Gauza handia da eta arraroa laurok izatea txizalarri aldi berean, Asier, Aitor, Peio eta laurok. Peiok izan du ideia, betiko moduan. Esan du: imajinatu ez dagoela komunik ikastola osoan, non egingo zenukete txiza? Bigarren solairuan gaude eta Asierrek esan du: «Eskailera-zulotik behera». Peiok barre egin du, erantzun hori nahi zuen.
Txiza eman ahalean egiten hasi gara laurok orduan, eskailera-zulotik behera. Beheko solairuraino heldu behar genuen, idazkaritzaraino, hori izan da konpetizioa, hori zen helburua. Erraza da lehenengo solairura txiza egitea, hurbil dago, eta, normala denez, han hil dira gure tanta gehienak, baina idazkaritza garbitu nahi genuen guk, zuzendaria etortzen denerako.
Lehenengoak izaten gara egunero eta ikastola gurea da goizetan, lehenengo minutuetan. Gure moduko beste ikasle mozoloren bat etortzen da lantzean behin, andereñoren bat inoiz, baina ez da normala. Nork aginduko zion andereño Piliri justu gaur agertzea, justu lehenengo solairutik bigarrenera bidean, justu txilibitua airean genuenean. Itzelezko errieta, jakina; negarrez hasi da Asier, Peiok ez du txilibitua gorde andereñok amaitu arte.
Horregatik eman dugu errekreo osoa gelan, patiora irten barik. Andereño Pilik orri bat eman eta esaldi hau idazteko esan digu, orria amaitu arte: «Ume saskela ugerrak jaten du». «Ume saskela» zer den badakigu, askotan esaten digulako amak, baina «ugerra» ze pizti modu den ezin izan dugu asmatu: otsoa, hartza, dragoia, txakur lodia... Ez dakigu.
Peiok oraindik ez daki letrak egiten, beti dabil gu baino atzerago eskolan. Andereño Pilik erratza eta trapua eman dizkio, eta gela garbitzen egon da. Ematen du garbi dauden lekuetara ez dela Ugerra esaten dion mamarroa sartzen.
Errekreo ostean Fisikako azterketa izan dugu. Indarrak, bektoreak, Newton, grabitatea, abiadura eta halako gauzekin ez daukagu arazorik, baina magnetismoa? Ze demonio da magnetismoa? Zer ikasten da hor, imanekin jolasten? Ze superbotere dauka iman batek? Bakarra eta baboa: metalak erakartzea. Guztiak? Ezta pentsatu ere... Bakanen bat. Tristea magnetismoa.
Nahiko ondo egin dugu azterketa guztiok. Peiok ez. Lau buruketetatik bakarrean lortu du gurearen antzeko emaitza. Antzekoa. Ez dakigu nola egin duen ere; izan ere, ez du ezer ulertzen, lehen segundoan galtzen da, berarentzat berdina da newtona eta neutroia, ez du grabitatearen kontzeptua harrapatzen eta lehengo batean galdera berezia egin zidan: «Nongoa da Bektorea?». Hasieran ez nion ondo ulertu, «Bektoreak indarren...» hasi nintzen azaltzen. Eten egin zidan: «Ez, ez, zein herrialdetakoa da Bektorea?». Halako batean ohartu nintzen zertaz ari zen: «bektorea» Be?ikta? futbol taldearekin nahasten ari zen. Arin amaitzeko, azalpen gehiegi ez emateko, Bektoretaldea turkiarra dela esan nion, baina jokalari armeniarrak onartzen dituela.
Inork ez du ulertzen zergatik dagoen Peio Zientzietako adarrean; zenbakiak hieroglifikoak dira bere buruan (eta bere espirituan). Egia esateko, inork ez daki zergatik dagoen oraindik institutuan... Ulertu zuen azken eragiketa matematikotik bost-sei urte joan dira, gabon-opor eta guzti. Baina hemen daukagu gure artean, eta betiko moduan maite dugu, eta komunean baino ez gara antzeko ikasleak.
Arratsaldean, bazkalostean, nahiko goiz gaur, entrenamendua daukagu. Aste bi barru amaitzen da liga-txapelketa eta azken txanpan ari gara, minutu bakoitza aprobetxatuz. Aitorrek eta biok daukagu lehiaketa amaiera gogorra, egia esateko, Peio bigarren taldera jaitsi zuten iaz. Ikustekoak dira bere abilezia eta koordinazioa... Haren amak ere ez du ulertzen zergatik ez duen errugbia lehenago utzi.
Nik ez dakit eutsiko diodan datorren denboraldian, itota nabil unibertsitatean. Orain ere partidurik gogorrenak zelaian eta azken azterketak ekainean. Hor dabil Aitor eta biok baino libreago Peio, mekanika ikasi, amaitu eta tailer batean hasi da. Arratsaldeak libre. Eta dirua poltsikoan. Liburuetan gastu gutxi.
Etxera sats eginda heldu naiz, arrastaka kirol-poltsa. Naroa korrika etorri zait, aita, aita, izterra heldu dit, bere altueran daukan bakarra, ezin naizelako gehiegi ere makurtu. Mirenek esan dit sukarrak jota ibili dela umea arrasti osoan, orain piztu dela apur bat, aitari ongi etorria egiteko.
Ipuin bat kontatu behar izan diot lotarako, nekeak astiro hitz egitera behartzen banau ere. Newton eta sagarraren ipuina kontatu diot. Itzel gustatzen zaio, nire ipuineko sagarrak zizarea daukalako barruan, zizare abiadurazalea. Zizareak berez, esaten diot Naroa txikiari, denak dira abiadurazaleak, baina ezin dute motorrik erosi, autorik, hegazkinetatik ere modu txarrean botatzen dituzte, bonba bat jartzera joan izan balira bezala. Zer egiten dute orduan? Sagarretan sartu, sagar helduetan. Mamia jateko? Bai zera! Sagarra zuhaitzetik behera jausten denean, grabitatearen indarrari esker, 9,8 m/s2-ko abiaduran bidaiatzeko. Hori egin zuen Newtonen zizareak. Sagarrak kolpea eman zionean zientzialariari buruan, haren ile artean geratu zen zizarea egunetan. Askozaz gutxiago dutxatzen ziren ingelesak orduan. Azken hori da hain zuzen, ez garbitzearena, Naroari gehien gustatzen zaion partea.
Umea loak hartu eta gero, afaldu eta berehala joan gara ohera Miren eta biok. Egun gogorra izango da biharkoa, bilobak artatu behar ditugu goizetik, Amets eta Hodei, biak. Ikastolan oporrak hartu dituzte, eta amak, Naroak, egun osoa egingo du bulegoan.
Goizeko lauretan esnatu naiz. Zerbait gertatzen ari zaidala sumatu dut, baina ez dakit zer, nobedadea. Txizalarri naiz baina ezin naiz mugitu komunera altxatzeko, batez ere ezkerreko aldea daukat geldi. Nahiz eta Mireni abisatzeko ahalegina egin, ez daukat ahots normalik eta ezin dut ezkerreko eskua mugitu. Txizaren umela sentitu dut orduan izterretik behera. Badakit idazkaritzaraino heldu naizela, ikusi ez arren.
Newton eta denbora
Algortan (Getxo, Bizkaia) jaio zen, 1973an. SPrako tranbia bere estreinako nobelari esker, narratiba arloko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2002an. Ondorengo urteetan beste bost nobela argitaratu ditu: Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005), Londres kartoizkoa da (2009), Iazko hezurrak (2014) eta Iturria (2019). Haur literaturan eta itzulpengintzan ere jardun du, eta ohiko kolaboratzaile eta ipuingilea da hainbat hedabidetan. Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, eta Labayru Ikastegian aritu izan da lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu