Zinemagilea

Alex Tello: «Nire ezinezko ametsa bete dut film honekin»

Alex Tellok 'Animo' filma estreinatu du, berak zuzendu duen lehen lan luzea. Izen handiko aktoreek hartu dute parte, eta zortzi urteko lanaren emaitza da.

Alex Tello Usurbilen, joan den astean. JON URBE / FOKU
Alex Tello Usurbilen, joan den astean. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko martxoaren 8a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ikuslea identifikatuta sentituko da hainbat gertaerarekin». Hala iritzi dio Alex Tellok (Andoain, Gipuzkoa, 1977) estreinatu berri duen Animo filmaren inguruan. Berak egin ditu zuzendari, gidoilari eta ekoizle lanak, eta Telmo Irureta da filmeko protagonista, beste hainbat aktore ezagunekin batera. 2017an sortu zuen Azken muxua film laburrarekin abiatutako ibilbidearen helmuga da filma.

Zer ikusiko du publikoak Animo filmean?

Aitor [Telmo Irureta] da protagonista nagusia. Gaur egungo gazte bat da, bere tokia bilatzen ari dena familian, lagunartean eta munduan oro har. Galduta sentitzen da, eta bere ezinegonak ingurukoei eragiten die. Hori du abiapuntu filmak. Istorioan ageri diren pertsonaia guztiek erlazioa daukate euren artean, modu batera edo bestera. Eta bizitzen dituzten egoerak oso identifikagarriak dira; Ikuslea identifikatuta sentituko da hainbat gertaerarekin.

Film laburra zena film luze bihurtu da. Bazeneukan buruan halakorik?

Egia esan, ez. Bere momentuan pentsatu nuen luze baterako eman zezakeela, baina fantasia hutsa zen. Atal bakoitzak bere gogoeta izatea nahi nuen. Horregatik, atal guztiek erlazioa daukate elkarren artean, aktoreak ere ez baitira aldatzen. Baina elkarrengandik independenteak ere badira. Gidoia bizirik egon da prozesu osoan, eta, azkenean, filma grabatu ahala sortu dut gidoia. Nire bizipenek eta burutapenek eraiki dute amaierako istorioa. Eta hori oso gauza polita izan da.

«Gidoia bizirik egon da prozesu osoan, eta, azkenean, filma grabatu ahala sortu dut gidoia. Nire bizipenek eta burutapenek eraiki dute amaierako istorioa. Eta hori oso gauza polita izan da»

Oso argi zeneukan Telmo Iruretak izan behar zuela protagonista. Zergatik?

2014an ezagutu nuen Telmo, tailer batean. Harritu egin ninduen; fenomeno hutsa zen. 2015ean inklusioari buruzko antzezlan bat egiteko eskatu zidaten, eta hari proposatu nion. Orduan hasi zen gure arteko harremana. Gerora, deitu diodan bakoitzean oso ondo erantzun dit. Oso ausarta da, eta niri konfiantza eta segurtasuna ematen dizkit.

Gainera, argi neukan Telmorekin lan egin nahi nuela, baina era berean, film osoan ez zela gurpil aulkia ikusiko. Telmoren desgaitasuna ez da erakusten. Nahita egindako hautua izan da hori. Nik aktorea erakutsi nahi nuen, jendeak bere maila ikus zezan. Beste edozein aktorek bete dezake pertsonaia horren rola, ez baitauka desgaitasunik.

Laguntasuna aipatzen duzu filmari buruz aritzen zaren aldiro.

Hala da, laguntasuna izan delako film honen giltza. Lagunen borondate asko izan du film honek. Nik diru dezente xahutu dut pelikula egiten, baliabide mugatuak genituen eta. Baina aktoreen eta talde teknikoaren borondatea ezinbestekoa izan da. Film honetan sinetsi dute. Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz, Klara Badiola, Aitziber Garmendia... Telmo zegoelako etorri dira, noski, baina egitasmoa gustatu zaielako ere bai. Aktoreen arteko maitasuna agerikoa da, eta gertutasun horrek plus bat ematen dio filmari.

'Animo' filmeko fotograma bat. ALEX TELLO
'Animo' filmeko fotograma bat. ALEX TELLO
Pertsonaiek asko hitz egiten dute, baina marrazkiak ere ageri dira. Zer eransten diote filmari?

Filma Telmoren neurrira eginda dago. Eta, horregatik, oso eszena estatikoak dira gehienak: lokalizazio bat, bi aktore eta mugimendu gutxi. Kokaleku finko batean egon arren, marrazkiekin [Xabi Sagastak egin ditu ilustrazioak] toki askotara eraman gaitzake filmak. Hori lortzen saiatu gara, behintzat.

Lehen film laburra egin zenuenetik zortzi urteko lana izan da film luzea estreinatu arte. Nola bizi izan duzu denbora hori?

Lehen film laburra erronka handia izan zen, film txukun bat egin nahi nuelako: ahalik eta kalitaterik handiena, aktore onak eta teknikoki txukuna. Eta tartean gauza asko ikasi ditut. Adibidez, gerta daiteke istorio eder bat izatea esku artean, aktore onenak izatea, baina teknikoki akatsen bat badu, ez du inon funtzionatuko. Animo eskola bat izan da niretzat. Atal bakoitzean estilo zinematografiko bat probatu dut, eta asko ikasi dut zortzi urte hauetan.

«Niretzako heldulekua izan da zuzendari lanetan aritzea. Nire lana daukat, eta nire bizitza, baina nire lekutxoa aurkitu dut zinemagintzan»

Gizarte hezitzaile zara gaur egun. Aktore lanak ere egin izan dituzu, eta orain zuzendari ere aritu zara. Nola moldatu zara?

Pazientzia askorekin! [barrez]. Niretzako heldulekua izan da zuzendari lanetan aritzea. Nire lana daukat, eta nire bizitza, pelikuletako pertsonaiek izan dezaketen bezalaxe. Baina nik nire lekutxoa aurkitu dut zinemagintzan. Dedikazioa eta energia beharrezkoak dira, baina nire mundutxoa da. Askotan esan izan dut filma egiteko izan dudan pazientzia ez nukeela izango bizitzako beste alor batzuetan. Nire ezinezko ametsa bete dut film honekin.

Usurbilen [Gipuzkoa] estreinatu zenuten filma. Zer daukazue esku artean hemendik aurrera?

Bi tanta da banatzailea, eta Euskadiko kultur teknikariei iritsi zaie filma. Baina kostata ari da zabaltzen. Aia, Zumaia, Fruiz... herri horietan ikusteko aukera izango dute, baina uste dut ahoz ahokoak lagunduko diola zabaltzen. Ez da ohiko filma, eta uste dut ikusi duenak agian ikusmina sortuko diola oraindik ikusi ez duen norbaiti. Duela hogei urte errazago mugituko zen. Baina gaur egun ikus-entzunezko lan ugari ditugu inguruan, eta zailagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.