan, ez dakit errazagoa, baina egokiena sentitu nuen euskaraz egitea. Nik ez dut horrelako musika asko entzun euskaraz. Baina niretzat, gainera, musika mota honekin oso ondo ezkontzen da euskararen soinua. Asko gustatzen zait. Saiatu nintzen gazteleraz ere kantatzen. Idatzi ditut letra batzuk gaztelaniaz ere, baina niretzat ez zen hain polita, ez zen hain ondo nahasten musikarekin. Eta pentsatzen dut zergatik ez ote den egin musika hau eskaraz, oso ondo gelditzen da eta.
Ahotsa, hain zuzen ere, musikaren atmosfera horretan txertatzen duzu. Asko nabarmendu gabe, atmosferaren beste parte bat da.
Niretzat ahotsa beste instrumentu bat gehiago da, beste elementu bat. Nire musikan ahotsa ez da protagonista. Beste geruza bat da. Agian entzundako musikaren eraginez da hori, baina baita hasieran abesteak lotsa ematen zidalako ere: gauzak esateak lotsa ematen zidan, jendeak esaten ari nintzena ulertzeak lotsa ematen zidan, eta horregatik hasi nintzen horrela abesten, oso leun, suabe eta reverb-arekin.Baina niretzat ahotsa beste instrumentu bat gehiago da.
Atmosfera da oso garrantzitsua zure musikan. Gero jartzen dituzu elementuak. Eta hitzak ere bai, zeuk idatziak. Xumeak eta iradokitzaileak. Adibidez, Behin kantuan: «Denbora bidaiariak esan dit ozenki hitzen artean mingarriena. Nora joan zaigu denbora». Bihar eta Herenegun izeneko kantuak ere badituzu. Denboraren kontzeptuak pisu poetiko handia du zugan?
Hau nahi gabe egiten dut, baina konturatzen naiz asko aipatzen dudala denbora, edo nolabait asko islatzen dudala; nire musikan oso presente dago, modu askotan. Musikaren erritmoak, atmosferak berak, sentitzen dut denboraren kontzeptua aldatzen dutela, edo deformatzen dutela, eta hori interesgarria izan da beti niretzat.
«Musika egiteak asko lagundu dit, ez mina ezabatzen, baina bai nire minarekin bizitzen eta nire mina beste gauza batzuetan transformatzen»
Denboraren kontzeptua. Eta beste bat. Akaso minarena. «Orain min guztia hilzorian dago. Urria da orain». Musika bada mina exorzizatzeko modu bat?
Bai, guztiz. Eta ez bakarrik musika sortzea. Baita musika entzutea ere. Eta musika bizitzea. Hori dena asko lotzen dut minarekin eta minaren erremedioarekin. Mina asko aipatzen dut nire hitzetan. Musika egiteak asko lagundu dit, ez mina ezabatzen, baina bai nire minarekin bizitzen eta nire mina beste gauza batzuetan transformatzen. Musika hori da.
Euskaraz dream-pop edo ambient askorik ezin izan duzu entzun, baina euskal musikan beste zerbaitek eragiten dizu edo gustura entzuten duzu?
Nik euskal musika mota askotakoa entzuten dut, baina bereziago iruditzen zaizkidan artistak edo taldeak gehiago entzuten ditut. Adibidez, niretzat asko nabarmentzen da Verde Prato; euskaraz egiten du musika pixka bat esperimentalagoa dena, eta niretzat inspirazio handia da, euskaraz ere horrelako gauzak egin daitezkeela ikusteko. Oso garrantzitsua da horrelako artistak entzun ahal izatea euskaraz. Ambient musikan, berriz, Iker Munduateren lana oso interesgarria da. Harekin aritu naiz pare bat aldiz zuzenean.
Zuzenekoak. Nola planteatzen dituzu?
Zuzenekoetan, momentuz, ondo egitea da nire helburua. Niretzat gauza guztiz berria da. Momentuz bizpahiru saio egin ditut, baina hori baino lehen ez nuen inoiz zuzenean jo jendearen aurrean, eta abestu ja... Abestea da gehien kostatzen zaidana, ze oso lotsatia naiz, eta oso urduri jartzen naiz; zuzenekoetan, pixkanaka kokatuz joan eta disfrutatu, horixe nahi nuke.
HURRENGO KONTZERTUAK
- Bihar (martxoak 13): Bilboko Kafe Antzokia, 21:30 (+Verde Prato).
- Martxoak 29: Donostiako Dabadaba (+Joe Crepusculo+Marcelo Criminal).