'BIHOTZ MUSEO BAT'
Idazlea: Leire Vargas.
Argitaletxea: Elkar.
Poema liburu berria argitaratu du Leire Vargasek eta harekin batera itsas bidaia bat: portu onerako naufragio ez-dramatiko bat. Itsasaldietan barrena, hondarretan galduta zein etxe berri bateranzko bidean topatutako lagun, maitale, bihotz eta keinuekin museo bat osatu du. Poema bakoitzaren bidez egiten digu, orain, hitzez gordetakora bertaratzeko gonbidapena.
Idazleak ni poetiko argia aurkezten du, baina poemak ez dira indibidualtasunean ardazten. Hala ere, ez da ahots kolektibo bat, ez du gu bat osatzen, ezpada ni zuekin. Besteekin, besteen bidez, besteei esker eraikitzen da poemak gidatzen dituen ahotsa, eta hala, elkarrekikotasun bat adierazten du une oro, eta harekin ideia bat: bide berean gurutzatzen garen pertsonok elkar gurutzatzen dugula. Izan ere, ni poetikoa gorputzaren bidez espresatzen da, baita hark irudikatzen dituen zu/zuek horiek ere. Elkar ukitzen duten gorputzak dira, elkar entzuten, miazkatzen dutenak, elkarri distantziak ezartzen dizkieten gorputzak. Finean, elkarri eragiten dioten gorputzak.
Bide horretan, hausnarketa interesgarriak aurki daitezke gorputzaren materialtasunak ezartzen dituen mugen inguruan, hala nola Norbere mugak poeman. Afektuak, idealak, ametsak gorpuzteko sortzen diren ezintasunak ikusgarri egiten ditu Vargasek, eta horiek hizkuntzaren bidez zehazten saiatzen da. Hala ere, hizkuntzaren gabeziak jartzen dira agerian ahalegin horretan, Ekintza baino ez II edo Amapolak ahoan poemek erakusten dutenez, sarri hitzak ere ez baitira aski.
Maitatzeko beste era batzuen bila ari da idazlea —«jada ez dut maitasun absolutuan sinesten»—, norbere ardatzetik erauziko ez duten moldeen, bestearen askatasuna errespetatuko duten moduen bila. Zauriak estali gabe, maitasunaz ari da bere zentzurik zabalenean, sostengatzen duten ororen eskuetan aurkituz bilatzen ari den hori. Esker oneko begirada horretatik, baina, beste min bat dakar azalera: nola egin zeharkatzen duten gorputz horiek guztiak zaindu, eutsi eta gordetzeko: «maite dudan orok iraun dezan».
Honenbestez, idazketa argi eta, areago, argitsu baten bidez bere burua berrikusten ari den idazle bat igar daiteke poemotan. Atzera begira, baina baita alboetara so eginaz ere, «ari naiz» dio. Azken esaldian laburbiltzen duen gisa, «eskerrak ia guztia/ daukadan ikasteko oraindik».