«Nire ohiko irakurleak etxean bezala sentituko dira»

Alberto Ladron Aranak 'Harrian mezua' polizia nobela argitaratu du, «'thriller peto-petoa»

Alberto Ladron Arana, atzo, Donostian, Harrian mezua eleberria aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Elurte baten ostean hiru gizonezkoren gorpuak agertu dira Nafarroako mendietan, modu nahiko bortitzean hilik eta zutarrietan kateaturik. Kasua are gehiago katramilatu da lau urteko neskato baten desagerpenarekin, zantzu gehienek pentsarazten baitute neskaren bahitzailea mendian gorpu agertutakoen hiltzailea dela. Neskato hori aurkitu eta salbatzen saiatuko da orduan Foruzaingoa, Leire Asiain inspektorea kasuaren arduradun nagusi dela. Horixe da, labur azalduta, Alberto Ladron Aranaren (Iruñea, 1967) Harrian mezua (Elkar) nobelaren trama. «Polizia nobela bat da, thriller peto-petoa», egilearen esanetan. Ziur dago bere aurreko nobelekin gozatu dutenei ez diela huts egingo. «Nire ohiko irakurleak etxean bezala sentituko dira», adierazi du.

Ladron Aranaren aurreko nobeletan bezala, Harrian mezua-n ere «elkarrizketa biziak, erritmo arina, suspense etengabea, trama hankaz gora jartzen duten informazio berriak eta abar» aurkituko ditu irakurleak, egileak azaldu duenez. Badira ordea «nobedadeak» ere: «Orain arte nire nobeletan ikerlari ez profesionalak erabili izan ditut nire protagonistak irudikatzeko; ez poliziak eta ez detektibeak ez ziren pertsona arruntak». Nobela honetan, aldiz, Leire Asiain Nafarroako Foruzaingoko inspektorea da protagonista nagusia, «ahuldadez betetako emakume indartsu bat, kontraesanez betea eta atormentatua». Pertsonaia horrek eman dizkion aukerekin gustura geratu denez, bere ondorengo nobeletan ere agertuko dela uste du.

Ladron Aranaren aurreko nobeletan ere agertu da Foruzaingoko poliziarik ikerketa lanetan, baina beti bigarren plano batean. Armentia inspektorea izan da orain arte gehien agertu den foruzaina, baina protagonista nagusiak zirikatuz «halako mandeuli baten papera» jokatzen zuen beti, pertsonaia nagusi izatera iritsi gabe.

Foruzainen lan giroa

Foruzainen lan egiteko moduari eta haien arteko giroari buruz dokumentatu da Ladron Arana nobela idazteko, eta horretarako hainbat foruzainekin mintzatu da zuzenean. «Batez ere beren arteko giroa interesatzen zitzaidan, lankideen arteko giro hori ongi islatzea. Beharbada ez modu ehuneko ehun zuzenean, den bezalakoa; baina bai irakurleari guztiz sinesgarri egiteko moduan».

Leire Asiain bezain garrantzitsua izatera iritsi gabe, Ander Irujo ere pertsonaia garrantzitsua da Harrian mezua-n. «ETAko kide ohia da. Espetxe zigorra bete ondoren, bere bizitza berreskuratu egin nahi zuen, baina, horren ordez, amesgaizto bat bizitzea egokituko zaio, lau urteko bere alaba desagertu egin baita eta Foruzaingoak ezin baitu aurkitu». Ander Irujori egokitu zaion infernu hori «modu sinesgarrian azaltzea» izan da idazlearen «kezka nagusietako bat» nobela idaztean.

«Ladron Aranak lortu du estilo bat, publiko bat eta obra bat, eleberri sorta nahiko sendoa», Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen ustez. Zazpi eleberri ditu dagoeneko argitaratuak, denak molde bertsukoak —lehena izan ezik, Xake Mate, hura laburxeago baita, eta beste ezaugarri batzuk baititu—, denak thriller-ak, argi eta garbi generoa hautatu dutenak. Hori bada idazlearen meritua. Eta apaltasuna ere bai, gure inguruan generoko lanek eta generoko idazleek ez dutelako izaten prestigioaren aitortza, sarietan, aipamenetan, kritiketan, elkarrizketetan… Bai aldiz publikoaren esker ona eta harrera beroa. Ladron Aranak bai bata eta bai bestea lortu ditu, bere lanek badute feed-back bat, zale sutsuak dituztelako. Eta hori bere nobelen ezaugarrien ondorioa da: oso ondo eraikitako nobelak dira, tramaren hariak eta misterioak oso ondo pentsatuta daude, eta mataza nola askatu ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.