Durangoko 59. Azoka

Nestor Basterretxearen figura eta lana omendu dute Durangoko Azokan

Gerrak artistarengan eragindako zauri sakona hartu dute gogoan haren senideek, eta aipatu dute bere artearekin «identitate bat berreskuratzea» izan zuela obsesio.

Gerediaga elkarteak Nestor Basterretxeari egindako omenaldiaren irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gerediaga elkarteak Nestor Basterretxeari egindako omenaldiaren irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
Durango
2024ko abenduaren 7a
14:50
Entzun

Mendea eta segundoa gurutzatu nahi izan ditu Gerediaga elkarteak aurtengo Durangoko Azokan. Nestor Basterretxea jaio zenetik ehun urte betetzen dira aurten, eta, eguneko jendearen joan-etorri biziaren erdian, ordu erdiko tarte bat hartu nahi izan du azokak artistari esker on keinu bat egiteko larunbat goizeko lehen ekitaldian. «Azokaren historian dago Nestor», esan du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, «eta gure bihotzetan ere bai».

1936ko gerrak artistarengan izandako eragina hartu du gogoan, lehen-lehen hitzetik, Monika Basterretxea haren alabak ekitaldian. «Haurtzaroa zapuztu zion, eta ezaguna zuen hizkuntza suntsitu zuen. Leku berrietara goiz mugitu zen, baina haurtzaroko oihartzunetara itzuli nahi izan zuen beti, eta euskararen sonoritatearekin topo egin zuen hizkuntza hartan irakatsi zizkioten hitzetan eta kantetan. Askotan, bere lanak poetikoki izendatzeko erabiltzen zuen hizkuntza hori».

«Euskal kultura berreskuratzeko, sortzeko eta transmititzeko banakako zein taldeko bide zail hori erresistentzia bidea da gaur egun ere»

MONIKA BASTERRETXEANestor Basterretxearen senidea

Eta, hain zuzen, «identitate bat berreskuratzea» izan zen haren obsesioetako bat, alabak gogoratu duenez. «Euskal kultura berreskuratzeko, sortzeko eta transmititzeko banakako zein taldeko bide zail hori erresistentzia bidea da gaur egun ere». Eta, haren hitzetan, Durangon sinbolizatzen da erresistentzia hori. Horregatik, Durangoko Azokak egindako omenaldiaren bidez, artistaren lana euskal kulturaren eraikuntzaren zatitzat aitortzen dela uste dute senideek, eta horrek «poz handia» ematen diela onartu dute.

Artistak Durangaldearekin izan duen harremana ere nabarmendu dute ekitaldian Gerediaga elkarteko kideek. 2012an Durangoko 47. Azokarako egindako kartela da horren frogetako bat. Pixelak eta geometria uztartu zituen ordukoan. Eta obra hari buruzko artistaren azalpenak biltzen dituen bideoa ere proiektatu dute ekitaldian. Kartela «idazle berri guztien omenez» egin zuela esaten du bertan Basterretxeak. «Gauza originalak eta fundamentalak idazteko borroka ezin zailago horri eusten diotelako».

Baina ez da kartela bakarrik. Eskualdean ere haren hainbat eskultura publiko daudela ere izan dute gogoan. Otxandioko bonbardaketen biktimen omenez sortutako Heriotza zerutik etorri jakun eskultura ez ezik, harena da Durangoko Tabira auzoko Hirugarren hilarria artelana ere.

Erakundeetako ordezkariak

Gerediaga elkarteak urtero kaleratzen duen Astola historia eta ikerketa aldizkariaren azala ere eskaini diote Basterretxeari, eta hari buruzko erreportaje zabala landu dute barruan. Eta, hain zuzen, aldizkari horren azal bana eman diote oroigarri familiako kide bakoitzari. Eñaut Zubizarreta Trigger txelo jotzaileak lagunduta, Basterretxearen argazki bilduma bat ere proiektatu dute saioan.

Erakunde publikoetako hainbat ordezkari ere izan dira omenaldian. Besteak beste, bertan ziren Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea. Eta haiekin batera ikusleen artean zeuden Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendaria eta Guillermo del Olmo Eskuahaldunak eskultore elkarteko ordezkaria ere.

Omenaldiaz gain, artistaren diseinu eta ilustrazio lanak biltzen dituen erakusketa ere antolatu dute Durangoko Arte eta Historia museoan, eta otsailera arte egongo da zabalik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.