Egiazko gertakari batek eman zion Patxi Zubizarretari (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) Zerria idazteko abiapuntua; Frantziako gertakari batek, zehazki. Lizardi saria irabazi zuen iaz lanak, eta Espainiako haur eta gazte literatur saria ere jaso du orain gutxi.
Euskadi saria irabazi duzu oraingoan. Nola jaso duzu?
Ba, begira: ez da denbora asko [Jose Luis] Zumeta margolariaren omenez ekitaldi bat egin genuela hemen bertan [San Telmo museoan]. Askotan pentsatzen dut hark ekarri zituela Euskal Herrira kolorea eta alaitasuna oso garai grisetan. Nire eguneroko bizitza ere nahiko grisa izaten da, eta aitortu behar dut kolorea eman didala sari honek. Nire onetik atera nau, aukera asko zabaltzen baitizkit.
Zer-nolako aukerak?
Ematen dit nik nahi ditudan liburuak erosteko aukera. Ematen dit autonomo kuota ordaintzeko garaian larritasunik ez sentitzeko aukera. Beraz, bultzada emozionala, sentimentala eta ekonomikoa da niretzat sari hau.
Zerria «errazkeriatik aldentzen den lan landu» bat dela nabarmendu du epaimahaiak. Ahalegin berezia egin zenuen horretan?
Bai. Esango nuke bereziki zaila zaidala gazteentzat idaztea, eta haiengana iristeko ahalegina egin dut, baina topikoetan erori gabe. Esperientzia gutxi izan ditut ikastetxeetan liburu honekin, hain zuzen ere, ez delako irakurtzeko liburu erraza.
Esan duzu liburuak «bere bidea» egin duela argitaratu zenetik.
Bai. Nik idatzi egin nuen, baina bere kasa ari da bere bidea egiten.
Patxi Zubizarreta. Idazlea
«Nik idatzi nuen liburua, baina bere kasa ari da bere bidea egiten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu