«Nik oraindik ez dakit zer den euskal eszena»

Euskal musika eszenaz gogoeta egin dute Koldo Otamendik, Eneritz Furyakek, Joseba B.Lenoirrek, Julen Idigorasek eta Amets Arangurenek Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Kezka agertu dute 'sold out' aroak kalte egin dielako euskaraz aritzen diren talde askori.

'Zer da euskal eszena' goiburu hartuta mahai ingurua egin zuten atzo iluntzean Jimmy Jazz aretoan. STUART MACDONALD
'Zer da euskal eszena' goiburu hartuta mahai ingurua egin zuten atzo iluntzean Jimmy Jazz aretoan. STUART MACDONALD
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko azaroaren 5a
14:10
Entzun

Kronika honen lerrobururako hautaturiko esaldiak ezin hobeki laburbildu ditzake atzo iluntzean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan solasean ibili ziren bost gonbidaturen mintzaldiak, nahiz eta esaldiaren egilea bakarra den: Joseba Baleztena —Joseba B. Lenoir— musikari eta ekoizlea. Hala ere, haren hitzak jar litezke, seguru asko, Amets Aranguren musikariaren ezpainetan, edo Koldo Otamendi Kojo Musika zuzenean saioko kazetariaren, Eneritz Furyak musikariaren eta Julen Idigoras Gazteako B Aldea saioko kazetari eta musikariaren ahotan ere. Izan ere, mahai inguruan parte hartu zuten bostek nekez lortu zuten modu zehatz eta tinkoan erantzutea «zer da euskal eszena?» galderari, bistan jarrita erpin ugaritako eremua dela eta mahai inguruaren izenburua «polita» izanik ere «oso zaila» dela definitzea zer den. «Nork bere modura bizi duelako gai hori», Otamendik nabarmendu zuenez. «Batzuentzat, euskaraz egiten den musika da euskal eszena. Euskal Herrian egiten dena da beste batzuentzat, eta Euskal Herrirako egiten dena beste hainbatentzat. Kontu hori pil-pilean dago».

Eta horretaz aritu ziren Jimmy Jazzek bere hamabosgarren urtemuga ospatzeko antolatu dituen mahai-inguru zikloaren hirugarren saioan. Otamendik hartu zuen eztabaida gidatzeko ardura, eta hark egindako galderen bueltan aritu ziren solaskideak. Itaunak «gatazka pare bat» sorrarazten dizkiola aitortu zuen Baleztenak, eta «erantzunak baino gehiago galderak» sorrarazten dizkiola, berriz, Furyakek.

«Batzuentzat, euskaraz egiten den musika da euskal eszena. Euskal Herrian egiten dena da beste batzuentzat, eta Euskal Herrirako egiten dena beste hainbatentzat»

KOLDO OTAMENDI Kazetaria

Baleztenak aitortu zuen ez duela argi eszena zer den eta euskal hitzak zeri egiten dion erreferentzia, eta harekin bat etorri ziren gainerakoak ere, agerian utzita korapilo horiek askatu ezinik direla oraindik artista franko. «Nik oraindik ez dakit zer den euskal eszena», adierazi zuen Baleztenak, nahiz eta zehaztu zuen argi duela Euskal Herriko eszena bat existituko bada ezinbestez behar duela euskaraz.

Baina euskaraz kantatzeak bilakatzen al du musika eszena bat euskal eszena? Horretan ez ziren ados jarri hizlariak. Idigorasen ustez, euskal eszenaren definizioan «euskarak egon behar du oinarrian, nola edo hala», baina gaur egun komunikabide askok «modu hutsalean» erabiltzen dute euskal eszena kontzeptua, bere garaian «movida madrileña edo euskal rock erradikala erabili zuten bezala».

«Komunikabide askok modu hutsalean erabili dute euskal eszena kontzeptua, bere garaian movida madrileña edo euskal rock erradikala erabili zuten bezala»

JULEN IDIGORASKazetaria eta musikaria

Arangurenek, berriz, onartu zuen euskal hitzak izan ditzakeen definizio eta interpretazio adina zalantza dituela berak gaiaren inguruan, eta, aitortzen hasita, aitortu zuen gaiaren inguruan sortutako eztabaidak, funtsean, ez diola axola: «Ulertzen dut kanpora begira nor garen eta zer garen definitu beharra dagoela, baina ez dakit horrek nora eramaten gaituen eta zenbateraino den interesgarria eztabaida hori».

'Sold out' garaiak

Gaia kokatzen saiatu zen Otamendi, eta euskaraz kantatzen duten taldeen loraldiaz eta Euskal Herrriko musika zirkuituaz gogoetatzeko eskatu zien solaskideei. Idigorasen aburuz, euskaraz kantatzen duten talde asko baldin badago, musika sormenean «demokratizazio prozesu» bat egon delako dago, eta egun «ia edozeinen eskura dagoelako musika sortzea». Furyaken ustez, baina, horrek ez du esan nahi talde guztiek ikusgaitasun bera dutenik: «Hedabideetako langa ez dugu gainditu. Betiko taldeei ematen zaie tokia, eta ez zaio aniztasunari leihoa irekitzen».

«Ez dugu hedabideetako langa gainditu. Betiko taldeei ematen zaie tokia, eta ez zaio aniztasunari leihoa irekitzen»

ENERITZ FURYAKMusikaria

Taldeen loraldia eta zuzenekoak eskaintzeko zirkuiturik eza txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla azpimarratu zuen, berriz, Baleztenak. Hark azaldu zuen garai batean talde askorentzat gaztetxeetan jotzea zirkuitu baten barruan egotearen berme zela, baina gaur egun sold out fenomenoak kolokan jarri duela hori dena. Ekitaldi handiak egiteko nahiak artista askorengan ondorio «oso larriak» dituela adierazi zuen, eta, besteak beste, bertan behera uzten dituztela artista askoren kontzertuak, aurresalmentan sarrera gutxi saldu direlako: «Mainstream taldeak hasi dira zirkuituan sartzen, eta saturazioa dago; orain nekezagoa da zirkuituan egotea ez bazaude olatuaren aparretan».

«'Mainstream' taldeak hasi dira zirkuituan sartzen, eta saturazioa dago; orain nekezagoa da zirkuituan egotea ez bazaude olatuaren aparretan»

JOSEBA B.LENOIRMusikaria eta ekoizlea

Idigorasek bat egin zuen hausnarketa horrekin; haren ustez, «sold out fenomenoak dena jan du», eta ondorio kaltegarriak baino ez ditu ekarri: batetik, taldeak «fokutik kanpo geratzearen beldur» dira, eta, bestetik, publikoak «modu pasiboagoan» kontsumitzen du musika. Fenomeno horren atzean, gainera, musika industriaren interesak badirela ohartarazi zuen Otamendik: «Instituzioentzat merkeagoa da talde batengatik 30.000 euro ordaintzea, urtean zehar beste talde askorekin hogei kontzertu antolatzea baino».

«Ulertzen dut kanpora begira nor garen eta zer garen definitu beharra dagoela, baina ez dakit horrek nora eramaten gaituen eta zenbateraino den interesgarria eztabaida hori» AMETS ARANGURENMusikaria

Musika egiteko eta kontsumitzeko moldeak aldatu egin dira, eta horrek ekarri du plaza batzuk ere galtzea, Furyaken ustez. «Fenomeno sozialari lotuago dago musika orain», deitoratu zuen. Barakaldoko BEC aretoan (Bizkaia) aritzea eta hura leporaino betetzea bilakatu da talde batzuen xede, eta euskaraz aritzen diren talde batzuek maiz erabiltzen duten argudioari kontra egin zion Arangurenek, umorez: «'Guk ez badugu egiten, beste batzuek egingo dute’ esaten dutenek ez dute planteatzen foruzain izateko oposizioak egitea beste askok egiten dutelako».

Instituzioen egitekoaren inguruan ere kezka agertu zuten bost hizlariek, eta eszena sendo bat sortzeko artisten lanari «erakusleiho» aski ez jartzea leporatu zieten. Telebista eta irrati publikoarekin bereziki kritiko agertu zen Baleztena: «Negargarria da euskarazko kulturari eskaintzen dioten tartea». Furyakek programatzaile publikoei zabaldu zien kritika, ez direlakoan kapaz «logika kapitalista eta efektistatik» begirada altxatu eta harago jotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.