Beñat Goitia. Musikaria

«Nire oinarriekin zintzoa naiz: egungo soinua eta euskara»

Azken urteetan, musika joerak aldatu egin dira, eta Beñat Goitiak aldaketa orokor horren barruan azaldu du zer den Benizze, egungo bere proiektua. Zazpi kantako disko bat argitaratu berri du.

KAULDI IRIONDO.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Benizze proiektuak sare sozialetan egindako lehen agurretik erakutsi zuen merezi zuela hurbiletik kasu egitea. Modernitatea eta tradizioa aldi berean bizi dira haren barruan. Beñat Goitia musikariaren (Gasteiz, 1991) lan berriak asko du haren aurreko proiektuak apurtzeko grinatik —Montauk, aipagarriena—, baita gustura sentiaraziko duen zerbait bilatzetik ere. Europa eta elektronika erreferente gisa dituzten soinu gaurkotuak bildu ditu lehen diskoan; Erraia zigiluak atera du.

Zer esan nahi du Benizzek? Zein da proiektua sortzeko grina?

Izenak ez du aparteko esanahirik; belarrira indartsu sartu zitzaidan, hori da hautuaren arrazoia. Benizze nire alter ego-a da, izan nahi dudan hori izaten uzten didana, autoerrealizazioa, amesteko espazioa eta egoaren asetzea.

Bederatzi hilabete dira lehen singlea atera zela... baina noiz hasi zinen dena imajinatzen?

Proiektu hau 2019tik dator. Montauken azken urteetan, kontziente izan gabe, Benizzerantz etortzen ari nintzen, eta pandemiak bultzatu ninduen jauzia egitera. Proiektu berri batek imajinario berri bat pizten dizu, eta, ondorioz, ilusio hasiberri bat. Bizitzan, tarteka, oso erakargarriak dira halako erronkak.

Zer erlazio du aurretik izan dituzun bestelako proiektuekin?

Orain arte egindakotik aldentzeko ahalegin kontziente bat egin arren, egiteko modua, azkenean, berdina da, eta islatzen da. Erreferenteak eta jomugak aldatu zaizkit erabat, eta horrek egin du proiektua berri. Kantautorearen introspekziotik aldentzen saiatu naiz, eta lortu dut nahi nuen mugara iristea, azalean geratu gabe.

Azalean?

Bai, erraza da azalean geratzen den musika egitea, oportunista: festarako esaldi batzuk, unean uneko gizarte mugimenduekin bat datozen aldarrikapen batzuk, kantuen erdia erdaraz, dena bola batean sartu, soinua saturatu, eta Euskal Herriko txosna guztietan egongo zara. Baina ni behintzat horrek ez nau batere erakartzen.

Zelakoa izan da prozesua?

Neure burua kokatu ahala sortu da diskoa. Azken hiru urteetan, sekulako aldaketak egon dira musika joeretan. Indie musika bazterrean geratu da, eta elektronikoa edo urbanoa, berriz, bere zabaltasun osoan sartu da, belaunaldi berrien presentziarekin batera. Trantsizio horretan kokatzen da Benizze ere. The Blaze deskubritzeak ireki zidan bidea, eta bidean deskubritutako hamaika taldek osatu dute diskoa.

Egiteko modu berri batek soinu berriak ekarri ditu, edo alderantziz?

Uste dut bi norabideetan doala kontua. Gitarraren distortsioa nagusi izan da hamarkada askotan, baina, orain, identitate propio bat behar zuen belaunaldi bat etorri da, hiperteknologizatua, etxetik atera gabe sozializatzen dena, eta, noski, musika ere pijama jantzita egiten duena. Lehen, industriagune bateko lokal zikin batean eta garagardo artean egiten zen musika; orain, gurasoen etxean, txokolatezko galleta eta droga sintetiko artean.

Nola heldu zara soinu paleta deep, europar horretara?

Zelako ilusioa egin didaten deep eta europar hitzek! Youtuberen bidez iritsi naiz [barrez]. Askotan, sareek lagundu egiten dizute izan nahi duzun hori topatzen. Talde bat deskubritzen duzu, elkarrizketak ikusi, haien diskurtsoarekin bat etorri, janzkerak erakartzen zaitu... eta, gutxinaka, orbita horretan kokatzen duzu zeure burua. Esan zer musika entzuten duzun, eta esango dizut nor zaren. Esaldi horrek egia asko du.

Posible da kaleko euskal kultura bat? Iruditeria, soinua... Badago horrelakorik?

Kaleko euskal kulturarik ez da existitzen, eta, espabilatzen ez bagara, ez da existituko. Oraingoz behintzat ez dut uste kaleko euskal kultura duin bat sortzeko baldintzarik eta asmorik dagoenik. Euskara estratu sozial goi samarreko jendearen hizkuntza da, eta hori gainditzen eta hedatzen ez dugun artean, jai dugu. Identitate eta hizkuntza gaurkotu eta garaikide bat nahi badugu, euskaldunon pribilegioari eta endogamiari uko egiten hasi beharko dugu.

Zuk intentzio hori duzu zure proposamenarekin?

Nire helburu bakarra da gustuko dudan eta neure buruarekin zintzoa den zerbait egitea. Egungo soinua eta euskara izan dira horretarako oinarriak. Bi horiekin, zintzoa naiz. Hortik aurrera, etorriko da etorri beharrekoa.

Asko zaindu duzu alderdi bisuala. Zelan eraman aurrera horrelako proiektu oso bat, sasoiotan eta bakarrik?

Oso gogorra da. Lan gehiegi dago atzean. Merezi du? Litekeena da ezetz. Baina eszenaren parte izateak izugarri erakartzen nau. Gainera, Benizze nire militantziaren ekarpena ere bada. Hau da nik eskaini dezakedana.

Irudiarekin kantuak osatu nahi izan ditut, estetika oso bat eman proiektuari; uste dut hori gakoa izan dela. Instagram ordu asko!

Behin disko osoa aurkeztuta, zer plan duzu etorkizunerako? Zuzenekorik egongo da?

Martxotik aurrera hasiko naiz zuzenekoekin. Bakarrik eta zuzenean jota. Ilun eta dantzagarri. Nahi nuke publikoak tarteka bizkarra ematea eta tarteka adi egotea. Ea zer ateratzen den.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo webgune honetara:
www.badok.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.