Min du Nick Cavek. Muineraino sartua duen mina, gertakari lazgarri batek haren egunerokoa irauli zuenetik. 15 urteko semearen bat-bateko heriotzak dolu betean sartu baitzuen abeslaria 2015eko uztailaren 14az geroztik. Tunel beltz eta ilun batean egon da ordutik rockaren eszenako izarra, mina, absentzia eta galera nola gainditu asmatu ezinik. Musika izan du irtenbide eta sendagai, eta horren adibide da The Bad Seeds bandarekin batera 2016an argitaratutako Skeleton Tree lana, besteak beste. Hiru urte pasatu dira ordutik, edonola ere, eta badirudi doluaren beste fase batean sartu dela orain kantaria. Minak haren barruan jarraitzen badu ere, galera onartu eta lasaitasun eta espiritualtasun aro batean sartu da musikari australiarra. Hala islatu du argitaratu berri duen Ghosteen diskoan.
1970eko hamarkadan hasi zuen Nick Cavek bere musika ibilbidea, baina 1983an eratutako Nick Cave & The Bad Seen taldeari esker lortu zuen nazioarteko sona. 1984an kaleratu zuten taldearen estrainako lana: From Her to Eternity. Ordutik, ibilbide luze eta oparoa izan du abeslariak, eta askok rockaren eszenako klasikotzat jotzen dituzten diskoak argitaratu dituzte: estudioko hamazazpi lan, orotara. Ghosteen da guztietan azkena. Diskoa entzungai dago sarean eta plataforma digitaletan; azaroaren 8an kaleratuko da formatu fisikoan, ordea.
Disko bikoitza da Ghosteen, eta AEBetako, Erresuma Batuko eta Alemaniako hainbat estudiotan egindako grabazioek osatzen dute. 11 abesti biltzen ditu: aurreneko diskoak zortzi kantu ditu, eta hiru bigarrenak; azkeneko biek hamabi minututik gorako iraupena dute, hala ere. «Lehen diskoko kantuak haurrak dira. Bigarren diskokoak, berriz, gurasoak. Ghosteen espiritu migratzailea da».
Ahotsetik abiatutako bidaia
Push the sky away (2013) diskoarekin hasi eta Skeleton Tree (2016) lanarekin jarraipena eman zion ibiliari itxiera eman nahi dio Cavek disko berriarekin. Pop kutsuko atmosfera eta paisaia musikatuez osatutako diskoa da Ghosteen: Warren Ellis taldekidearenpianoa eta sintetizadoreak dira kantu guztien oinarri. Perkusioak apenas du tokirik, eta gitarra elektronikoen moldaketa gutxi batzuk baino ez dira nabarmentzen tarteka. Kasu gehienetan, gutxienarekin egiten du aurrera diskoak.
Caveren ahotsa da protagonista nagusia ororen gainetik. Mezuek dute garrantzia diskoan. Abeslariak, aldi berean, malenkoniaz eta esperantzaz ahoskatzen dituen hitzak dira nabarmentzen direnak. Dena da mezua Caverentzat. Izan ere, semeari egindako erreferentziaz josita dago lana. Diskoaren izena bera da horren adibide: ingelesezko mamu eta nerabe hitzak elkartzen baititu izenak: Ghosteen.
«Dena ongi dago» esaldiarekin itxi zuen Skeleton Tree bilduma Cavek, eta The spinning song abestiaren «maite zaitut, eta bakea denborak ekarriko du» esaldiarekin abiatzen da disko berria. «Nire haurra hurrengo trenean itzuliko da, entzun dezaket haren txistua, entzun dezaket haren orro ahaltsua» dio Bright horses kantuan, eta «soilik zure zain nago» Waiting for you balada indartsuan. Night raidse abestian, berriz, uko egiten dio amore emateari, eta liturgiari men egiten dio Sun forest kantuan. Hollywood kantuak ixten du bilduma, zauriak irekita jarraitzen duela gogoraraziz: «Asko geratzen da oraindik bakea aurkitzeko».
Zauri diren abestiak
Bizitzaren etapa guztiez hitz egiten du Caveren disko berriak, egiaren bila egindako bidaiaz ari du, haren semearen heriotza alboratu gabe, noski. «Traumaz harago idazteko modua aurkitu dut, benetakoa dena, eta era guztietako gaiak jorratzen dituena, nire semearen heriotzari bizkarra eman gabe», aitortu du abeslariak berriki. Eta baita lortu ere. Diskoak irauten duen 70 minutuetan magiaz betetako atmosfera batean murgiltzen baitu entzulea, mina eta sendagaia enbor bereko ezpalak direla adierazi nahiko balu bezala.
Doluaren soinu banda da Ghosteen, hasieratik bukaerara, zauri diren abestiak erraietatik abestuak. Itoaldi eta lasaitasun uneak uztartzen dituen bilduma da. Eta, hain justu, uztarketa horrek desberdintzen du aurreko lanarekiko. Iraganeko iluntasunak atzean utzi, eta mitologiaren eta espiritualtasunaren dimentsio berri baterako bidaia bat proposatzen du Cavek, tunelaren amaieran argia ikusi izan balu bezala.
Ia lau hamarkadako ibilbidean, hirugarren azalberritze batean da Nick Cave. Rock gotikotik hasi, post punketik igaro eta pop-rockaren baladetara igaro da musikaria, eta gutxik lortu duten arrakasta eskuratuta egin ere. Egun oreka bilatu du leuntasunaren eta gordintasunaren artean, eta askorentzat jauzi nabarmena eman du kantariak disko berrian, goia inoiz baino hurbilago izateraino.
Nick Cave: nola atera mina muinetik
Semearen heriotzaren dolutik abiatutako 'Ghosteen' disko bikoitza kaleratu du musikari australiarrak. Sintetizadoreak eta pianoak lagunduta, espiritualtasunerako bidaia bat da. Erraietatik abestutako 11 kantuk osatzen dute lan berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu