CHAOS MAGICk / NEW MASADA QUARTET
Lekua: Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 28a.
Chaos Magick egitasmo eroa da, galgarik gabea; doinu, bizipen, testura eta zapore katalogo amaigabea izan dugu oholtza gainean. Kementsuak izanik, izugarrizko ganoraz eraikitako ezustekoen kutxa bat balira bezala, barrenetik etengabe lehertzen diren musika jostailu dardaragarriak sortzen dituzte lau musikari paregabe hauek. New York hiriko erritmo salbaiari gehitu abangoardia, mozketa eta aldaketa izugarriak, frenetikoak, eta Chaos Magick izango dugu gure aurrean. John Medeskik Hammond organoarekin liluratu egin gaitu, eta Brian Marsellaren teklatuarekin lortu duen elkar ulertzea erabat txunditzekoa da. Matt Hollemberek, gitarrarekin, garai bateko Frank Zappa gogorarazi digu bizkortasunagatik, adierazkortasunagatik, eromenagatik. Eta Kenny Grohowskiren bateriak egitura zorabiagarriak eraiki ditu etengabe, bizkorrak eta arinak. Ordu erdi pasatxoko kontzertu interesgarri bezain sutsua izan da.
Ondoren, New Massada Quarteten txanda. John Zorn saxo altuarekin, baita zuzendari bideratzaile gisa ere. Hau ere kontzertu miresgarria izan da, aldaketa izugarriekin. Zornek hatzarekin edo besoarekin musikariei emandako aginduak istant minimo batean jaso dira, eta, jaso bezain pronto, erantzuteko prest jarri; segundo laurden batean, alegia. Erne ibili behar!
Abangoardiako joera, oraingo honetan, klezmer musika gaurkotu batekin nahasi zaigu. Sustrai judua du Zornen proposamenak, eta adarrak New Yorkeko kale kantoietan zabalduak. Zornek saxoari atera dakizkiokeen eta berez atera ezin dakizkiokeen doinuak sortzen ditu. Julian Lague gazte ikusi dugu; gitarrarekin maisua dela erakutsi zigun aurreko urtean Trinitate plazan eskaini zigun kontzertuan, eta gaur ere maisua dela erakutsi digu. Gitarra jotzaile bizia, doinu garbi eta digitazio birtuoso baten jabe, mila koloreko paleta eta gitarra jotzeko abaniko zabal bezain sortzailea duela erakutsi digu.
Kenny Wollesen gai da bateriarekin Tom Waits, Nora Jones eta John Liure laguntzeko, baina klezmer zale porrokatua dela ere antzeman zaio. Hori trebezia! Eta Jorge Roeder baxu jotzaileak estiloen mugarik ez duela azaldu digu; denean ondo moldatzen dela badakigu, Peruko orkestra nazionalean jo izan du, baita heavy metaleko talde batean ere, eta Errusian nahiz AEBetan ikasketak egin ondoren, juduen erritmo bitxietan bikain nabigatzen duela erakutsi digu.
Bada, amaitu da Donostiako 59. Jazzaldia, Trinitateko plazari dagokiona behintzat. Azken kontzertu hau bikoitza izan arren, ordu eta erdikoa baino ez da izan. Lastima, gehiago ere gozatuko genukeen. Baina beste urte bat itxaron beharko dugu, datorren Jazzaldira arte. Aurten ez dugu euriaren presentziarik izan; hori ere txalotzekoa (poztekoa bai behintzat).