Libe Garcia de Kortazar. Musikaria

«Nire erraietan neukan guztia atera dut»

'Ihesaldi Handia' bakarkako lehen diskorako rock kantu ilunak sortu ditu musikariak. Argi izpiak, halere, azaleratu ditu tarteka, dioenez, «zulo beltzetik garaile» atera baitaiteke bat.

Ainhoa Sarasola.
2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Aspaldi igo zen oholtza baten gainera Libe Garcia de Kortazar, talde bateko kide gisa beti. Neubat-ekin ezagutu zuen rock talde batean aritzea zer zen, teklatuak joz eta bere ahotsarekin jolas eginez. Ekonekin eta Sorkunekin ere aritu zen, eta Izaki Gardenak taldeko kidea da egun. Baina bere kantak sortzeko eta plazaratzeko «beharra» ere aspalditik zuen musikariak. «Azkenean lortu dut», dio, Ihesaldi handia bakarkako bere lehen diskoa plazaratuta. Barruak hustu ditu, «oso barrura» bidaia eginda, eta 11 rock kanta ilun eta malenkoniatsu izan dira prozesu horren emaitza. «Nire erraietan neukan guztia atera dut».

Urpean, eskuak loturik ageri da musikaria diskoaren azalean, ilusionisten trikimailu moduko batean bezala; kontrazalean, berriz, lokarriak baino ez dira azaltzen, korapiloak askatuta. Horregatik izenburuaren hitz jokoa, Ihesaldi handia, diskoaren irudia eta mezua bat datozelako, musikariak azaldu duenez: «Batzuetan, egoera txarretan, pentsatzen dugu ihes eginez arazoak desagertuko direla, baina ez gara konturatzen arazoak gurekin eraman ditzakegula. Beraz, eragozpenei aurre egiteko, ausart borrokatu behar da. Zulo beltzetik indartuta eta garaile atera gaitezke».

Sentimendu ilunak ageri dira kantu gehienetan, Garcia de Kortazarrek berak aitortzen duenez, sortu zitueneko garaia islatzen dutenak: «Aldaketa garaia zen, eta, halakoetan, gaizki pasatzen da. Bai musikan bai hitzetan iluntasun hori nabari da». Hala ere, mezu baikorra ere helarazi nahi izan du kantu batzuen bidez: egoerari aurre eginez gero, une txarrak ere gaindi daitezkeela. «Gainera, denborarekin konturatzen zara bide bakarra dela zoriontsua izateko. Behin lagun on batek esan zidan bezala, mundura bakarrik etorri gara eta bakarrik joango gara; geure buruagatik ez bagara borrokatzen, nork egingo ote du?». Uste dut orain beste disko bat sortuko balu agian «tristura apur bat» izango lukeela, baina ez litzatekeela «hain iluna» izango.

Irailean kaleratu zuen lana musikariak, Bonberenea Ekintzak zigilupean, baina lehenago zuzenekoetan eskaini izan ditu kantu berriak. Zuzenekoetatik estudiora egin du jauzi, beraz, ezohikoa den ibilbidea eginez nolabait. «Jakin-min handia neukan jakiteko nola funtzionatuko zuten abestiek publikoaren aurrean, eta harrera oso polita izan zen. Behin ideiak argi edukita, erabaki genuen estudiora joatea eta diskoa egitea».

Sortze prozesua

Kantuak eurak baino argitsuagoa izan da diskoa ontzeko bidea musikariarentzat. Piano aurrean eserita abiatu ohi du kantak sortzeko prozesua, probak eginez, «ea zer edo zer ateratzen den. Asko disfrutatzen dut ideia batekin hastean. Batzuetan, bere alde txarra ere badu honek: eseri eta ez bazaizu ezer interesgarria ateratzen, oso frustragarria da, baina zerbait agertzen denean, oso atsegingarria». Akorde batzuekin hasi, eta ahotsaren doinuei bide egiten jarraitzen du, gero ordenagailuan grabatu eta ahotsa sakonago lantzeko. Abestiak «erdi eginda» zituela eraman zituen lokalera, bildu zituen taldekideekin eta haien moldaketekin «borobiltzeko».

Baxuan Atxus nahi zuela oso garbi zuen hasieratik: «Oso ondo ezagutzen dugu elkar Neubat-en garaitik; begirada batekin badakit zer pentsatzen duen, eta hori garrantzitsua da». Baterian Eneko De Arza (Naut, Trumbo) aritu zen grabazioan, eta Same Old taldeko Dani Arrizabalagak ordezkatu du zuzenekoetan. Gitarra hartzeko eskaintza, berriz, Txus Billalabeitiari egin zion, Same Old taldekoa hori ere. «Ez nuen ezagutzen, eta, gaur egun, bera gabe taldea ez litzateke gauza bera izango». Taldea osatzea erraza izan ez bazen ere, pozik dago lortutako giroarekin. «Musikan lantzen direnak sentimendu musikatuak dira eta, horretarako, harreman eta giro ona egon behar da denon artean. Horretan zorte handia izan dut». Joseba Poncek ere (Dut, Kuraia), Gurinezko bihotza kantua egiteaz gain, lagundu zion «abestiak janzten eta haiei forma ematen. Bururatzen zaizkion konponketak bereziak eta ederrak dira; bere xarma nabaritzen da diskoan».

Bukaerarako utzi zituen hitzak, dioenez, idaztea «izugarri» kostatu ohi baitzaio. Hala, Izaki Gardenak-en taldekide duen Jon Basagurenengana jo zuen laguntza bila. Harekin elkarlanean idatzi ditu kantu batzuk, eta Basagurenek bakarka idatzitakoak ere badira. «Erraztasun handia du, eta sekulako hitzak idatzi ditu».

Bonberenean (Tolosa) eta Atxusen Gasteizko CUE audio estudioan grabatu zuten lana. «Bonbereneako estudioa luxu bat da. Han sortzen den giroa magikoa da, eta bertako jendea ere bai». Karlos Osinaga Txap soinu teknikariari bereziki eskertzen dio izandako parte hartzea. «Beti lagundu digu momentu kritikoetan. Oroitzen naiz grabazioaren lehen egunean krisi handi bat izan genuela; bat-batean blokeatu egin ginen, eta denetatik pasatu zitzaigun burutik, eta, Txapengatik izan ez balitz, agian ez genuke diskoa grabatuko».

Zuzenekoetan abestiek duten indarra erakusteko gogotsu dabil orain Libe. «Disfrutatzen dut jotzen, nire ihesbidea da zoriontsu izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.