Neurriko aldarteak

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan eginarekin gusturen Etxahun Lekue irabazlea dago. Besteetan, bada gustura, harrituta, neurria hartuta ala triste denik.

Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue, Urdulizko saioan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Urduliz
2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Sano gustura». Halaxe sentitzen zen Etxahun Lekue herenegun, Urdulizko Iparralde kiroldegiko oholtzaren azpian. Oreka izan du ezaugarri behinena Lekuek, baina orekari distira erantsita lortu zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa irabaztea. Emaitzarengatik eta finalerako txartelarengatik ez ezik, «egindako saioarengatik» ere sentitzen zen hala Lekue. «Beti esaten dut gustatuko litzaidakeela nire bertsoari distira handiagoa ateratzea», zioen ertzak erakutsi berritan.

«Saio guztian ideia aldetik fresko sentitu naiz, eta lortu dut ideia horiek nahiko txukun borobiltzea», egin zuen saioaren analisia. Hamarreko txikian osatu zuen saioko ofiziorik onena, Beñat Ugartetxearekin. Elkarrizketa bizi eta umoretsuan jardun ziren. Zuriñe Iarrituk aurkeztutako gaiari jarraikiz, 40 urtean elkarrekin bizi izaniko bikotea ziren, eta, egunero bezala, eztabaidan hasiak ziren. «Nahita sortzen al duzu/ gu bion burruka?/ Pozik egongo zara/ barrua hustuta!/ Zertan da kumuneko/ argia piztuta?», bota zion Ugartetxeak. Bere azkenean honela justifikatu zituen eguneroko eztabaidak Lekuek: «Gure sua holantxe/ behar dogu mantendu;/ egunero eztabaida/ hauxe ez bagendu/ aspaldi banatuta/ egongo ginen gu». Txapela lortzear zenaren paperean egin zuen kartzelako bakarkakoa doinu berrian, eta azken ariketa horrekin borobildu zuen saioa.

Argi ez izanagatik, susmoa zuen distira erakusteko arrazoia egunean eta sasoian egon zitekeela: «Batzuetan ideiak etorri egiten zaizkizu, eta, beste batzuetan, berdin ahalegindu arren ez dira etortzen».

Finalean izango dela ziurtatuta, «sinatuko» luke finalean horrelako saio bat egitea. «Gaurko moduko saio bat egiten badut, besteek ongi egin beharko dute txapela lortzeko».

Ezustean, azken finalaurrekotik denak pasatu ezean, finalean izango da Onintza Enbeita. «Asko poztu» zen finalaurrekoa Lekuek irabazi zuelako. «Kilometro piloa egin dugu batera. Umetan ez ginen nabarmendu, eta gero nabarmendu ginen. Gure adineko pila batek utzi egin zuen, eta guk jarraitu egin dugu», azaldu zuen ibilbidea Enbeitak.

Saioaren ibilbidea aztertuta, ostera, «gustura» zegoen: «Hamarreko txikian agian ez dut asmatu, baina uste dut beste ariketak ondo egin ditudala». Hamarreko txikian, Erezumak diputatua zela kantatu zion, eta ihes egin zion diputatu izateari. Pertsonaiak narrastu zituzten horrela.

Aurretik, ostera, zortziko txikian, Gorka Ostolazarekin diputatu izaera baliatua zuen. Parrandatik bueltan kokatu zituen gaiak. Ostolazari alkoholemia kontrola egiten ari zitzaizkiela, Enbeitak ertzainari berak ere putz egin nahi zuela esango zion. Enbeitak plazaratu zuen bere diputatu izaera bertsoan: «Ni diputada naz ta / ikasi trukoa / karnetean daroat / salbokonduktoa».

Galletebeitia, 'Urduliz'

Xabat Galletebeitiaren saioa «oso ondo» balioztatu zuten Lekuek zein Enbeitak. Galletebeitia bera «harrituta» zegoen emaitzarekin: «Ez neukan gozatzen ari nintzen sentipenik saioan, baina emaitza ikusita ezin dut kontrakorik esan». Umorean eta freskotasunean egin zuen ekarpena, eta, saio orekatua egin ez arren, kosken bidez lortu zituen puntuak. Berak ere halatsu aitortu zuen: «Hasieratik etorri naiz ondo pasatzera eta nire arrastoa uztera. Tarteka lortu dudala uste dut».

«Zuek biok elkarrekin ligatu duzue. Apurka-apurka berotu, eta azkenean, Urdulizko portal baten sartu zarete. Xabat: zarataren bat entzuten den bakoitzean, Beñat gelditu egiten da», aurkeztu zien zortziko txikirako gaia Iarrituk. «Nabari da zuretzat/ lehen aldia dela/ eta igartzen zaizu/ Urduliz zaudela», kantatu zuen lehen bertsoan. Hitz joko bera baliatu zuen azken agurrean, finalerako aukera handia duela-eta: «Urduliz nentorren baina / akojonatuta noa».

Finalera doi-doi sartuta ala doi-doi sartzekotan geldituko da Ugartetxea beste behin. Serio hasi zuen saioa, eta saioak aurrera egin ahala erakutsi zuen bere umore berezia. Orduan lortu zuen gora egitea ere. «Gustura amaitu dut. Nire estiloa erakutsi dudala pentsatzen dut. Nire maila horixe da», azaldu zuen.

Bestelako aldartea zen Ostolaza eta Erezumarena. «Triste» zebilen Ostolaza. Saiotik «erabat kanpora» sentitu zen. Zazpigarren finalaurrekoan ere ez zen gai izan bere burua «kontrolatzeko». «Frustrazio» hori zuen. Tonu berekoak ziren Erezumaren berbak: «Ez dakit asko egiten, baina egiten dakidan apurra ez dut erakutsi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.