Netflix, Oscar sari nagusiari begira berriz

Jane Campionen 'The Power of the Dog' da film onenaren Oscar saria irabazteko hautagai nagusia. 'Dune'-k jaso ditzake sari gehien

Dolby antzokira itzuliko da berriz Oscar sariak banatzeko ekitaldia, Los Angelesera (AEB). JAVIER ROJAS / EFE.
aitor biain
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Film onenaren Oscar saria eskuratzeko beste aukera bat izango du Netflixek bihar. Alfonso Cuaronen Roma-rekin eta David Fincherren Mank-ekin lortu ez zuena, Jane Campionen The Power of the Dog westernarekin egin nahi du aurten. Hura da izendapen gehien dituen filma hamabi ditu guztira, eta kiniela guztietan faborito gisa agertzen dena. Baina, aurreko kasuetan gertatu bezala, faborito izate hutsa ez da ezeren berme. Eta aurten ere ez dirudi horrela izango denik; izan ere, azken hamar urteetako hautagaitza gehien izango dira sari nagusia eskuratzeko lehian: hamar film. Eta aukera guztiak daude zabalik gaur-gaurkoz.

Ohiko formatuan eta ohiko agertokian egingo dute Oscar sarien ekitaldia, bihar iluntzean (goizaldean Euskal Herrian). Pandemiak behartuta, Los Angelesko Union Station tren geltokian (AEB) banatu zituzten sariak iaz, tamainaz txikiagoa eta gonbidatu kopuruz nabarmen murritzagoa izan zen ekitaldian. Bihar, ordea, Dolby antzokian emango ditu Hollywoodeko Akademiak 94. Oscar sariak, ehunka gonbidaturen artean. Dena prest dute han.

Zinemaren urteko topaketa garrantzitsuetako bat plataformen arteko lehia bilaka daiteke, edonola ere; izan ere, The Power of the Dog filmarekin batera, CODA da gehien aipatzen den beste faboritoetako bat. Sundanceko zinemaldia irabazi zuen filmak, eta Applek erosi ditu haren banaketa eskubideak. Nabarmen ozendu da haren hautagaitza azken asteetan, eta bada bien arteko lehia izango dela dioenik ere. Edo, beste modu batera esanda, Netflixen eta Appleren artekoa.

Batak ala besteak mugarria ezarriko luke Oscar sarietan, baina aurrean izango dituzte Dune, Belfast, West Side Story, King Richard, Don't Look Up, Drive My Car, Nightmare Alley eta Licorice Pizza hautagaiak ere.

Zuzendari onenaren saria eskuratzeko hautagaiak dira Jane Campion eta Sian Heder ere, hau da, bi film faboritoen egileak. Eta mugarria ezarri dezakete alor horretan ere; bietako batek irabaziko balu, Oscar saria jasoko lukeen hirugarren emakumezko zinemagilea zatekeelako. Kathryn Bigelow eta iazko garaile Chloe Zhao dira aurreko biak.

Beste mugarria Drive My Car filmak ezarri dezake: Oscar sari nagusia lortu dezakeen Japoniako lehen filma izan daiteke. Ryusuke Hamaguchiren filma ingelesez besteko film onenaren saria eskuratzeko ere izendatuta dago gainera, eta, bi kategoriatan irabaziz gero, 2020an Bong Joon-hooren Gisaengchung / Parasite filmak lortutakoa berdindu dezake: bi sari nagusiak lortzea, alegia. Nazioarteko film onenaren sariari dagokionez, halere, Paolo Sorrentinok bere bigarren Oscarra jaso lezake E stata la mano di Dio lanagatik. La Grande Bellezza filmagatik jaso zuen lehena.

Halaber, beren lehen Oscar saria lor dezakete Jessica Chastainek (The Eyes of Tammy Faye), Will Smithek (King Richard), Ariana DeBosek (West Side Story) eta Troy Kotsurrek (CODA). Haiek dira aktore onenaren eta antzeztaldeko aktore onenaren sariak eskuratzeko hautagai nagusiak. Saria irabazteko lehian izango dira, ordea, Nicole Kidman, Kristen Stewart, Benedict Cumberbatch, Andrew Garfield, Judi Dench eta Kodi Smit-McPhee, besteak beste.

Kategoria teknikoetako sariei dagokionez, begi guztiak Dune filmean jarrita daude. Hain zuzen, Denis Villeneuveren zientzia fikziozko lanak lor ditzake sari kopuru gehien bihar. Disneyren Encanto animaziozko filmaren eta Summer of Soul dokumentalaren Oscarrak ere ia segurutzat jotzen dira.

Aldaketak emanaldian

Zeresan ugari eman dituzte Oscar sarien emanaldiek azken urteetan, eta aurten ere hautsak harrotu ditu zenbait sari galatik kanpo uzteko erabakiak. Emanaldia arintzeko eta laburrago egiteko asmoz, ABC telebista kateak horrek ditu galaren eskubideak erabaki du zortzi kategorietako garaikurrak sariak emateko ekitaldia hasi baino lehenago ematea. Kategoria hauei eragingo die: film laburrik onena, film labur dokumentalik onena, animaziozko film laburrik onena, muntaketa onena, makillaje eta ile apainketa onena, produkzio diseinurik onena, soinurik onena, eta soinu bandarik onena.

Horrek zera esan nahi du: Alberto Iglesias musikagile donostiarrak bere lehen garaikurra irabaziko balu une hori ez litzatekeela zuzeneko emanaldian ikusiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.