'Neruda'-k irekiko du Miarritzeko Latinoamerikako jaialdia

Gaur hasi eta urriaren 2ra arte iraunen du Latinoamerikako 25. kultur jaialdiak. Hamar film lehiatuko dira film luzeen atalean. Brasilek ohiz kanpoko ordezkaritza izanen du

Neruda Pablo Larrainen filmeko fotograma bat. MIARRITZEKO LATINOAMERIKAKO KULTUR FESTIBALA.
Bidatz Villanueva
Miarritze
2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Erresistentzia haizea eta erreboltaria sumatzen da aurtengo filmetan». Hala aipatu du Lucile de Calan Miarritzeko Latinoamerikako kultur jaialdiko hautaketa batzordeko kideak. Festibalaren 25. urtemuga da, eta gaurtik urriaren 2ra luzatuko da. Neruda Pablo Larrainen filmak irekiko du film luzeen lehiaketa, gaur, 20:00etan, Gare du Midin. Txileko gobernua kritikatu ostean, ihes egin beharko du Pablo Neruda olerkari eta senatari izandakoak, detektibe bat atzetik duela.

Orotara, hemezortzi epaile gonbidatu dituzte. Hamar film luze, beste hamar labur eta hamahiru dokumental lehiatuko dira. Munduko hainbat tokitatik etorritako epaileak dira. Zuzendariak, kazetariak, produktoreak eta kritikoak, besteak beste.

Brasilen presentzia handiagoa da aldi honetako ezaugarrietako bat. Aurreko urteetan ez zuen edukirik aurkeztu kasik jaialdira. Film luzeen artean, Marilia Rocharen A cidade onde envelheço eta Kleber Mendoça Filhoren Aquarius aurkeztuko ditu Brasilek. Bigarren hori polemika handi baten inguruan estreinatu zuten Brasilen. Izan ere, zentsuratu egin zuen gobernuak, eta ezin izan zuten estreinatu hemezortzi hilabetean. Clararen istorioa kontatzen du filmak, Brasilgo Aquarius deritzon eraikinean bizi den emakume batena. Etxe agentzia batek apartamentua erosi nahi dio, baina berak guztiz egiten dio uko proposamenari. Mendoçaren bigarren filma da, eta Cannesko Urrezko Palmarako lehiatu zen.

Brasilen zinemaren deszentralizazio prozesu bat gertatu da. Hiri handietatik atera, eta herrialdeko beste eskualde batzuetara hasi dira bidaiatzen zinemagileak. De Calanen arabera, herrialdeko «kaosa» dela-eta, «premia» dute zinemagileek istorioak kontatzeko.

De Calanek azaldu du publikoa «harritzea» dutela helburu, eta urtez urte zinemako lehen lerroan dauden filmak ekartzen saiatzen direla: «Urteko zinema produkzio onena hautatzen dugu». Aurten, esaterako, aipatutako Larrainen Neruda, Alejandro Jodorowsky Txileko zuzendariaren Poesía sin fin eta Daniel Burman argentinarraren El rey del once nabarmendu ditu, besteak beste.

Jodorowskyk Txileko 1940ko eta 1950eko hamarkadak azaleratu ditu filmean, Alejandrito Jodorowsky protagonistaren azalean. Haren familiaren nahien aurka, olerkaria izan nahi du, eta garai hartako buhame artistiko eta intelektualen artean murgilduko da. Latinoamerikako literatura modernoaren izen handiak ezagutuko ditu.

Burmanek zuzenduriko filmean Ariel da protagonista, eta New Yorken arrakasta lortu du bere kabuz. Haren aitak, ordea, juduen aldeko fundazio bat zabalduko du Buenos Airesen, eta itzultzeko eskatuko dio. Kontakizunean zehar azaleratuko da gazteen eta helduen arteko gatazka.

Lehiatuko den beste film luze bat da El amparo, Rober Calzadillarena. Venezuela eta Kolonbian ekoitzia da, eta filma Amparoko sarraskia deritzon gertakarian oinarritu da.

Argentinatik ekarri dute Emiliano Torresen El invierno ere, amaitu berri den Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu dena. Patagonian girotua dago. Evans erretiroa hartzera behartzen dute, gazteago den batekinordezkatzeko: Jara. Bere familiarekin negu hotzari egin behako dio aurre, eta bertan iraun bizirik. Argentinakoa den beste film bat ere, Pinamar, lehiatuko da, Federico Godfridena. Bi anaien istorioa dakar. Haien sorlekura itzuliko dira amaren errautsak botatzera. Heriotzari gailenduko zaio, ordea, bizitzeko gogoa, eta han elkarrekin iragandako udak oroitaraziko dituzte. Hori ere Donostian eman dute, Zuzendari Berrien atalean.

Latinoamerikako festibalean lehiatuko dira Panama eta Mexiko ere. Lehena Joaquin del Paso zuzendariaren Maquinaria Panamericana filmarekin dator, eta izen bereko leku batean lan egiten duten langile batzuen istorioa kontatzen du. X-Quinientos Juan Andres Arangok zuzendu duen filma da, Kolonbia, Mexiko eta Kanadan filmatua. Ameriketako hiru hiritan hiru nerabek bizi dutena kontatzen du filmak.

Dokumentalak ere lehiatuko dira jaialdian. Hautaketa batzordearen aburuz, «zinema dokumentala orainaldian idazten da, baina bi galderen artean jokatzen: zer bizi izan zuten? Zer biziko dute?». Hamahiru dokumental lehiatuko dira.

Diotenez, zaila da dokumental bat edo bestea lehenestea. Denetariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola 1960. eta 1980. urte arteko diktadura militarrak, 2014an Ayotzinapan (Mexiko) egin zuten sarraskia eta ikasleen desagerpena, eta Kubako iraultza.

Film laburren alorrean, beste hamar hautatu dituzte lehiaketarako, «iruditegi komun bat» islatzen dutenak, hautaketa batzordearen arabera. Naturak tokiko gizartean duen garrantziaz eta harremanaz hausnartzen dute film labur askok.

Lehiaketez harago

Musikaz, ikuskizunez, dantza tailerrez eta bestelakoz beteko da Miarritze egunotan. Esaterako, kontzertu bat emanen du Yuri Buenaventura musikariak asteazkenean 28an, Gare du Midin.

Topaketak ere antolatu dituzte. Sergio Ramirez, Nikaraguako politikari eta idazlea gonbidatu dute, mugimendu sandinistaren kide izandakoa.

Ramuntxo Matta artistak eginiko erakusketa bat ere izanen da, Se représenter le monde. Haren hildako senideek inspiratutako lanekin osaturiko erakusketa da, Roberto Mattak, John Batannek, eta Gordon Matta-Clarkek, alegia. Horrez gainera, proiekzio anitz izanen dira, nahiz eta lehian sartu ez, Latinoamerikan ekoitziak, eta, asko, sona handiko fikzio eta dokumentalak.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

festivaldebiarritz.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.