New Orleanseko doinuek itxiko dute gaur iluntzean Getxoko blues jaialdia

Charmaine Neville abeslaria aitarekin ariko da Algortan, Charles Neville saxofoi jotzailearekin

Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gaur iluntzean amaituko da Getxoko 23. Nazioarteko Blues Jaialdia. New Orleanseko musika tradizioa aukeratu dute jaialdia ixteko. Izan ere, Charmaine Neville abeslaria eta haren aita Charles Neville saxofoi jotzailea ariko dira Algortako Biotz Alai plazan. Kontzertua 20:00etan hasiko da, aurreko egunetan baino ordubete lehenago.

Aitaren eskutik, The Neville Brothers taldeko saxofoi jotzailearen eskutik, eman zituen musikan lehen urratsak Charmaine Nevillek. Hiru disko kaleratu ditu orain arte, Reggie Houston saxofoi jotzaileak eta Amasa Miller pianistak lagunduta, besteak beste. 2004an kaleratu zuen Queen of the Mardi Gras azken lana, jai girokoa, New Orleanseko inauterietan oinarritutakoa. Tradizio hori bera aurkeztuko du Algortako emanaldian ere, New Orleans Mardi Gras ikuskizunarekin.

Oholtza gainean aita izango du aldamenean abeslariak. 11 urte baino ez zituela hasi zen Charles Neville saxofoia jotzen, eta handik lau urtera jada kontzertuak eskaintzen zebilen Gene Franklin & The Houserockers taldearekin. Art, Aaron eta Cyril anaiekin The Neville Brothers taldea sortu zuen 1977an, eta hasieratik hartu zuen bere musikaren ardatz Mardi Gras jaiaren tradizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.