Durangoko 58. Azoka

Nerea Mujika: «Euskal kultura indartzeko lanari eutsiko diogu»

Aurtengo leloa gogoan, «fantasia» berba errepikatu dute Gerediaga elkarteko kideek eta ordezkari politikoek Durangoko 58. Azokaren irekiera ekitaldian. Aurretik «elkar topatzeko» eta «gozatzeko» bost egun daudela nabarmendu dute.

Durangoko Azoka. Inaugurazio ekitaldia
Eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia San Agustin aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
itziar ugarte irizar
Euskal Herria
2023ko abenduaren 6a
15:30
Entzun

Duela zehazki 20 urte egin zuen Durangoko Azokak Landako gunerako jauzia —aurrez, Andra Mariko elizpean eta Merkatu plazan egon ostean—, eta, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariaren esanetan, Landakon ere hazi eta hazi eginda azoka orduztik. «Nork esango zigun hori ere txiki geratuko zitzaigunik. Zaila da tragatzea, baina hala da», esan du, harriduraz, San Agustin kulturgunean egindako irekiera ekitaldian. Harekin eman diote hasiera ofiziala Durangoko 58. Azokari, eta datozenak «gozatzeko» egunak izango direla azpimarratu arren, Mujikak gogoan izan ditu euskararen aurkako azken epaiek sortu duten kezka. «Egun pozgarriak igaroko ditugu domekara bitartean. Edonola ere, ezin dugu ahaztu euskarak eta euskal kulturak denon bultzada behar dutela oraindik ere. Azkenaldian, gainera, kontrako norantzan doan oldarraldi bat bizi izan dugu, baina ez gaude atzera egiteko prest. Euskal kultura indartzeko lanari eutsiko diogu, eta norabide berean arraun egin gura dutenen elkarlana garatzeko gertu gaude Gerediaga elkartean».

Ikusi gehiago

Aurten, denera, 265 ekitaldi eskainiko ditu azokak, eta egitarauaren aberastasuna eta gaurkotasuna nabarmendu ditu Mujikak. «Azoka gaztea, freskoa, izango da aurtengoa eta ikaragarri pozten gaitu horrek». Tartean, eta iaz hasitako bidetik, bigarrenez egingo dute aurten Gazte eztanDA! egitasmoa, ostiralean, eta jaso duen «erantzun ona» aipatu du lehendakariak. «Gazte ugari izango ditugu lan berriak erakusten, zuzenekoetan parte hartzen, eta gazte piloa espero dugu bestaldean ere; egitarauko ekintza asko haintzat prestatu ditugu. Hemendik mezu bat bidali nahi diet: ‘Zuena ere bada Durangoko Azoka; gurekin nahi zaituztegu’».

Mujikaren aurretik, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak hartu dute hitza, eta kulturgileen lana eta kulturazaleen esperientzia inguratzen duen «fantasia» goretsi dute hirurek. Haiei zein azokaren babesle pribatuei esker ona agertu gura izan die Mujikak beste urte batez.

Mamia eta iraupena

Zupiriak kontatu duenez, «harriduraz» hartu zuen aurtengo leloa —Fantasia DA!—, eta hurbileko gazte batzuei galdetu zien zer den eurentzat fantasia. «Zerbait zoragarria, egundokoa, kristorena» erantzun zioten, eta hori bera opa dio orain azokari: «Fantasia bat izatea». Azoka, baina, zerbait «egiazkoa» dela ere nabarmendu du sailburuak, besteak beste, sortzaile eta zale ugarik egiten dutelako topo. «Sorkuntza eta kontsumoa dira bermatu eta sendotu behar ditugun zutabeak, euskaraz sortutako eta ekoitzitako kulturak bizimodu oparoa, itxura ona, mami atsegina eta iraupena bermatuta izan ditzan. Zutabe horiek indartzera zuzenduta daude Eusko Jaurlaritzaren eta beste herri erakundeen politikak», adierazi du.

Hitzalditik hitzaldira, Patricia Urrutia aktoreak esketx laburrak tartekatu ditu, azoka eta fantasia gurutzatuz hark ere, eta dantza eta margoa uztartu dituen Mada emanaldiak borobildu du ekitaldia, Amaia Lejarretaren eta Janire Etxaberen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.