2012an idatzi zuen bere lehendabiziko lan luzea Mari Romero Fernandezek (Quintana de la Serena, Badajoz, Espainia, 1958), La casa de la buhardilla izenburupean. Bere familiaren historia bildu zuen han, eta emigrazioaren gaia landu. Lan harekin egin zen idazle, nahiz eta hitz hori oso handi geratzen zaiola aitortu. Lanbidez irakasle izan da, eta orain gutxi hartu du erretiroa. Idazteari ez dio utzi, ordea. Espainiako gerra, herri mina, familia eta deserria landu ditu, besteak beste, bere nobeletan. «Hori da ni naizena eta bizi izan dudana», esan du.
Zure laugarren nobela argitaratu berri duzu: Etxetorre goikoa. Donde no existe el olvido. Zer kontatzen duzu horretan?
Senarraren familia Legazpiko Olaberria auzoko Etxetorre goikoa baserrikoa da. Bostehun urte baino gehiagoko etxea da. Baserri zaharra ia erorian zegoen, eta berritzea erabaki zuten. Lanak hasi zirenean, etxea ikustera joan nintzen. Han nenbilela, lurrean zegoen iltze bat zapaldu nuen. Iltzea eskuetan hartu, eta zenbat gauza edukiko ote zituen gordeta galdetu nion neure buruari. Etxera itzuli, eta egindako gogoeten inguruan idazten hasi nintzen, eta horrela sortu zen istorioa.
Zer gai jorratzen dituzu liburuan?
Nire ustez, sufrimendu asko eragin duten bi gairi buruz idatzi dut: 36ko gerrak eragindako desagerpenak eta homosexualitatea. Liburua argitaratuta dago dagoeneko. Urrian egingo dut aurkezpena, eta ondoren jarriko dut salgai, herriko liburu dendetan.
La casa de la buhardilla izan zen zure lehendabiziko lana. Berezia gauza askorengatik, ezta?
Nire familiak Quintana utzi zuenean eta Euskal Herrira etorri ginenean, nik urtebete ere ez nuen. Aitak Legazpin lan egiten zuen arren, Altsasura [Nafarroa] joan ginen bizitzera, ganbarako etxe batera. Hortik La casa de la buhardilla. Nire familiaren historia jaso nuen han. Altsasuko elizaren ondoan zegoen etxea, eta bi familia bizi ginen bertan: gurea eta amaren ahizpa batena. Extremaduratik Euskal Herrira ezagunen bat etortzen zenean, lehendabiziko geltokia beti ganbarako etxea izaten zen. Zenbat jende ez ote zen pasatuko etxe hartatik!
Zergatik erabaki zuten gurasoek Extremadura utzi eta Euskal Herrira etortzea?
Lana izan zen arrazoi nagusia. Aita saiatu zen Extremaduran bizimodua ateratzen, baina hemen etorkizun hobea zegoela entzun eta etorri egin zen, hasieran bera bakarrik.
Nola gogoratzen dituzu Altsasun egin zenituzten lehen urte haiek?
Herri erdian bizi ginen, eta saiatzen nintzen herriaren parte izaten. Altsasuko dantzaria izan nintzen, eta lagun minak ere egin nituen. Kanpotarrak ginelako iseka egiten zigunik ere bazen, baina gutxiengoa ziren, eta nik oroitzapen onak bakarrik gogoratu nahi ditut.
Noiz etorri zineten Altsasutik Legazpira?
10 urte egin nituen arte bizi izan ginen Altsasun. 1968ko udaberrian etorri ginen, Patrizio Etxeberriak, aitak lan egiten zuen lantegiko nagusiak, langileentzako etxebizitzak egin zituenean. Altsasu uztea gogorra egin zitzaidan, baina gure auzoan egoera berdinean geunden familia asko elkartu ginen, eta, hala, guztia errazagoa izan zen. Altsasuko ganbarako etxearekin alderatuta, etxea jauregi bat iruditu zitzaidan. Dena den, asteburuero Altsasura joaten ginen: aitak egurrezko maleta bat hartzen zuen, eta trenez joaten ginen guztiok.
Nola sortu zen zugan zure familiaren historia kontatzeko beharra?
Etxe hura uztea, bizimodua aldatzea, gogorra izan zen niretzat. Izeba-osabak eta lehengusuak Altsasun geratu ziren, baina etxea hutsik geratu zen. Ordutik, beti izan nuen berriz hara itzultzeko gogoa. Urte asko pasatu ondoren, 2012an, Altsasun bizitzen geratu zen lehengusinak giltzak lortu zituen, eta berriz ganbarako etxea bisitatzeko aukera izan nuen. Utzi genuenean bezala zegoen, eta, hara sartzean, nonbait gordeta nituen oroitzapen guztiak etorri zitzaizkidan kolpean. Oso une hunkigarria izan zen. Etxera itzuli eta idazten hasi nintzen, eta horrela sortu zen La casa de la buhardilla. Lau kopia egin nituen paperean: bana anai-arreba eta gurasoentzat. 2015ean argitaratu zen liburua, eta handik gutxira ganbarako etxea bota zuten, berri bat egiteko. Kasualitatea, ezta?
Zer zerikusi izan zuen Bernardo Atxagak nobela horren argitalpenean?
Nire lehengusinetako baten senarra Zalduondokoa [Araba] da, eta haren familiaren bitartez La casa de la buhardilla-ren kopia bat eta nire helbide elektronikoa eman zizkioten Bernardo Atxagari. Kontatu zidatenean, ezin nuen sinetsi. Egun batean, lanera iritsi eta ordenagailua piztean Atxagaren mezu bat nuela ikusi nuen. Oso urduri jarri nintzen, eta ez nintzen segituan mezua irakurtzeko gai izan. Nobela ondo egituratuta zegoela esan zidan, nire gaztelania zoragarria dela eta argitaratzera animatu ninduen. Gainera, Erleak literatura aldizkarian nobelako kapitulu bat argitaratzeko aukera eman zidan. Horretarako, liburu guztia euskaratu nuen. Bernardo Atxagaren hitzak pauso hori emateko behar nituen hegoak izan ziren; gainontzean, ez dakit argitaratzera ausartuko nintzatekeen.
Zure bigarren lanak zerikusi handia dauka aitarekin.
El pintor de sonrisas aitak umetan kontatzen zizkigun pasarteetan oinarrituta dago. Aitak 11 urte zituen 36ko gerra piztu zenean. Quintana utzi eta Almagrora [Ciudad Real, Espainia] ihes egin behar izan zuten. Aitak bere larruan bizi izan zuen gerra, eta beti kontatu izan dizkigu garai hartako pasadizo asko. Lehenengoz liburua irakurri zuenean, hunkitu egin zen, nire kontakizunean bere istorioak errekonozitu baitzituen.
Zer eragin izan du zure aitak zugan, idazle gisa?
Nire aita beti gogoratuko dut idazten; poesia egiten zuen. Apirilean zendu zen, 95 urterekin. Oso hiztegi aberatsa zuen. Hasieran, bakarrik etorri zen Euskal Herrira, jada amarekin zebilela. Idatzi zion lehendabiziko eskutitza poema bat izan zen eta La casa de la buhardillan jasota dago. Emigrazioaz, deserriaz eta jaioterria uztearen tristuraz idazten zuen, batez ere. Hiru liburu ditu. Nik pasatzen nizkion garbira: idazteko makinan lehenengo eta ordenagailuan gero.
Aita, poesia idazleaz gain, kontalari aparta ere ba omen zen…
Astelehenetik larunbatera ez genuen aita ikusten. Altsasun bizi ginenean, lanetik itzultzen zenerako lo egoten baikinen. Baina igandeak bereziak izaten ziren. Aita ohetik berandu esnatzen zen, eta amak ogi mamiak egiten zizkion gosaltzeko. Nire anai-arrebak eta ni aitarekin ohean sartzen ginen, eta orduan hasten zen bere istorioak kontatzen. Narratzaile aparta zen. Gu liluratuta geratzen ginen.
¿Por que no nos dejais entrar? zure hirugarren lanean emigrazioa da gai nagusia.
Legazpiko Domingo Agirre ikastetxe publikoan lan egin dut ia berrogei urtez. Egunero, etxera bidean, saltoki baten aurrean eskean zegoen mutil beltz batekin egiten nuen topo, eta jatekoa erosten nion tarteka. Egun horietako batean, eskua eman zidan, eta hizketan hasi zitzaidan. Nigeriatik etorri zela kontatu zidan, pateran etorria zela baina hura ez zela kontatzea merezi zuen zerbait, oso esperientzia gogorra izan zela beretzat. Harreman hartan oinarrituta sortu nuen istorioa. Jasotako dirua Aita Mari erreskate ontziarentzat izan zen.
Nondik sortzen zaizkizu zure istorioetarako ideiak?
Nobela guztietan nire zatiren bat dago islatuta. Nire ideologia, ideiak…
Euskarazko lanen bat edo beste idatzita daukazu, baina argitaratu gabe.
Batetik, euskaraz idazteko orduan ez daukat gaztelaniaz daukadan ziurtasuna. Bestetik, euskaraz lan bat argitaratzea ez da batere erraza, baina asko gustatuko litzaidake. Bihotzeko bazterretan eta Zure gurpilaren ondoan dira idatzita dauzkadan euskarazko bi lanak.
Noiz ikasi zenuen euskara?
18 urterekin ikasi nuen, dagoeneko irakasle ikasketak egiten hasita nengoenean. Nik asko maite dut euskara, baina baita gaztelania ere, nire ama hizkuntza baita. Niretzat oso garrantzitsua da euskara nire egunerokoan.
Nahiz eta beti Euskal Herrian bizi, ba al daukazu haurra zineneko Extremadurako oroitzapenik?
Bai, La casa de la buhardillan daude jasota horietako asko. Quintanako feria, kalean a la fresca esertzen ginenekoak hango jendearekin, aitarekin paseatzera joaten ginenekoak… Legazpiarra eta altsasuarra sentitzen naizen arren, inoiz ez dut Extremadurarekin dudan lotura hori galdu.
Urteekin, familia osatu duzu Legazpin, eta bertako Domingo Agirre ikastetxean irakasle izan zara berrogei urtez.
Zientzia arloko ikasketak egin nituen irakaskuntzan, nahiz eta letrak beti izan diren nire mundua. Matematikako irakaslea izan naiz berrogei urtez, baina gaztelania ere irakatsi dut. Asko gozatu dut nire ikasleekin. Urte gogorrak ere izan ziren, asko borrokatu behar izan gara; adibidez, D eredua ezartzeko, eta herriko jendeak bertan ere euskaraz ikasten dela onartzeko. Barrutik bizi izan dudan zerbait izan da, biziki sinisten baitut irakaskuntza eta osasun publikoan. Familiatik datorkidan zerbait da.
Nobela gehiago argitaratzeko asmorik baduzu?
Bai. Hurrengoa La raya del pantalon izango da. Dagoeneko idatzita daukat.
Zer eskatzen diozu etorkizunari?
Osasuna eta zoriontasuna nire familiarentzat. Hori da garrantzitsuena. Eta baita eguneroko gauza txikiekin gozatzea eta beste herrialde batzuk ezagutzea ere.