Ibil Bedi taldeak Gure Perimetroa izendatu duen bira bat egin du berriki Euskal Herrian zehar. Andoaingo Gaztetxean hasi, Tolosako Bonberenean amaitu eta tartean Garazin, Abadiñon, Laudion eta Oibarren ere aritu dira, besteak beste.
Aterpe izan dituzten hamabi aretoetatik gehienak gaztetxeak izan dira, ezin bestela: ba al dago Leitzan kontzertu bat emateko beste modurik? Iruñerriko taldea ez da halakoak egiten ari den bakarra: Belako beste kontzertu mordoxka bat ematen ari da negu honetan, Portugaleteko Sastrakan, Azkoitiko Matadeixen, Itsasuko Goxoki Gaztetxean eta abar.
Zetakek egin zuen antzekorik, baita Bulegok eta Zea Maysek ere. Talde hauen sona kontuan izanda, aukeratutako gune autogestionatuak ditugunetatik handienetakoak dira: Orioko Etxeluze, Igorreko Kiñu edo Arrasateko Gaztetxea, adibidez. Badira, ordea, zirkuitu paraleloak: disko bakarra —edo bat ere ez— duten taldeei oholtza eskaintzen dizkieten areto txikiagoak; bestelako soinuen xerka aritzen diren espazioak; ikuspegi politiko esplizituagoa dutenak; osterantzean hiriak, herriak edo bailarak inola ere izango ez lituzkeen emanaldiak antolatzen dituztenak denak ere.
Pragmatismo kontu bat ala utopia elikatzen jarraitzeko nahia, nolanahi dela, kontua da egitasmo hauek Euskal Herria deitzen diogun horren perimetroa marraztu eta berau gorpuzten dutela. Duela zenbait hamarkadatako suaren lorratza baina puskaz gehiago dira aspalditik —eta eskerrak—, instituzionalizatutako praktika batzuen isla. Garai hotzetarako aterpe, nola udako eguzkiaren gose diren musika taldeentzat, hala normaltasunaren mugak zabaldu nahi dituztenentzat.
Gaztetxeez gain, kultur kooperatibek, zaleek edo musikariek kudeatutako aretoak, kafe antzokiak eta abarrak harilkatzen dituzte talde gehienek haien biretan, gure balizko areto zirkuitu nazional baten muina, hein handi batean, horixe baita. Ezin ziur jakin, baina esango nuke Ibil Bedikoak honen guztiaren kontziente izan zirela bira antolatzerakoan.