Juantxo Urdiroz. Idazlea

«Nirea kioskoko literatura da»

Jeremias Erro ezizenez kaleratu du Juantxo Urdirozek bere lehen liburua, 'Garabi suizidaren amodioak'. Lan «suizida», dioenez.

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Juantxo Urdiroz da bere izena (Markalain, Nafarroa, 1964), baina asko dira bere ahotsean mintzo direnak. Legioa, dioenez. Jeremias Erro da ahots horietariko bat, eta ezizen hori erabiliz kaleratu du bere lehen liburua. Garabi suizidaren amodioak izenekoa. Mila eta bat gauak, westernak, Iruñeko udaltzainak, detektibe pribatuak eta maila guztietako literatur erreferentziak. Nahasian doaz denak, eta muturrekoa da kontakizunaren abiapuntua: liburuzain sumindu bat Gazteluko Plazako garabi batera igota, udaltzainei desafioka, hiru poemaren egileak asmatu ezean salto egingo duela mehatxuka. Hil ala biziko literatura, eta Jon Konda detektibea da esperantza bakarra.

Eros eta Tanatos, soil eta nabarmen daude biak tentsioan zure liburuan, hasiera-hasieratik. Zein da garaile?

Batek daki! Muxu batekin bukatzen da dena, eta muxuak anbiguoak dira. Oso liburu kaxkarra da, suizida. Bukaera irekia du, eta egin daitekeen burugabekeriarik handiena da hori, ziur aski. Film txarren gisa bukatu dut nik ere lana.

Zergatik diozu liburua suizida dela?

Literaturan badira lege batzuk gorde beharrekoak, eta nik uste nahiko era suizidan jokatu dudala haiekin. Ez ditut bete. Esaterako, interesa piztu egin behar da, edo narrazioak estiloa behar du, azken finean, idazle bat estiloa besterik ez delako. Eta ez dut uste hori egin dudanik.

Liburuan liburutegiek eta literaturak garrantzi handia dute. Erreferentzia literarioz beteta, liburutegi bat dirudi zenbaitetan liburuak berak.

Ez da handinahikeria, memoria kontua baizik. Esate baterako, lertxunaz ari da Angel Lertxundi idazlea bere Piztiaren izenean liburuan. Zuhaitz horren hostoek bi aurpegi dituzte, oso nabarmen bereizten direnak. Bata txuria da, eta bestea iluna. Deabruaren arbola omen da horregatik. Ni egunero ibiltzen naiz lertxunez betetako bide batean, eta ikusten ditudanean, Lertxundik esanak oroitzen ditut. Memoria kontua da. Joko hori interesatzen zait.

Fikzio eta errealitatearen planoen gurutzaketa moduko bat?

Gauzak zinez unibertsalak badira, erraz aurkitu daiteke haren antzekorik edonon. Eredu unibertsalak ber-bertan dira.

Badago liburuan hemengo izaeraren aldarrikapen bat. Euskal mitologia garaikidearen presentzia bat. Evaristo abeslaria, Iruñeko udaltzainak, Gazteluko Plazan udalak eraikitako aparkalekua...

Zerura begiratu eta gai unibertsalei adi egon behar da, baina oinak lurrari lotuta ere izan behar. Oso interesgarriak iruditzen zaizkit, adibidez, txokolategietako adineko emakumeak, adibidez. Liburuan bada ipuin bat haiekin. Asko interesatzen zait zer giro sortzen duten. Giro akademikoa da. Ikusiak ditut 36ko gerraz hizketan. Sekulakoa. Eta oso begi kritikoa dute, gainera. Liburuan bada giro hori.

François Villon idazle frantziarraren eta Bernat Etxepareren arteko harremana ikertzera bidaltzen dute protagonista ipuin batean. Biak pertsona bera izan zitezkeela da pertsonaiaren hipotesietako bat, eta galdera egiten dio bere buruari. «Etxepareren liburu guztiak itzulpen bat balira zer pasatuko litzateke?»

Hipotesi literario bat da. Ez dakit asko aldatuko litzatekeen. Mikel Laboaren kantarekin egiten den txistea etortzen zait burura. «Hegoak ebaki banizkio» beharrean, «Egoak ebaki banizkio» kantatzea. Egoak desagertuz gero, lasaiago biziko ginateke, ziur. Oso gauza erromantikoa da egoarena. Orain egile eskubideak daude, baina gero eta gauza kolektiboagoak egiten dira. Egoak ez dakit non geratuko diren. Etxepareren lan guztiak itzulpena balira ere, ez litzateke ezer gertatuko.

Muturrekoak dira egoerak liburuan. Liburuzain suizidak, protagonistaren ezkontzan pozoiketak, superbotereak dituen detektibe bat...

Hori da nire liburuaren generoa. Kioskoko literatura da nirea.

Kioskoko literatura?

Kioskoetan saltzen dena. Komikiak, nobela arrosak... Orain Proust, Kant eta gisakoak ere saltzen dira, baina beti da literatura berezi bat kioskokoa. Vikingoak sartu ditut liburuan, genero beltza, oihaneko istorioak, bakeroenak, superheroienak... Kioskoko pertsonaia guztiak. Ulertzen diren gauzak dira. Guk ikusten genituen gau enarak umetan, eta ulertzen genuen Batman. Westernak ere erraz ulertzen ditugu. Haien arazoak oso gureak dira.

Ezizena zergatik?

Ez gara bakarra. Gure atzean badugu jende multzo bat. Aurreko egunean ohartu nintzen nire itzalaz, adibidez. Nire aitaren itxura hartu nion. Nire itzala ikusi, eta burua mugitzeko moduagatik, posturagatik... nire aita ikusi nuen. Pentsa zer dugun gugan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.