Kontakizuna eta hitza. Bi kontzeptu horiek izan zituzten hizketagai astearte iluntzean Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta kazetariak eta Harkaitz Cano idazleak, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. Nola sortzen da kontakizuna? Nork kontatu ahal du? Nork ezin du? Zein kontakizun dira gaur egun guretzat berebizikoak? Hain justu, talaia horretatik aletu zituzten kontakizunaren eta hitzaren arteko loturak Agirrek eta Canok, Bilboko Zenbat Gara elkarteak eta Bira kulturguneak antolatutako Oraina kontakizun zikloko lehen solasaldian. Hurrengo asteetan izango du segida jardunaldiak; herenegungoa gaiari «zimendua» jartzeko lehen urratsa izan zen, Lutxo Egia idazleak eta Bira kulturguneko kideak esan zuenez. Goraino beteta zegoen aretoa, eta Galder Perez aritu zen moderatzaile lanetan.
Elkarren arteko solasaldiari ekin baino lehen, aurrez prestatutako gogoeta bat irakurri zuten bi hizlariek saioa abiatzeko. Bigarren aldiz kontatzeaz aritu zen Cano: «Errelatoaren funtsa errepikapena da. Norbere buruari errepikatzen zaion zerbait da errelatoa. Behin kontatuta erretzen den errelatoa ez da errelato ona. Entzun nahi duenari kontatzen zaion zerbait da errelatoa». Era berean, idazleak gaineratu zuen «nekea edo teologia» direla kontakizun bat amaitzeko arrazoi bakarrak: «Goizago edo beranduago heltzen da nekea edo heltzen da teologia, edo heltzen dira biak, eta minaren narrazioa bera anekdotagarri bihurtzen du».
Agirrek, berriz, sei ekitalditan eta bi kontakizunetan banatu zuen bere hausnarketa. Mundua izendatzea metaforak sortzea dela adierazi zuen: «Metaforekin izendatzen dugu mundua, eta, izendatze horretan, metafora horiekin geure burua definitzen dugu. Nor eta nolakoak garen esaten dugu». Ariketa gisa, pentsatzeko eskatu zion publikoari: «Pentsatzea ekintza gisa. Pentsatzea pentsa daitekeenaren harresietan arrakalak egiteko, pentsatzea zer eta zerekin pentsatzen dugun».
Komunitatea sortzea xede
«Gai gara gauzak beste modu batera irudikatzeko?». Galdera hori bota zuen Agirrek solasaldiarekin bete-betean sartzeko, eta jarraian etorri zen erantzuna ere: «Oso ariketa konplikatua da. Denok jaiotzen gara komunitate batera, kode batzuetara... lotuta; beraz, gai gara geure burua zein besteek gugan ikusten dutena arrakalatzeko? Bide indibidualetik komunitariora etortzeko?».
Kontakizuna «gu» batetik eraikitzearen inguruan aritu ziren jarraian. Cano: «Nire sentsazioa da beti izan dudala gu bat nire barnean. Hori zenbateraino da benetako gutasun baten isla? Bereizitako indibiduoak garela esatea superstizio bat da: elkarren artean lotuta gaude». Bide beretik jarraitu zuen Agirrek ere: «Komunikazioa ez da hitz bat esan eta besteak entzutea soilik, faktore askok eragiten dute. Ulertzeak edo komunikatzeak asko du desiotik: zer ulertu nahi dugu? Nahi duguna ulertzen dugu».
«Hizkuntza gara», laburbildu zuen Agirrek. «Hizkuntzaren bitartez ikusten dugu, ikasten dugu eta hitz egiten dugu. Hizkuntzatik aparte ez dago ezer. Hitzekin izendatzen dugu dena». Baina badago arazo bat, haren ustez: «Oso binarioak gara: zuri edo beltz, sentitu edo pentsatu... Hizkuntzak eztarri bat behar du, gorputza behar du. Oso binarioak garenez, kosta egiten zaigu batasun hori egitea, baina horrekin hautsi behar dugu: 'hizkuntza gara' eta 'gorputza gara', nire ustez, esaldi bera dira kasik».
Bi hizlariak komunitate bat sortzearen garrantziaz aritu ziren solasaldiaren amaieran. «Inoizko informazio trafiko handiena duen gizartean bizi gara, baina, aldi berean, elkarri istorioak kontatzeko leku bat izatea sumatzen dugu faltan; komunitate edo espazio baten beharra dugu», esan zuen Agirrek. Bide beretik jarraitu zuen Canok ere: «Sentsazioa da falta direla gure komunitatea osatuko duten hitzak, esamoldeak... Gure kulturatik datozen une gogoangarrien bilduma hori etengabe egon behar da zirkulazioan. Hori sumatzen dut nik faltan: nork kontatuko du gure mundua, gure efemerideak?». Eta hala borobildu zuen solasaldia Agirrek: «Mundu bat behar dugu euskaraz: gure artean hitz egiten jartzea, eztabaidatzea... Hori da ez daukaguna».
Datozen saioak
Herenegungo saioaren ondotik, beste hiru antolatu dituzte hurrengo asteetarako: Mari Luz Esteban eta Lur Albizu kontakizunaren eta militantziaren inguruan arituko dira otsailaren 28an, Bira kulturgunean; kontakizuna eta aisialdia izango dituzte hizpide Txabi Landabideak eta Katixa Agirrek martxoaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian; eta, zikloarekin amaitzeko, «datorren kontakizuna» izango dute gaitzat Jule Goikoetxeak eta Maialen Lujanbiok martxoaren 28an, Biran. Sarrera guztiak agortu dira jada.
'Ni'-tik 'gu'-ra igarotzearen garrantzia
Kontakizunaren kontzeptuaz gogoeta egiteko lau saio antolatu dituzte Bilboko Zenbat Gara elkarteak eta Bira kulturguneak. Asteartean izan zen lehena: Lorea Agirre eta Harkaitz Cano aritu ziren hizlari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu