Ez du ondo pasatzen omenaldietan, elkarrizketetan eta gisakoetan, baina azkenerako ohitu da horietara ere Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailea (Azkoitia, 1932). Patxada ederrean hartzen ditu elkarrizketa eskatzen dioten kazetariak eta argazkilariak azkeneko hamalau bat urteetan bizileku duen Azkoitiko Kukuerri bailarako etxean. Landakanda dioen letrero txiki bat du etxeak atarian, nahiz eta ez izan hori Azkoitiko Altzibarko auzoko Landakanda baserria; ez da hori 40ko hamarkadaren amaieran eta 50ekoaren hasieran erromerietan panderoa jotzeagatik gurasoen gaitzespenak eta errietak jaso zituen gaztetxoaren jaiotetxea. Ezin, ordea, Landakanda beste izenik izan Ramon Zubizarreta pandero jotzailea bizi den etxeak.
Soinuari «infernuko hauspoa» deitzen zioten garaian zaletu zen Landakanda gaztea erromerietara, eta haietan panderoa jotzen hasi zenean gurasoak hasieratik izan zituen aurka. «Gaizki ikusita zegoen, parrandarekin lotzen zelako. Baina parrandan egon beharra dago, derrigorra da. Nik ere makina bat ordu txiki pasa ditut, baina… lanean! Bestela ez naiz ni parrandan ordu asko egitekoa».
Dantza heldua edo agarradoa debekatuta zegoen garaia ezagutu zuen. Ondo gogoan du panderoa jo zuen lehenengo saioetako bat. «Pedro Elorza osintxuar soinu jotzailearekin Azpeitira joan nintzen, Santo Tomas egunean. 18 edo 19 urte nituen. Gu sueltoa jotzen hasi eta denak agarradoa dantzatzen! Altoa eman ziguten udaltzainek, alkatearen aginduz. Jendeak zeukan orduan agarradorako gosea! Kristorena!».
«Akaso poza hartuko likek»
Ez du damurik. Ama zenak panderoa jotzen nola dabilen jakiterik balu nahigabe handia izango zukeela esan zion lagun bati hala erantzun zion behin Landakandak: «Akaso poza hartuko likek». Aldaketa handia izan baita: «Orduan dena mozkorra eta parranda ikusten baitzen soinu jotzearen inguruan, baina orain gauzak beste era batera ikusten dira». Ederki adierazi zuen Joxe Agirrek Lajak eta Landakandak lau haizeetara zabaldutako Trikitilarien alkartasuna kantuan: «Gure soinuaren hotsak / nori egingo dio kalte / Jaungoikuak berak ere / tristurarik ez du maite».
Orain trikitilariek kendu dute gainetik garai bateko ospe gaiztoa, eta haieninguruko liburuak ere idazten dira; eta ez bakarrik soinu jotzaileen inguruan. Landakanda, panderoaren erregea liburua argitaratu zuen iaz Trikitixa Elkarteak, Miel A. Elustondok idatzia. Liburuarekin konforme dago Landakanda; baina izenburuko errege izendapenarekin ez. «Nik beti iritzi izan diot soinujoleak lan handiagoa egiten duela panderistak baino. Panderistak ere, kantatzen badu, kantua ikasten-eta badu lana, baina soinujoleak egin behar du preparatu azkeneko modako piezak, haiek ikasi… Horregatik, panderoaren erregea ipini zidatenean, nik esan nion Elustondori ni ez naizela erregea, erregea Laja dela. Beti horrela jarduten dugu».
Iñaki Garmendia Laja izan du beti soinu jotzailerik gertukoena eta estimatuena Landakandak, beste askorekin batera ere joa den arren. Milaka plaza egin ditu Lajarekin Euskal Herriko bazterretan, baita Euskal Herritik kanpoko bakan batzuetan ere. Harekin jotzen jarraitzen du oraindik, baina lehen baino askoz gutxiago, nahiz eta osasuna lagun izan. «Aurten ez dakit zenbat saio egingo ditudan, baina dozena bat edo izango direla uste dut. Hurrengo urtean gutxiago, eta horrela pixkanaka-pixkanaka… Gauekorik ez dut egiten ja, eta kalejiran ibili ere ez aspalditik. 80 urte egin behar ditut nik urrian! Behin mutiko batek esan zidan: '¿Oye, abuelo, toca otra!'. Urte pila ederra pasa da, eta orduan hark niri abuelo esan bazidan, zer ez ote zidan esango orain!».
Liburua kaleratu orduko eman zion Landakandak ale bat Manuel Arruabarrena pandero jotzaile zenaren semeari. «Asko gustatu zitzaion. Eskerrak eman, eta ama ere gustura geratu zela esan zidan». Arruabarrena izan baita beti Landakandaren idoloa. «Niri esan didate behin baino gehiagotan: 'Zu gure idoloa zara'. Eta nik: 'Bueno,sinistu egin beharko dut, nik ere eduki nuen bat eta', esaten diet atzera, Arruabarrena gogoan».
Ramon Zubizarreta 'Landakanda'. Pandero jotzailea
«Nik ere makina bat ordu txiki pasa ditut, baina… lanean!»
XX. mendeko trikitiaren historian pandero jotzailerik estimatuenetako bat izan da, eta XXI. mendean badu oraindik estimazioa. Trikitia bekatuarekin lotzen zen garaian hasi zen jotzen; gero, omenaldiak jaso ditu, baita berari buruzko liburu bat ikusi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu