75. Musika Hamabostaldia. ­. Yannick Nezet-Seguin. Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoko zuzendaria

«Nigandik freskotasuna espero dute»

Kursaaleko akustikak «txunditu» zuen 2006an Yannick Nezet-Seguin, eta gustura ari da egunotan hango emanaldiak zuzentzen

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
«2011an aritu ginen azkenekoz Donostian, eta, nahiz eta buelta hiru urteren ostean egin, denborak ez duela aurrera egin dirudi; hiru urte hemendik kanpo egonagatik ere, publikoak harrera beroa egin zigun igandeko emanaldian». Hala adierazi du Yannick Nezet-Seguin (Montreal, 1975) Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoko zuzendariak. Donostian eskainitako lehen emanaldian, igandean, Mahlerren Seigarren sinfonia taularatzea, bestalde, «polita» izan dela azaldu du, «Donostian aritu ginen azken urte horretan artista beraren Hirugarren sinfonia taularatu baikenuen». Kursaaleko auditoriumean aritzea, gainera, «zoragarria» da orkestra honentzat. Okzitaniako Tolosako orkestrarekin aritu zen hemen lehenengoz Nezet-Seguin 2006an, eta hango akustikak «txundituta» utzi zuela azaldu du: «Instrumentu guztiak dastatzeko aukera ematen du areto honek». Hori dela eta, CD bat grabatu zuten igandean eskainitako emanaldiarekin.

Zuzendari gaztea izanagatik ere, urte asko daramatza lan honetan Nezet-Seguinek. «Egia da zuzendari gaztea izanik freskotasuna espero dutela nigandik. Hala ere, uste dut ardoa bezalakoak izan beharko luketela zuzendariek: hasieratik ona bada, ona izango da denborak aurrera egin ahala ere. Lan hau, gainera, berezia da; zuzendari lanetan jardun gaitezke gure bizitzako amaierara arte, eta badira horren hainbat adibide».

Donostiako Orfeoiarekin

Gaur, Donostiako Orfeoiarekin batera ariko da orkestra Kursaaleko auditoriumean 20:00etan hasita, Guiuseppe Verdiren Requiem lana interpretatuz. «Espektatiba handiak» ditu Nezet-Seguinek kontzertu horretarako:«Abesbatzetan hasi nuen ibilbide musikala, eta atsegin handikoa da niretzat koroak egotea zuzentzen ditudan kontzertuetan. Donostiako Orfeoia, gainera, abesbatza handia da, etaezaguna dut aurretik. Lan hau orfeoiarekin batera interpretatuz, emaitza ona ziurtatua dago». Verdiren lan hau, gainera, «kuttuna» du zuzendariak; izan ere, hau izan zen duela ia 20 urte landu zuen «lehenetarikoa». Haren «erreferente» den Carlo Maria Guilini zuzendaria ere, hainbatetan aritu da Verdiren lan hau zuzentzen. «Hala ere, ez naiz saiatuko hura imitatzen; jeinu bat da. Lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz; ziur aski, Guiliniren esentzia ere, bertan izango da». Abesbatza eta orkestrarekin batera, Mikhail Petrenko baxua, Camilla Nylund sopranoa, Karen Cargill mezzosopranoa eta Saimir Pirgu tenorea ariko dira. Brymal Hymel tenorea ordezkatuko du Pirgu, osasun arazoak direla-eta hura ezin izan baita Donostiara etorri.

Biharko emanaldia izango da Rotterdamgo orkestrak eskainiko duen azkena, eta Emanuel Ax pianistarekin batera Johannes Brahms eta Nikolai Rimski-Korsakoven lanak joko dituzte. «Eskainiko ditugun hiru kontzertuak ezberdinak dira, eta aukera ona da da musika estilo askotarikoetan nola aritzen garen erakusteko. Bestalde, hirian lau egun igaroz, erabat ohitu gara aretoaren akustikara, eta horrek sakontasuna ematen dio lanari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.