«Nire helburua abentura sortzea da, ez entziklopedia historiko bat osatzea»

Fernando Morillok Multibidaiariak bilduma estreinatu du, zientzia fikzioko bi liburu kaleratuta

Fernando Morillo Lehoien dantza eta Heriotzaren soinekoa liburuen aurkezpenean, atzo, Donostian. G. GARAIALDE / A. P.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Antton eta Rakel bikote gasteiztarra gau eta egun dabil unibertso paraleloak aztertzen. Jenio informatikoa da Antton, eta neuronen eta programa informatikoen arteko harremana ikertzen du Rakelek. «Eta errealitate birtualarekin esperimentuak egiten ari direla, bat-batean... danba! Beste mundu batzuk azaltzen zaizkie», Fernando Morillo idazleak azaldu duenez. Horixe da Elkar argitaletxearen eskutik estreinatu duen Multibidaiariak bildumaren abiapuntua: mundu ezberdinetara bidaiatzen duen lagun koadrila baten istorioa. Morillok berak idatziko du bilduma osoa, eta lehen bi nobelak batera kaleratu ditu: Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola eta Heriotzaren soinekoa. Japonia: ezpata, ispilua eta harribitxia.

«Beste garai batzuetara jauzi egin eta orduko gizarteak ezagutzea proposatzen digu Morillok. Bidaia fantastikoak dira, baina oso errealak, aldi berean», Antxine Mendizabal Elkarreko editorearen hitzetan. Lehen liburuak Grezia klasikora eramango du irakurlea, K.a. 480. urtean Leonidas erregeak eta 300 espartarrek Xerxes persiarraren armadari heriotzaraino aurre egin zien garaira. «Pertsonaia eta istorio sinesgaitzak daude Grezia klasikoan, eta denak ezin aurkeztuta, orduko greziarren izaera nabarmendu nahi izan dut batez ere. Izaera basati eta aske-gosea», dio Morillok.

Bigarren nobelak, berriz, 1600. urteko Japonia feudalera daramatza multibidaiariak. «Borroka eta artea erabat nahasten zituzten, eta, bereziki, samuraien eta ninjen nortasunak nabarmendu ditut. Samuraiek kode zorrotzak zituzten; ninjek, berriz, euren kodea izan arren, egoerara egokitzea zuten izaeratzat: irautea».

Historiarekiko fideltasunez

Pertsonaia askoren hitzak hitzez hitz hartu ditu Morillok liburu historikoetatik. «'Hau ezin da hobetu', pentsatu nuen. Dena dela, nobelak garai historiko batean kokatuta egon arren, badaude pasarte apokrifoak ere, eta jolas ere egin behar izan dut, zer izan zitekeen imajinatu. Ahalik eta historikoena izaten saiatu naiz, baina jakina, nobela da. Nire helburua abentura sortzea da, ez entziklopedia historiko bat osatzea».

Hasi eta amaitu egiten diren abenturak ditu liburu bakoitzak, baina haria zintzilik geratzen da beti. Multibidaiariak nonbaitera doaz berriro. «Baina oraindik ez dakit nora», aitortu du Morillok. Izan ere, bildumak zenbaki gehiago izango ditu, eta lanean da idazlea. «Bildumarako 40tik gora zirriborro ditut eginak. Idaztea falta zait bakarrik, baina orduak behar ditut horretarako». Eta ordu asko ikastetxez ikastetxe ematen ditu, gazteekin saioak eginez. «Oso ondo pasatzen dut gazteekin, eta asko ikasten dut, baina orain haiek oporrak hartzea nahi dut, nik lan egiteko. Hurrengo istorioak ontzen hasteko».

Multibidaiariak gazteei zuzendutako nobelak dira, eta liburuen azalean gazteen gustuei lotutako estetika berezi bat aurkitzen saiatu da Iñaki G. Holgado marrazkilaria. «Hala ere, irakurtzeaz gain ikasi ere egin nahi duen jendearentzat ere badira liburuak, gazte izan ala ez», dio Mendizabalek.

Ia berrehuna orri izan arren, irakurketa arinekoak dira bi nobelak. Kapitulu labur ugaritan egituratuta daude, eta garai historikoaren gaineko azalpen laburra, multibidaiarien deskribapenak, pertsonaia historikoen zerrenda eta hitz berezien glosarioa dauzka zenbaki bakoitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.