Sari bat jasotzea ez da eguneroko gauza artista askorentzat, eta, horregatik, gertatzen denean, ibilbide luze baten errekonozimendu moduan jaso izan ohi da. Hala sentitzen du Iñaki Martinez Iñaket marrazkilariak (Bilbo, 1965). «Ilusioa» azpimarratu du, Getxoko Komiki Azokak haren ibilbidea omentzeko erabakia hartu duela eta. Gaur hasiko da azoka, eta igandera arte iraungo du; Getxoko kaleetan egingo dute.
Nola hartu zenuen saria emango zizutelako berria?
Poz handiz. Ilusio handia egiten dit, lehenagotik egindako lan guztiaren errekonozimendu baten moduan ulertzen dut eta. Hainbeste langile eta edukiren artean ni aukeratzea oso berezia da. Gainera, ez nago ohituta horrelako aitortzetara; beraz, zerbait berria da, ez dizute-eta egunero sari bat ematen.
Aurreko urtean ere berezia izan zen saria, ezta?
Hala da. Aurreko urtean Mikel Begoñari eman zioten, eta orduan ere ilusio handiz hartu nuen berria. Azken finean, urte asko eman ditugu elkarrekin lanean, eta asko poztu nintzen harengatik.
Gutxietsitako mundua da komikigileena?
Askotan galdetzen digute ea komikiez gain zertan egiten dugun lan, komikiak soilik zaletasun bat izango balira bezala. Gaur egun, horrelako egoerak ez dira hainbeste izaten, baina oraindik badira. Horregatik, horrelako azokak oso garrantzitsuak dira, eta sariak ere bai, noski. Komikien munduaz hitz egiteko aitzakia handia dira, eta gure lana hedatzeko balio dute. Hemen ez dugu komikiak irakurtzeko ohitura handirik, eta, horregatik, edozein bultzadak laguntzen digu. Ez naiz inoiz lotsatu komiki bat eskuan eramateagatik.
Nolakoa da Getxoko Komiki Azoka komikigileentzat?
Azoka garrantzitsua da Getxokoa. Nire ustez, Euskal Herriko komikigileentzat onenetarikoa. Ezberdina ere badela esango nuke, beste askorekin alderatuta azoka irekia baita, ez baita sarrerarik ordaindu behar. Getxoko kaleetan egiten da azoka. Etxetxo batzuk jartzen dira, eta horrek jendearengana hurbiltzen gaitu. Lehen, soilik komikizaleak hurbiltzen ziren, sarrera ordaindu behar zenean, baina orain, irekia izanik, jende asko hurbiltzen da begiratzera.
40 urteko ibilbidea duzu.
Bai, 20 urte inguru nituenean hasi nintzen, baina ez naiz beti komikigintzan aritu. Denbora luzez alde batera utzi nuen, eta animazioan eta bestelakoetan aritu nintzen. Komikira 2011. urtean itzuli nintzen berriro, eta harrezkeroztik honetan nabil. Urte asko dira, eta, horregatik, errekonozimenduak ilusio berezia egiten dit. Horrek esan nahi du egin dudana gustukoa izan duela norbaitek, eta askotan, guretzat sortzen dugula esaten den arren, irakurlearen gustukoa izateko sortzen dugu edukia.
Zer beste diziplinatan aritu zara?
Txikitatik marraztu izan dut, baina lehenengo publikazioak 20 urte inguru nituenean egin nituen, elkarteetan eta fanzineetan gehienbat. Ondoren, urte gutxi batzuk ilustrazioaren munduan ibili nintzen, baina bizitzak beste bide batetik eraman ninduen, eta marrazkiarekin zerikusirik ez zuten ogibideetan aritu nintzen. 1995ean, Bartzelonara joan aurretik, berriro ilustrazioaren eta animazioaren mundura itzuli nintzen. Marrazkilari moduan, publizitatean, animazioan edota sortze lan jakin batean lan egiteko aukera dago.
Beraz, leku bakoitzetik esperientzia bilduz joan zara, gaur egun arte.
Etengabeko bilakaeran gabiltza denok. Urteetan, nire lan ezberdinetan ikasitako gauzek aldarazi egin naute, eta, era berean, kontsumitu ditudan eduki ezberdinek ere bai. Nik beti pentsatu dut egingo dudan hurrengo lanak aurrekoa baino hobea izan behar duela. Animazioak hainbat gauza erakutsi zizkidan, hala nola marra azkarragoekin edo bolumenean oinarrituz marraztea. Publizitatean, kolorearen garrantziaz ohartu nintzen. Jakintza guztiak bildu, eta, gaur egun, horiek aplikatzen saiatzen naiz.
Asko eraldatu da komikia azken urteetan?
Alde batetik, kontsumoa asko aldatu da. 80ko hamarkadako aldizkariek boom handi bat izan zuten, eta bertan aritzen ziren marrazkilariei estimu handia zieten. Gero, desagertu egin ziren, eta handik urte batzuetara eleberri grafikoek arrakasta handia lortu zuten. Orain, eduki asko dago, eta esango nuke kalitate handikoa dela. Gainera, komikigile belaunaldi berriak oso indartsu datoz, eta, guk eduki dezakegun esperientzia luzea izan ez arren, formakuntza aparta daukate.
Marrazketa prozesua digitalizazioaren eraginpean dago?
Gaur egun denetarik dago. Gazteek dena digitalki egiten dute. Beteranoen artean badira gazteen pausoei jarraitzen dietenak, eta oraindik luma eta pintzelak erabiltzen dituztenak ere bai. Nik, adibidez, gauza bat eta bestea egiten dut. Marrazkia arkatzez osatzen dut, eta ondoren, orrira pasatzeko, digitalki egiten dut. Eskuz egiten dut eskema guztia —story-a—, nire ustez horrela azkarrago egiten dudalako.
Etorkizunean, komikietan aldaketarik egongo al da?
Beti egongo dira, baina, agian, egiteko eta kontsumitzeko moduak aldatuko dira. Paperezko edukia desagertuko den edo ez, hori ez dakit, baina ohitu egin beharko dugu pantailetan kontsumitzera. Pelikulekin gertatzen den moduan, orain plataforma digitaletan kontsumitzen ditugu, baina horrek ez du esan nahi etorkizunean egongo ez direnik.
Adimen artifiziala arrisku bat izango da zuentzat?
Nik oraindik ez dut erabili. Orain arte, ilustratzailea erditik kentzeko erabili da. Egun, arkatz bat hartu ez duen edonork egin dezake kartel bat, eta horren aurka borrokatu behar dugu. Ez dakit zer onura ekar ditzakeen gure mundura, baina, era berean, uste dut ezin diogula atea itxi. Berrikuntzei lekua eman behar diegu; bestela, gaur egun, ez genituzke Photoshop eta halakoak erabiliko. Tresna gisa edo gu, komikilariok erditik kentzeko aukera bezala erabiliko duten edo ez, horixe da kontua.