Artea

Nestor Basterretxearen inoizko atzera begirako erakusketarik osatuena aurkeztu du Bilboko Arte Eder museoak

Hasierako obra esperimentalak zein abangoardia geometrikoei jarraituz ondutako obra piktoriko, diseinuzko, arkitektoniko zein eskultorikoak bildu dituzte. 200 bat pieza, guztira.

Irune Berro Urrizelki.
2013ko otsailaren 25a
14:02
Entzun

Forma eta Unibertsoa titulupean, Nestor Basterretxeari (Bermeo, Bizkaia, 1924) inoiz eskainitako atzera begirako erakusketarik osatuena apailatu du Peio Agirre komisarioak, Bilboko Arte Eder museoan. 60 urtean baino gehiagoan sortutako 200 piezaren bitartez, Basterretxearen obraren ikuspegi historikoa, eta era berean, garaikidea nabarmentzen ahalegindu da komisarioa. Hala, eskulturari heldu artean pinturan eginiko lehen urratsak ikus daitezke erakusketan, bazter utzi gabe zineman, diseinu industrialean, altzarigintzan, arkitekturan, hirigintzan, argazkilaritzan eta kartelgintzan ondutako lanak.

Basterretxearen atzera begirako erakusketa inauguratzea "izugarri pozgarria" dela adierazi du Javier Biar Arte Eder museoko zuzendariak. "Nestor Basterretxearekin genuen zorra kitatu dugu", esan du.

Orobat, Basterretxearen obrari buruzko ikerketa zientifiko eta akademiko zabala egiteko baliatu dute erakusketa, orain artean ez baitzegoen artistaren lanean sakontzen zuen taxuzko argitalpenik. Arrazoitutako katalogo mardula plazaratu dute, horrenbestez.

XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal kulturaren berritzaile nagusitakotzat aintzat harturikoa, publizitateko marrazkilari moduan hasi zen lanean, pinturari bere kabuz heldu aurretik. 50eko hamarkadaren amaieran ekin zion eskultura lantzeari, lagun eta gogaide izan zuen Jorge Oteizarekin. Equipo 57 taldearen sortzaile eta kide izan zen, eta Bartzelonako Equipo Formarekin lankidetzan jardun zuen. 1966an, Gaur taldea sortu zuen, beste artista batzuekin batera. Garai hartan hasi zen, halaber, zinemagintza lantzen. Hamarkada horretan sortu zituen Operación H (1963), Pelotari (1964) eta Alquézar (1966) film laburrak zein Ama Lur (1968) film luzea. Lan horiek eta beste batzuk erakusteko xedez, zinema ziklo bat izango da museoan, martxoan eta apirilean. Sarrera doakoa izango. Forma eta Unibertsoa erakusketa maiatzaren 13a arte izango da Bilboko Arte Eder museoan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.